wrapper

Oharrak

Zilarrezko Bikain ziurtagiria jasoko dutela jakin berritan, Azpeitiko Udalak Biele ingenieritza enpresa eskertu eta zoriondu nahi izan du euskararen normalizazioa lan munduan ere bultzatzeko egiten duten lanagatik. Lan munduan eta industrian ere euskaraz egiteko hartutako konpromisoa eskertzen izan dira Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Ainara Larrañaga Euskara batzordeburua eta Nerea Arexolaleiba Eleguneko teknikaria enpresan. Txomin Andonegi gerentearekin, Maider Aizpuru kalitateko arduradun eta Euskara Mahaiko arduradunarekin eta Neritz Karrera eta Xabi Arozena euskara mahaiko kideekin elkartu dira udal arduradunak. Bikain ziurtagiriaz eta euskarak lan munduan duen presentziaz aritzeaz gain, enpresa bisitatzeko aukera ere izan dute udal ordezkariek.

"Enpresek ere euskaraz egin dezaketela frogatzen duzue zuek egunerokoan. Horrek inplikazioa eskatzen du. Industrian ere euskara lan tresna dela ikusten da zuen enpresan, eta Azpeitiko zein Euskal Herriko enpresa askorentzat eredu zarete” azaldu du Alkortak. Biele enpresak 235 langile ditu, eta ingeneritza enpresa bat dira. Azpeitiko Udalak eskaintzen duen Elegune zerbitzuaren laguntzaren bidez lortu berri dute zilarrezko bikain ziurtagiria.


Andonegik udala eskertzeaz gain ziurtagiria jasotzea “garrantzitsua” dela azpimarratu nahi izan du: “Euskara naturaltasunez erabiltzen dugu lanean, baina ziurtagiria lortzea jende askoren lanari errekonozimendua egitea da”. Aizpuruk, berriz, Elegune zerbitzua jarri nahi izan du balorean: “Elegune bezalako zerbitzu publiko bat izatea eredugarria da. Oso laguntza baliagarria eta ona da eta Bielerentzat ezinbestekoa izan da ziurtagiria ateratzerako”. Bide horretan, Arexolaleiba teknikaria ere eskertu nahi izan du eskainitako laguntzagatik.


Larrañagak enpresako arduradun eta langileen inplikazioa jarri du balioan: "Txalotzekoa eta baloratzekoa da egin duzuen ahalegina, ausardiaz hartu dituzue erabakiak eta aldaketetarako prestutasuna erakutsi duzue. Bikain ziurtagiria ateratzeko, nabarmena da zuzendaritzak zein langileek inplikazio handia izan duzuela. Izan ere, horrek erakusten du euskara lan-prozesu guztien erdigunean jarri duzuela, eta kudeaketarako zein lanerako hizkuntza bihurtu duzuela. Horrek erreferentzialtasuna ematen dio hizkuntzari, eta zuen zerbitzuarentzat balio erantsia da".

Azpeitiko Udalak, Azpeitiko enpresei hizkuntza-gestiorik egokiena lortzen laguntzeko Elegune programa du abian, Euskara Patronatuaren bidez. Zerbitzu profesionala eta integrala eskaintzen du, eta enpresetan euskarari dagokion tokia eta funtzionaltasuna aurkitzeko, laguntza eta baliabideak esku-eskura jartzea da bere eginkizuna. Hau da, enpresetan euskara-planak garatzen ditu.

 

Bisita irudietan

 

 DSC1606

IMG 5212

 

bisita 2

Bisita

 DSC1613