wrapper

500.000 euroko inbertsioa egin zuen udalak 2021. urtean herriko sektore ezberdinak laguntzeko; lehen sektore eta zerbitzuetako 103 proiektu, 26 proiektu industriak, ekintzailetasuneko 13 proiektu eta 26 kontratazio lagundu dira zehazki.

2021eko Ekonomia Sustatzeko diru laguntzak banatu ditu Azpeitiko Udalak eta iazko deialdian aurkeztutako 168 eskaerek jaso dute laguntza. Herriko garapena eta ekonomia sustatu eta langabezia aurre egiteko 500.000 euro inbertitu dira lau lerro nagusietan; lehen sektorea eta zerbitzuak laguntzekoan, industria proiektu estrategiko edo berritzaileak sustatzekoan, ekintzailetasuna bultzatzekoan, ekintzailetza proiektuak garatzekoan eta azpeitiarren kontratazioak diruz laguntzekoan.

Covid-19ak eragindako alarma egoerari aurre egiteko eginbeharreko inbertsioetarako eta sortutako kalteak arintzeko laguntzak gehitu zitzaizkion ohiko lerroei, iazko deialdian. Eta, bereziki lagunduko dira industria munduan emakumeak kontratatzea eta industriaren berrikuntza.

Zerbitzu eta lehen sektorea sustatzeko lerroan 103 enpresa edo negozio lagundu dira eta 117.640,21€ bideratu dira horretara. Laguntzak kontzeptu desberdinetarako bideratu dira:TicketBAI sistema ezartzeko 25 laguntza eman dira, 28 laguntza inbertsioetarako, Covid 19aren prebentzio gastuei aurre egiteko 27, alokairu berria delako edo alokairuagatik hobaria 26rek jaso dute, 7 laguntza eman zaizkie jarduera berriagatik, lehen sektorea indartzeko 4 laguntza ere eman dira eta bertako kontsumoa sustatzeko bi laguntza eman dira, besteak beste.

Industria-proiektu estrategikoak eta berritzaileak, enplegua sortu edo mantentzen duten eta garapen jasangarria bultzatzen duten inbertsio proiektu eta genero berdintasuna sustatzeko lerroan 26 enpresa lagundu dira diruz eta 257.259,79€ inbertitu dira horretarako. 18 laguntza proiektu industrialak diruz laguntzeko izan dira, inbertsioetarako 7 laguntza bideratu dira, eta enpresa berri baten sorrera ere lagundu da diruz.

Gizarte-ekonomian eta izaera estrategikoa edo berritzailea duten jardueretan enplegua sortzeko ekintzailatasunerako lerroaren bidez, 13 proiektu lagundu dira diruz, eta 50.000€ jarri dira horretarako.

Azkenik, enplegua sustatzeko eta Azpeitiko langabeak eta batez ere, emakumeen eta 45 urtetik gorakoak kontratazeko lerroaren baitan 26 langile berriren kontratazioa lagundu dirq. Horretarako jarri ditu udalak 66.350€.

%7,5eko langabezia herrian
Azpeitiko langabezia tasak %7,5ean jarraitzen du; eskualdeko (%7,9), Gipuzkoako (%8.7) eta EAEko (%10,7) tasaren azpitik. Azpeitian, gaur egun 547 langabetu daude, 2020ko abenduan baino 89 gutxiago.. Beraz, urtebetean langabeziaren aldakuntza -%14koa izan da.
Hala ere, generoaren arabera, alde nabarmena dago langabezian ere. Gizonen artean %5,3koa da eta emakumeen artean, %9,8koa.