wrapper

Oharrak

Badiolegin (Lasao) dagoen Urola Erdiko araztegiak ibaira egiten diren ixurketen inguruko arautegi berrira egokitzeko obrak egitea adostu dute Lapatx Zabortegiak eta Gipuzkoako Urakek, eta dagoeneko abian dira. 1.358.463,93 euroko inbertsioa egingo da eta aurrekontuaren % 72a Lapatxek eta %28a Gipuzkoako Urakek ordainduko du. Gaur obrak ikusten izan dira -ezkerretik eskubira- Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakaria, Nagore Alkorta Azpetiko alkatea, Olatz Peon Gipuzkoako Ur kontsortzioko lehendakaria eta Iñigo Elosegi Gipuzkoako Urakeko gerentea. 

Tratamendu biologikoaren ahalmena hobetzeko eta ezarritako jarraibide berriak betetzeko, azpiegitura birmoldatuko da obren bidez. Likore mistoan oinarritutako sistemaren bidez, gaur egungo putzuak mantenduz egingo da obra zibila, eta putzu gehigarri bat ere egingo da Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako ura eta Lapatxeko zabortegiko lixibiatua tratatzeko.

Izan ere, aur egun Urola Erdiko urak arazteko Badiolegin dagoen azpiegituran, jatorrizko diseinuaren ezaugarrien ondorioz, ibaira egiten diren ixurketek ezingo lukete Europak ezarri berri dituen helburu berrietara egokitu. Europako zuzentarauetara egokitzeko helburuarekin, Uraren Euskal Agentziak ibilgura isurtzeko baimena berrikusteko eskatu du, muga berriak ezarriz; N-totalaren eta N-NO3ren mugak gehituz.

Gipuzkoako Urak eta Lapatx Zabortegiak adostutako hitzarmenaren bidez finantzatuko dira obrak. Horrela, instalazio berriak Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako urak eta Lapatxeko zabortegiko lixibiatua tratatuko ditu araztegi berrituak. Etorkizunean, Lapatx zabortegiko lixibiatua gutxitzen joango da eta instalazioek ahalmen handiagoa izango dute Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako urak arazteko.

Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakaria gustura agertu da: “Azpiegitura berritzea bailararentzat onunagarria dela uste dugu. Azpiegiturak egokitzeaz gain, ditugun beharrei erantzungo diegu. Lapatxen azpiegitura berri bat egin genezakeen lixibiatuak tratatzeko, baina hasieratik etorkizunean bailararentzat erabilgarri geldituko den irtenbide bat bilatu nahi izan dugu”.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak beste bi erakundeak eskertu nahi izan ditu Azpeitiko azpiegiturak berritzeko hartutako konpromisoagatik: “Gure herriarentzat eta bailararentzat azpiegitura hobeago bat izango dugu laster. Uren arazketan inbertitzea, ingurumenean, jasangarritasunean, eta batez ere, herritarren bizi kalitatea hobetzeko inbertitzea da, eta obra garrantzitsua da guztiontzat”.