wrapper

Oharrak

Azpeitiko Udalak behin-behinean 2022rako ordenantza fiskalen aldaketak onartu ditu gaurko plenoan, aho batez. Azken asteotan, udalaren egoera ekonomikoa eta urteko datu ekonomikoak aztertu, azken urteko bilakaera ikusi eta dagozkion aurreikuspenak egin ondoren, bi ogasun batzordetan landu du Udal Gobernuak bere proposamena; planoan aurkeztu eta onartu aurretik. 


Bi printzipioren baitan osatu du proposamena Udal Gobernuak: Zuhurtzia eta zerga aplikazio progresiboa. “Zuhurtziaz aritzen gara, zuzeneko zerga bilketaren bidez gastu publikoa finantzatu behar da. Udalaren betebeharrada herritarrei ahalik eta kalitate oneneko zerbitzua eskaintzea, hala bizi kalitatea hobetzeko”, adierazi du Leire Goenaga Ogasun Batzordeburuak. Tasa eta zergen bidezko bilketa, udalaren sarreren %37 ingurukoa dela azpimarratu zuen eta Gipuzkoako fondo foraletik jasotzen dena %54 ingurukoa. Bide horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak azken aldian publiko egindakoaren errekaudazio aurreikuspen onak egin dituela ere gaineratudu. 

Zerga aplikazio progresiboaren bidez, berriz, herritako familiek zein norbanakoen artean ematen den katga fiskala ahalik eta berdinena izatea da helburua. Hala errenta edo irabazi handiagoei oinarri edo tipo handiagoak aplikatzean datza. Zerga aplikazio progresiboarekin, karga fiskala gutxitzen zaie sarrera edo eros ahalmen gutxien duten herritarrei. Hori bermatzeko daude hainbat hobari, diru sarreren arabera aplikatzen direnak eta Gizarte Zerbitzuen bidez, eskaintzen diren Udal Laguntzak. 

Guzti horren ondorioz, 2022ko tasa eta zergak eguneratzeko %1,5ean igotzea onartu da plenoan. KPIaren igoera baino txikiagoa: "Urtea hasi denetik gora behera handiak izan ditu KPIak. Irailean %3-4 artean ibili da, baina guk batez bestekoa aplikatzea hobetsi dugu", zehaztu du Goenagak. 

Hainbat salbuespen
Orokorrean tasa, zerga eta prezio publikoak eguneratuko badira ere, zenbat bere horretan mantenduko dira. Gizarte Zerbitzuen bidez eskaintzen diren menpeko pertsonen etxez etxeko zerbitzuaren tasa eta adinekoen autonomia mantentzeko eskintzen den Goiz lagun eguneko unitatearen prezioak bere horretan mantenduko dira 2022an ere. Horretaz gain, pandemiaren eraginez, kirol zerbitzuetan aforoak ezarrita daudenez, kirol zerbitzuetako tasa eta zergak bere horretan mantenduko dira. 

Horretaz gain, ez ohiko egoeraren jakitun, ostalariei zuzenean eragiten dien terrazen tasa datorren urtean ere ez kobratzea onartu dute ordenantzetan.

Autoentzako aparkaleku publikoen erabilera bultzatu eta herritar zein auzotarrentzat erraztasunak izateko helburuarekin, Soreasu eta 1766ko Matxinada kaleko aparkaleku publikoetako erabilera baldintzak egokituko dira.

Hobariak bere horretan

Ondasun Higiezinen gaineko zergaren baitan, %50eko hobaria aplikatuko da eguzkitik datorren energia aprobetxatzeko sistema termikoak edo elektrikoak jartzen dituzten etxebizitza erabilerako eraikinetan.


Ibilgailu elektriko eta hibridoentzako hobaria du Udalak. Hala, trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergan; Ibilgailu elektrikoek %90eko hobaria izango dute, eta hibridoek %50ekoa. Horretaz gain, 30 urtetik gorako auto historikoek %100eko hobaria izango dute. Familia ugarien kasuan ere dirru sarreraren arabera, hobaria izan dezakete.

Ekonomia jardueren gaineko zergan, enplegua sustatu edo errazteko helburuarekin hainbat hobari daude gaur egun indarrean. Jarduera berri bat abian jartzen dutenen kasuan %50eko hobaria izango dute zerga honetan, kontratu mugagabeak sortzen duten jarduerek %30ekoa izango dute eta kooperatiba babestuek eta beste hainbat enpresa moldek %50ekoa izango dute.


Kirol instalazioetako tarifei dagokionez, familia ugariek, familia abonuetan diru sarreren arabera hobaria jasotzeko aukera izango dute, aurtengoan ere. Erretiratuek, pentsiodunek. Langabeek eta lanbide arteko oinarrizko soldata baino errenta baxuagoa duten herritarren hobariak ere bere horretan mantenduko dira.