wrapper

Oharrak

Prentsaurrean azaldu dira gaur Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Josu Labaka Hirigintza zinegotzia eta Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotzia, Corrugados Azpeitiaren inguruko xehetasunak azaltzeko.

 

Argi utzi nahi izan dute hasiera-hasieratik, sustapen ekonomikoa Azpeitiko Udalaren lehentasun nagusia dela. Horren isla da, udal gehienek ez dituzten, sektore ekonomiko ezberdinei laguntzeko abian dituen Sustapen ekonomikorako laguntza lerro propioa. Udalarentzat estrategikoa da tokiko ekonomia sustatzea, industriaren aktibazioa eta herriko eragile sozioekonomikoekin elkarlanean lanpostuak sortzeko ahalegina.

Bide horretan, Alkortak argi utzi nahi izan du Azpeitian siderurgia “martxan jartzeko saiakera” egin dutela. “Saiatu gara Azpeitian siderurgia martxan jartzeko lan egiten, baina ez digute utzi. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Cristian Lay enpresak uko egin diote Trukutxon lantegia martxan jartzeko aukera aztertzeari”, adierazi du.

Inplikatutako eragile guztiek bilera egin gabe zutela gaia komunikabideetara eramatea ere salatu nahi izan du: “Corrugadosen auzia hedabideetara eramatearen helburua ez da izan lantegia martxan jartzea”.

Proiekturik ez dagoela berretsi du

Enpresak proiekturik ez duela berretsi du eta ingurumen baldintza eta baldintza juridikoak betetzen ez diren eremu batean lantegia martxan jartzeko aukera lau haizetara zabaldu izana salatu du: “Eta, orain, inolako proiektu ekonomikorik gabe sortutako ehundaka lanpostu fiktizioren aukera galduaz hitz egiten digute. Eta hori gutxi balitz, beraiek sortutako expektatiba faltsuen ardura Azpeitiko Udalaren gain jarri nahi dute”, gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Corrugados Azpeitia ez zela irekiko aspalditik zekitela berretsi du: “Jakin badakiten bezala, pribatuan onartu bezala, benetan ez daukatela Corrugados irekitzeko idatzizko ezer; ez proiektu ekonomikorik, ez negozio planik, ez azterketa teknikorik, ez eta ingurumen inpaktuko azterketarik. Bestela, aurkez dezala lanpostu guzti horien sorrera sostengatzen duen benetako proiektu ekonomikoa eta ingurumen baldintzen betekizunena.

Alderdi interesen gainetik “azpeitiar guztien interesak” defentatzen ari dela ere zehaztu du: “Zurrunbilo mediatikoaren erdian kokatu gaituztenetik beti egia esan dugu”. Eta, denbora guzti honetan Corrugadosen inguruan abian izan den prozedura ofizial bakarra desmantelamenduari lotutakoa izan dela nabarmendu du. “Hori, Eusko Jaurlaritzak ere badaki. Badaki, besteak beste, espediente horretan ingurumen baimenak zeintzuk izan behar duten informatu zuelako 2020ko azaroan. Eta, orain, Metales Vela SL, enpresako makinen jabeak igorritako akta eskuetan, konfirmatu dezakegu, Amue eta Marcial Ucin eremuetako makinaria desmuntatzeko lanak hasi direla”, zehaztu du.

Azpeitia, fase berri batean

Corrugados enpresaren desmuntaiarekin Azpeitia fase berri batean sartuko da. Hala, ia 10 urtez ezerezean izan diren lurrak “berreskuratzeko prozesuari” ekingo diola eta “ilusioz” etorkizunari begiratzeko unea dela azpimarratu du. Izan ere, herri erdigunean Azpeitia garatzeko garrantzitsua izango den eremua berreskuratuko da; Marcial Ucin eremuko industriaren birgaitzea sustatu beharko da; ingurumen baimenak beteaz, Arauntza mendiko Corrugadosen zabortegia behin betiko zigilatzeko prozesua abiatuko da: “Eta bitartean, Azpeitiak Txukutxon siderurgia aktibatzeko gordea duen aukera lantzen jarratuko dugu. Azpeitiak ez baitio inoiz industriari bizkarrik eman. Eskualdean, Gipuzkoan eta Azpeitian siderurgia martxan jartzeko eremu bat dago hor”.

Bukatzeko, errespetua ere eskatu du berriro. Azpeitia herri aktiboa, ekintzailea eta langilea dela azpimarratu du, eta kontrakoa irudikatzen saiatu badira ere, “etorkizunari baikortasunez eta erantzukizunez begiratzen” dion herria da. “Egunez egun, denon artean tokiko ekonomia sustatu eta bertako industriari bultzada berri bat emateko ahaleginean ari gara”. Horregatik, Azpeitiko herriarekiko “begirunea” eta Azpeitiko Udalarekiko errespetu instituzionala eskatu ditu: “Azpeitiarrok ez dugu merezi gure herriari egiten ari zaizkion kalte guzti hau”.


Warning: count(): Parameter must be an array or an object that implements Countable in /home2/azpeitia/public_html/templates/sj_financial/html/com_k2/templates/sj-template/item.php on line 311