wrapper

Oharrak

Azpeitian santio eta saninazio festarik ez da izango. Bigarren urtez jarraian, Covid 19ak eragindako pandemiaren bilakaeraren ondorioz ez ohiko uda izango da. Txertaketa kanpainarekin aurrera egin eta prebentzio neurriak arindu badira ere, oraindik normaltasunerako abagune gutxi eskaintzen du egoerak. Bizi dugun egoeraz kezkatuta eta festak gero eta gertuago daudela ikusita, azken astean, hainbat bilera egin ditu Azpeitiko Udalak festetan parte hartzen duten eragileekin. Aurretik ere, eragile ezberdinekin festen inguruko iritziak elkartrukatzeko aukera izan du Mikel Odriozola Festa Batzordeburuak. Herri gisa nola jokatu erabakitzeko egin dira bilerak talde ezberdinekin eta alde zaharreko tabernariekin.

Bide horretan, festarik ez antolatzea, eta festa egunetako egitarauan antolatu ohi diren ekintzak dataz aldatzea eman da ontzat. Hala, hainbat ekitaldi bertan behera utziko dira eta beren ekitaldia antolatzea erabaki duten talde eta elkarteek uztailean zehar, abuztuan edo udazkenera atzeratuko dituzte. Dagoeneko, gainera, hainbat data jarriak dituzte.

Festak bertan behera utzi arren, data horietan egon daitezkeen jende pilaketak, eta ondorioz, gerta daitezkeen kutsaketak ekidin asmoz lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute. Horrela, herritarren osasuna lehenetsiko da aurtengoan ere. Eta prebentzio neurriak bete daitezen elkalanean ariko dira Udala eta herriko hainbat eragile.

“Arduraz jokatzeko momentua da”, azpimarratu du Odriozolak: “Badakigu santio eta saninazioak, beste festa guztiak bezala oso preziatuak direla herritarren artean. Baina aurten ez dago baldintzarik festarako. Arduraz jokatzeko momentua da, herritar guztion osasuna babesteko”, gaineratu du.