wrapper

Apirileko ohiko plenoan 2021.urteko aurrekontuen itxiera datuak azaleratu zituen udalak; datu “positiboak eta onak” direla azpimarratu zuen Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak. Ondorioz, Azpeitia 2030 Plan Estrategikoan aurreikusitako herritarren beharrei erantzuteko proiektu gehiago abian jartzeko aukera emango duela ere azpimarratu zuen.

Atzoko ohiko plenoan 2021. urteko aurrekontuen likidazioen berri emanda itxi ziren iazko kontuak. Martxoaren 31ko Ogasun Batzordean aurkeztu zizkion Udal Gobernuak oposizioari eta, atzokoan, plenoan azaldu zituen Leire Goenaga Ogasun Batzordeburuak udalaren egoera ekonomiko onaren datuak.

2021. urtea osasun krisiak baldintzatua izan zela gogoratu zuen, eta, horregatik, likidazioa ere “nahiko ez-ohikoa” dela nabarmenduz hasi zuen hitzartzea. “Urtea aurreikuspen batzuekin hasi genuen, baina urtean zehar gertatutakoekin behar ezberdinak sortu ziren eta erabakiak hartu eta aldaketak eginez egin dugu aurrera”. Aurrekontua 2020aren %5eko jaitsierarekin egin behar izan zutela ere aipatu du.

2021eko udalaren behin betiko aurrekontua 27.701.501€koa izan zen; hau da, gerakinetik ia 6 milioi gehiago txertatu ziren.

Urteko kontuen itxierak udalaren egoera ekonomikoen inguruko datu eta adierazle asko erakusten ditu. Eta atzo adierazgarrienak azaldu zituzten. Alde batetik, aurreikusitako gastuen exekuzio maila %75ekoa izan da: “Covid-19ak eragin zuzena izan du aurreikusitako hainbat ekintza eta aktibitate edo festa egiterakoan. Inbertsio errealei dagokionez, aipatu nahi dut urtearen bukaeran exekuzioa ez bazen horren handia ere, aurreikusitako ia proiektu guztiak esleituta zeudela urtea bukatzerako”. Horien artean aipatu zituen dagoeneko egiten ari diren Skatepark-a, hainbat urbanizazio eta azpiegituretako obrak.

Sarreren inguruan eginiko aurreikuspena ere egokia izan zela nabarmendu zuen. Izan ere, %81a bete egin da; beraz, errekaudazio maila ere altua izan da, eta urte hasieran eginiko aurreikuspenak gainditu egin ziren. “Aurrekontuaren gauzatze maila handia izan zen 2021ean ere”, gaineratu zuen.

Sarreren eta gastuen arteko diferentzia ere positiboa izan da kontuen itxieran; 1.867.110€koa, hain zuzen. Beraz, datu horiek guztiek, udalaren egoera ekonomikoa ona dela baieztatzen dute, eta baliabide publikoak eraginkortasunez eta arduraz kudeatu direla, bai 2021.urtean bai aurrekoetan ere. Egoera horrek aurrera egiteko eta Azpeitia 2030 Plan Estrategikoan aurreikusitako proiektuak “berme handiz” gauzatzeko aukera eskainiko duela ere azaldu zuen Goenagak.

Kontuhartzaileak egindako txostenean jasotzen da Azpeitiko Udalak aurrekontu egonkontasun eta finantza iraunkortasunaren helburuak eta gastu arauak betetzen dituela. Ondorioz, ez du aparteko betekizunik.

Udalaren zor biziari dagokionean, %6,05ekoa da; bere mailako udalen batezbesteko udalen (%12koa da) erdia. Gaur egun, mailegu bakarra du udalak, 1,3 milioikoa eta 2027an kitatuko du.

Diru gerakinari dagokionez, gerakin osoa 18 milioikoa bada ere hainbat konpromiso hartuak ditu eta gastu orokorretako diruzaintza gerakina 13.144.919€koa da.

2022an egitea posible den proiektuak

Udalak herritarren beharrei erantzuteko hainbat proiektu estrategiko ditu eskuartean landuta, eta horiek aurten bertan egiten hastea ahalbidetuko du udalaren egoera ekonomikoak. Hala, atzoko plenoan hainbat proiektu abian jartzeko kreditu aldaketa ere onartu zen, eta aurrezkiko zati bat aurrekontuetan sartzerik izan ez ziren jardueretara bideratuko dira. Horretarako, guztira 3,6 milioi kreditu aldaketa egin zen.

Abian jarriko den proiekturik handi edo garrantzitsuena Juan Antxieta Musika Eskolaren leku aldaketa izango da. Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Perdillegin gizarte beharrei erantzungo dien azpiegitura berri bat eraikitzea adostua dute. Hori horrela, eremua pixkanaka husten eta han egoitza duten eragileak lakuz aldatzen joan behar dute. Udalak Juan Antxieta Musika Eskolarekin Soreasun izatea egoitza berria adostua dute. Horretarako 1.350.000€ bideratuko dira.

Elizkalean hiru etxe blokeren erosketa egiteko 350.000€ bideratuko ditu. Karmelo Etxegarai Ikastolako Perdilegi eraikineko soinketa gela ere aurten berrituko dute. Horretarako 210.000€ jarrita. Eta herritarren irisgarritasuna hobetuz egunerokoa errazteko helburuz hainbat urbanizazio berritu eta hobetuko dira: betseak beste, Madalenan, Matxinada kalean, Arana 17-19an eta Sanjuandegin.