wrapper

Oharrak

Udara begira, eraso matxisten aurkako sentsibizilizazio eta informazio kanpaina jarri du Azpeitiko Udalak, Emakume Txokoa eta Emakume Mahaiarekin elkarlanean. Hala, eskuorri bat osatu dute eta datozen egunotan herriko etxe guztietara banatuko da. Horretaz gain, erasoren bat gertatzen den unean jarraitu beharreko protokoloa gogorarazteko informazioa ere banatu dute herriko ostalaritza zerbitzuetan.

Uda sasoiari so eginda, Azpeitiko Udalak, Emakume Txokoak eta Emakume Mahaiak, elkarlanean, eraso matxisten inguruan sentsibalizazio egin, informazioa zabaldu eta erasoen aurrean abian jarri beharreko protokoloak gogorarazteko kanpaina jarri berri du abian.

Uztailean zehar, herriko ostalaritza zerbitzuetan beren establezimenduan edo inguruan erasoren bat gertatzen bada abian jarri beharreko protokoloa zein den gogorarazteko informazioa banatu dute. Horretaz gain, datozen egunotan, etxez etxe ere banatuko da eraso matxisten inguruan sentsibilizatzeko, erasorik gabeko gunea seguruak nola sortu daitezkeen azaltzen duen edo erasoren bat jasanez gero aintzat izan beharreko hainbat kontu biltzen dituen eskuorria.

Idoia Arrizabalaga Parekidetasun batzordeburuak harreman parekideak eraikitzeko eta izateko beharra azpimarratu nahi izan du kanpainaren aurkezpenean: “Azpeitia denontzat izateko ezinbestekoa da guztiok elkar errespetatu eta herriko aniztasuna errespetatzea. Azpeitia parekide eta askea eraiki nahi dugu; aniztasunetik aberatsa dena”. Horretaz gain, berretsi du Azpeitiko Udalarentzat lehentasunezkoa dela “diskriminazio eta erasorik gabeko” Azpeitiaren alde lan egitea.

Erasoen aurrean, uda sasoian ere adi egotea garrantzitsutzat jo du: “Uda ondo pasatzeko eta lasaitzeko unea izaten da guztiontzat. Baina, aldi berean, tamalez, eraso matxistak gertatzeko egoerak hazi egiten dira. Goza dezagun lasai udaz, baina elkartzaintzatik. Ondo pasatu dezagun beti ere aldamenekoa errespetatuz eta garena eta ondokoak diren bezalakoak onartuz”, bukatu du.