wrapper

Oharrak

Ikasturte berriari ekiteko indarberrituta eta irudi-berrituta dator Emakumeen Txokoa. Garaietara egokitutako irudia eta eskaintza prestatu ditu datozen hilabeteetarako. Irailaren 20an irekiko da Jabetxe Eskolan zein bestelako tailer eta saioetan izena emateko epea. Jabetze eskolako lau ikastaro; parte hartze, sentsibilizazio eta integraziorako beste 4 ekintza, literatura feminista taldea, Empalabramiento emakumeen ahalduntze proiektua, Neska* gazteen txokoa eta ohiko zerbitzuak eskainiko dira, besteak beste. 

Ikasturteari indarrez ekiteko eskaintza oparoa prestatu du udalak Emakume Txokokoarekin elkarlenean. Emakumeen ahalduntzean sakondu eta eragiteko ikastaro, ekintza zein zerbitzuak izango dira aurtengoan ere oinarri. "Emakumeen ahalduntzerako, parte hartzerako, sentzibilizaziorako, emakumeon saretzerako zein integraziorako gune izan nahi du Emakume Txokoak. Horretarako, urtez urte eskaintza eskaera eta beharretara egokitzen dugu", adierazi du Idoia Arrizabalaga Parekidetasun zinegotziak.

 
Aurtengorako, eskaintza berritzeaz gain, irudia ere berritu dute: "10 urte dira Emakume Txokoa zabaldu zenetik, eta urteurrenaren harira, irudia berritu dugu. Irudia eraberritu eta aldatu dugu, baina hamarkada baten ostean, ildo berean, emakumeen ahalduntzean, jarraituko dugu lanean", gaineratu du. 


Azpeitiko Jabetze eskolaren baitan, 4 ikastaro eskainiko dira, abendua bitartean: Elikadura kontzientea; Feminismo antirrazista bat eraikitzeko gakoak; Elkarrekin bizitako korapiloak askatzen: makrame ikastaroa eta Koloretako jantziak. Ikastaro horien bidez, emakumeei beren burua eta bizitzaren jabe izateko tresnak eskaintzea da helburua. Azpeitiko Jabetze Eskola 2010etik da Gipuzkoako Jabetze Eskolen sareko kidea, eta prestakuntza eskaintza anitza eta parte hartzailea, emakumeen proposamenetatik eta parekidetasuna bultzatzeko lan ildoen lanketatik prestatzen dute. 


Parte hartzerako, sentsibilizaziorako eta integraziorako beste lau ekintza ere izango dira abendua bitartean. Hala, Feminismo ijitoa hitzaldia izango da urriaren 27an; azaroaren 1etik 30era, Emakume Anitzen eguneroko borrokak argazki erakusketa izango da Sanagustin kulturgunean; Moio: gordetzea ezinezkoa zen liburu aurkezpena izango da azaroaren 17an eta Osasun mentaleko errekuperazioari begirada feminista hitzaldia, azaroaren 24an.


Horretaz gain, literatura feministako taldea eta Empalabramiento emakumeen ahalduntzerako gaitasunak lantzeko proiektuak ere eskainiko dira irailetik aurrera. 

Neska* gazteen txokoa ere, martxan
Neska* gazteen txokoa, herriko DBH3tik 18 urtera bitarteko neska* orori zuzendutako espazio ahalduntzailea da. Bertan, horien behar konkretuei bideratutako ahalduntze ikastaroak eta dinamizazioa eskainiko dira. Ahalduntze kolektiborako tresnak eta baliabideak eraikiko dituzte, taldean, matxismoari aurre egiteko estrategiak eraikiz. Horretarako, hiru saio berezitu eskainiko dira. Sexuaz, sexuazioaz eta desiraz lemapean, urriaren 22an eskainiko da lehena; azaroaren 19an, Azaroak 25: Zer da indarkeria matxista? saio izango da eta eta, Hilerokoa deseraikitzen izango da abenduaren 17koa.  


Doako hainbat zerbitzu ere bai
Genero berdintasuna bermatzeko eta parekidetasunaren balioekin bat egiten duten hainbat zerbitzu eskaintzen ditu udalak parekidetasun arlotik. Horietako hainbat Emakume Txokoaren bidez eskaintzen dira eta zerbitzu konfidentzialak, profesionalak eta doakoak dira. Hala, Plax sexu aholkularitza zerbitzua, aholkularitza juridikoa, erreminten mailegua, liburutegi feminista eta gune informala abian dira, herritarren beharrei erantzuteko.


Izen ematea hilaren 20etik aurrera
Ikasturte berriko Jabetze Eskolako eskaintzan izena emateko epea irailaren 20tik urriaren 1era bitartean izango da zabalik. Beste ekintzetarako izen emateak zabalik jarraituko du taldea osatu edo ekintza burutu bitartean. Neska* gazteen txokoko ekintzetarako izen ematea saioa baino 5 egun lehenago itxiko da. 


Ekintzen inguruko informazio osatua datorren astean banatuko da herriko etxe guztietara. Hala ere, informazio gehiago behar duenak edo izena eman nahi duenak Emakume Txokora (Goiko kale 12, behea ) jo dezake astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bitartean. 943-15 70 55 eta 688 151 000 telefonora deitu edo Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo. helbidera ere idatz dezakete. 

Ikusi ikasturte berrirako eskaintza osoaren inguruko informazioa