wrapper

Oharrak

Elikagunea kudeatzen duen Artxara Kooperatiban izan dira Nagore Alkorta alkatea, Ainara Larrañaga Euskara Batzordeburua eta Nerea Arexolaleiba Elegune, enpresetan euskara planak egiteko udalak eskaintzen duen zerbitzuko teknikaria, euskararen alde egiten duten lana eskertu eta errekonozitzen.

Urrezko Bikain ziurtagiria atera zuen iaz Artxarak, eta duela egun gutxi jakin zuten, gainera, Euskalitek -Kudeaketa aurreratuaren erakundeak-, hizkuntza-kudeaketan praktika onak dituzten erakundeen zabalkundea egiteko abian jarriko duen proiektu berri baterako hautatu dutela. Artxara kooperatibako euskara-planaren baitan praktika onak daudela iritzi diote eta aukeratua izan da beste erakunde aurreratuenen artean praktika onak identifikatu eta webgune batean ikusgarri egon daitezen.

Nagore Alkorta alkateak euskararen alde egunerokoan egiten duen lana eskertu nahi izan diete: “Merkataritzan ere euskaraz funtzionatu daitekeela eguneroan erakusten duzue. Gure herrian euskaraz gara, eta zuek bezeroekin euskaraz egiteaz gain, Euskal Herriko beste ekoizle eta hornitzaileekin ere euskaraz egiteko lan egiten duzue. Zuen lana eta esfortzua eskertu nahi dizuegu”.

Artxara kooperatibako kideen hitzetan "orain arte kooperatibak euskararen normalizazioan egindako lanaren ebaluazioa jaso dugu: batetik, egindako lanaren errekonozimendua da, eta bestetik, ondo egindakoak eta hobetzeko ditugunak identifikatzeko balio izan digu".

Artxara Kooperatibak 7 langile ditu eta Azoka Plazako Elikagunea kudeatzen du; Bertan, bertako produktuak saltzen ditu. Enpresa txikia izanik, egindako esfortzua eskertu nahi izan die Ainara Larrañaga batzordeburuak: “Txalotzekoa, baloratzekoa eta eskertzekoa da egiten duzuen lana. Bikain ziurtagiria ateratzeko, nabarmena da langile guztiek erakutsitako inplikazioa. Izan ere, horrek erakusten du euskara lan-prozesu guztien erdigunean jarri duzuela, eta kudeaketarako zein lanerako hizkuntza bihurtu duzuela. Horrek erreferentzialtasuna ematen dio hizkuntzari, eta zuen zerbitzuarentzat balio erantsia da”.