wrapper

Oharrak

Inoiz baino proiektu gehiago aurkeztu dira Azpeitiko Udalaren Sormen Beketara: 22 hain zuzen. Atzo eman zuten beka jasoko duten proiektuen aurkezpena. Guztira 6 sormen prozesu lagunduko dira diruz; bi sormen egonaldi eta beste 6 proiektu. Guztira, 20.000€ bideratuko dira kultur sorkuntzara, eta sortzaileek Dinamoa sormen gunea eta bere baliabideak izango dituzte eskura, beren nahi eta beharrei bide emateko.


Ainara Larrañaga Kultur Batzordeburuak beka jaso dutenak zoriondu eta eskertu nahi izan ditu: “Beka jaso dutenak zoriondu eta eskertu nahi ditut aurkeztu dituzten proiektuengatik. Beka jaso ez dutenei, bekak ateratzen jarraitzeko konpromisoa adierazten diet, aurrera begira ere sormena bultzatzen jarraituko dugu, eta lanean jarraitzera animatu nahi ditugu”. Aurtengoan, disziplina ugaritako proiektu oso desberdinak jaso dituztela ere azaldu du, eta aukeraketa egitea “lan zaila” izan dela gaineratu du. Aitor Bengoetxeak Dinamoa ezagutzeko gonbida egin diete beka jaso ez dutenei: “Berandu baino lehen etorri azpiegitura ezagutu, ideia konpartitu eta saltseatzen hastera animatu nahi ditut sortzaileak”. Sormen bekak Dinamoarentzat pizgarri eta osagarri direla ere berretsi dute.

Bi sormen egonaldi
Mikel Ruiz Pejenautek Haratago proiektua Azpeitiko kultura-sorkuntzako egonaldien modalitatean aurkeztu du eta Dinamoako serigrafía tailerrean lanean egoteko aukera emango dion proiektua da. Badaramatza hiru urte teknika honekin lanean, serigrafikoak diren irudiak ebazten. Lan ikonografikoari dagokionez zera dio: askotan “logomania” eta grafismorako joera erakusten dute; izan ere, nortasun bat sortzeko balio duten eta “marka” gisa sortu diren irudi horiekiko nolabaiteko adiskidetasuna erakusten dute. Era berean, erakarria sentitzen da “urbanoa” izan daitekeen iruditegi bisual edo estetikarekin eta horrek “kaleko” kulturarekin duen harremanean ere: graffitiak, “pintadak”, pegatinak, kartelak, monogramak, tribu urbanoak... Era berean, bere egin edo irakurketa berri bat ematen die zenbait iruditegi kolektiboko hainbat sinbolori.


Gari Aranbarriren Hatz bat luzatzea, desiratzea da proiektua izango da Dinamoan sormen egonaldia egingo duen bigarren proiektua. Abiapuntu literario eta idatzizkoa badu ere, argazki batzuk examinatzetik eman zion hasiera proeiktuari: “Hala ere, proiektuaren ardatza gorputzaren bidez nola erakusten dugun afektibitatea eta nola erakusten dugun afektibitate hori gestuen bidez”, adierazi du. Horren inguruan performance bat egitea du helburu, gorputza abiapuntu hartuta, azpeitiar sortzaileekin elkarlana ere bilatuko du.

6 sormen prozesu
Maialen Akizuk hizkuntzaren performatibitatea landuz ipuin-bilduma bat egitea da helburu. “Nola nabari zaio kultur sorkuntzako lan bati bere testuingurua? Eta galdera inbututik pasata, nola nabari zaio literatura lan bati, 2021ean idatzia izan dela? Lanari berari, orriari, hitzari, nabari al zaio? Kezkatzen nau euskararen funtzio eta baliogarritasunak, eta iruditzen zait pandemiak hizkuntzan izan duen eraginari apenas erreparatu diogula”, zehaztu du. Fikzioak, horretarako bide eman dezakela uste du: “Edukiaren aldetik bizitzen ari garen monotonia eta zaratan sortu diren imajinario eta istorioei heldu nahi nieke”, gaineratu du.


Maider Azurmendiren Artez Artilez proiektuak eskultura izango du oinarri. Bere lan egiteko moduarekin izango du lotura proeiktuak: “Nik material desberdinak elkarrekin landuz, landuz eta artikulatuz osotasun bat bilatzen dut. Material desberdinak erabiltzen ditut eta prozesuari garrantzia handia ematen diot”, adierazi du. Azken aldian, “kasualitatez” artile asko iritsi da bere eskuetara eta bere esanahiaz konturatu da: “Artzaiek tonaka botatzen duten materiala da, baina material oso ona da lantzeko. Baserritarrek hori botatzeagatik ordaindu egiten dute, eta beste gauza askotarako erabilgarria izan daitekeelakoan nago. Artearen bidez, bisibilizatzea nahiko nuke”. Prozesuari garrantzia ematen dio eta gertatzen dena bildu eta grafika bidez jasotzea du helburu.


Aitor Goenagak Zuhaitzak jarri dio izena bere proiektuari. Goenaga asko ibiltzen da mendian, erlojuari edo GPS-ari begira. Basoan galduta zebilen egun batean, ondoezak eman zion eta harri batean eserita, basoak sortzen ziona “benetan berezia” zela konturatu zen. Hortik abiatuta, kamara hartu eta argazkiak ateratzen hasi zen, baina argazki digitalarekin denborak ez ziola basoari neurria ematen nabaritu zuen. Horregatik, argazki kamara analogikoarekin argazkiak egiten hasia da: “Basoaren barruan denborak ez du gure gizartean bezala eragiten, dena askoz makalago doa. Basoak benetan bizia dutela eta bestelako bizi bat edo mundu dagoela ohartu nintzen”. Proeiktuaren zati bat hori izango da, baina badu beste asmo bat ere: “Azpeitia edo Azkoititik abiatuta baso horietara iritsi arteko bideetan, prozesua alderantziz egingo dut. Analogikoa izango da, baita ere, baina pelikula kadukatuekin. Horrekin, gure gizarte kapitalista honetan egurrari eman zaion bizi maila txarra azaldu nahiko nuke”.


Joseba Agirrezabalaga eta Alaitz Alberdiren Puzle proiektua duela zenbait urte hasitakoa da: “Xilografia batzuk egiten hasi ginen. Xilografiak egiteko torkulo batzuetatik basatu behar izaten da egurra eta torkuloak zuen tamainagatik ezin genituen irudi handiak egin. Beraz, irudiak zatitzen hasi ginen. Hori egin eta gero, irudi handiak egitea baino, zatitzea gehiago gustatu zitzaigula ohartu ginen, eta hori berrartu eta puzzle moduko irudi gehiago egin nahi ditugu, xilografia, pintura eta beste teknika batzuk nahastuko ditugu”. Aurkezteko ere, gauzak probatu nahi dute eta haratago joan nahi dute; puzzle soilak izan gabe, gauzak probatu nahi dituzte.
Sara Etxeberria eta Intza Larrañaga Arte Ederretako ikasleak dira eta “saltseatzen” ari dira oraindik, zer duten gustuko. Bide horretan, lau fanzine sortzeko asmoa dute Damuak proiektuan: “Emakumeen arteko elkarlana izatea nahi dugu eta azpeitiko sortzaile, artista, bertsolari, idazle… eta bestelakoekin lan egin nahi dugu”. Beraiek egindako ilustrazio eta edukia ere sartuko dute. Finean beraien gustuko gaien inguruko “popurri” bat egingo dute.


Zorione Mendez Martinek, etxearen inguruko ikerketa bat egingo du Habitat proiektuaren bidez. “Dudan jarri nahi ditut egoera eta sentipenak dudan jarri nahi ditut. Nitasunetik hasita, gorputza kanal gisa hartuta eta ikuspuntu feminista batetik egingo dut. Zerbait intimoa izatetik kritika sozial bat egitea lortu nahi dut. Ikuslea ere proiektuaren parte izango da”. Horretarako teknika desberdinak erabiliko ditu, batez ere marrazten ibiltzen naiz, eta nahasketa bat egin nahi du. “Gure pribilegiotatik abiatuta instalazio bat sortu nahi dut. Ongi edo eroso bizi garen pertsonetatik abiatuta, eta kontrajarri, beste egoera batean bizi direnekin”.