wrapper

Urrian saiatuko dira Jannu (Nepal) igotzen eta Ekaitz Maiz, Mikel Zabalza, Iker Madoz eta Mikel Inorizak osatuko dute espedizioa. Egoitz Arruti kirol batzordeburuak Takolo bekaren “hasierako inspiritura” itzuli dela aurtengo proiektu irabazlearekin nabarmendu zuen.

Atzo argitu eta aurkeztu zuten aurtengo Joxe Takolo Beka jaso duen proiektua. Jannu (Nepal) mendian inoiz zapaldu gabeko gailurrera arteko bidea eskalatzen saiatuko dira Ekaitz Maiz, Mikel Zabalza, Iker Madoz eta Mikel Inoriza, aurtengo urrian. Proiektuaren xehetasunak azaltzen izan ziren espedizioa gauzatuko dutenetako bi, Zabalza eta Maiz. Ondoan izan zituzten Egoitz Arruti Kirol Batzordeburua, Koldo Sansinenea, Jabier Urbieta JoxeTakoloren anaia eta bekaren komisioko kideak.

Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiarren “izena, izana eta bere ibilia” ezagutarazteko helburuz ematen dute urtero Azpeitiko Udalak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak elkarlanean 3.000 euroko beka. Horretaz gain, Euskal Herriko mendi zaletasuna eta proiektuak bultzatzea ere badu helburu. Aurtengoan, bi proiektu aurkeztu dira, baina ez nolanahikoak: “Izugarrizko poza hartu genuen, zein bi proiektu ziren ikusi genuenean. Era berean, komisioa osatzen dugunontzako lan gogorra etorri zen, bi proiektuak oso kalitate, maila eta originaltasun handikoak direlako. Nolabait hasierako espiritura bueltatze bat izan da aurtengo beka”, azpimarratu duen Arrutik..

Sansineneak ere proiektuen maila eta kalitatea izan zituen hizpide: “Kontsolidatutako beka da hau, eta kategoria eta kalitate gero eta hobeagoko proiektuak aurkezten dira. Federaziotik maila hori gero eta hobea izan dadin, proiektuak sustatzen eta bekara aurkezteko lanean jarraituko dugu”.

Inoiz zapaldu gabeko tontorra helmuga

Zabalza oso eskertuta azaldu zen beka jasotzeaz: “Benetan eskertu nahi dut udalak eta federazioak mendizaletasuna bultzatzeko egiten duzuen esfortzua. Guretzat bultzada handia izan da, batez ere animikoki, aurrera egiteko. Laguntza gehiagoren bila jarraitu beharko dugu, baina aurrera jarraitzeko indarra eman digu bekak”. Zabalzak 2018an ere jaso zuen beka Alberto Fernandezekin batera Drangnag-ri proiektua gauzatzeko.

Alpinistikoki “oso proiektu anbiziotsua” dela nabarmendu nahi izan zuen: “Niretzat osagai guztiak ditu, originala da, altua da, zaila, ezezaguna… abenturarako izugarria da, eta gogo izugarria dugu”. Maizek proiektuaren nondik norakoen xehetasunak azaldu zituen baina aurrez Zabalza dela “proiektuaren bultzatzaile eta pentsalaria” adierazi duen eta aurrez ere “behin baino gehiagotan” entzun izan duela Jannuri buruz hitz egiten.

1981.urtean, euskal espedizio bat Jannuko tontor nagusira (7.710 metro) heldua da, baina oraingo honetan ekialdeko gailurrera (7.486 metro) heltzea lortu nahi dute. Horretarako, ekialdeko gailurraren ekialdeko aurpegia alpetar estilo garbian eskalatzea da helburua.

Proiektu handia dela nabarmendu zuen: “Argazkian txiki ikusten da, baina Jannuren horma horrek izua sortzen du. Faktore asko izan behar ditugu alde proiektua gauzatzeko”. Urriaren hasieran ekingo diote, garairik egokiena dalakoan: “Behe kanpalekura iristeko glaziar bat zeharkatu beharko dugu, eta ez da nolanahikoa. Nahiko lan emango digu oinarrizko kanpalekura iristeak nahiko lan emango digu eta baita bidean sartzeak ere”. Hilabete eta erdi ingururen bueltan etxera itzultzea aurreikusten dute.

Furlan eta Pockar esloveniarrek bi urtean bi saiakera egin dituzte, eta ez dute gailurrera heltzea lortu bide horretatik igotzea da asmoa: “Mendiaren goiko partean,uste dugu, hego-mendebaldera jotzen duen korridoreak gailurra lortzeko aukera gehio ematen dituela, ekialdeko aurpegitik goraino jarraituta baino. Hala ere, momentuan aurkitzen diren baldintzen arabera egin beharko dugu igoera”, zehaztu zuen.