wrapper

Oharrak

Gaur eguerdian Ekindar Azpeitiko lehenenergia kooperatiba aitzindaria aurkeztu dute Azpeitian. Eredu publiko komunitario bidez, plaka fotovoltaikoak jarriko dira herriko 400 familia ingururen energia beharrei erantzuteko. Aurkezpenean izan dira Azpeitiko alkate Nagore Alkorta, Energiaren Euskal Erakundearen zuzendari nagusi Iñigo Ansola eta Kreaneko Hodei Arzak. Proiektuaren eragile sustatzaileen ordezkariak ere bertan izan dira; halanola, Bertan Merkatari elkarteko, Artxara kooperatibako, Kulturaz kooperatibako, Usurbilgo Lanbide Eskolako, Urola BHI Ikastolako, Karmelo Etxegarai ikastolako, Ikasberri Azpeitiko ikastolako eta Iraurgi ikastetxeko ordezkariek ere hartu dute parte.

Otsailean aurkeztu zen herriz herri autokontsumorako energia sortzeko Ekiola egitasmoa. Orduan, aurreratu bezala, Azpeitia izan da kooperatiba sortzen lehen herria. Energia sortzeko helburu orokorretatik harago energiaren arloan Km0 proiektua abian jarri nahi da energia berriztagarriak sortzeko, Azpeitiko lurretan bertan izateko energia instalazioa eta bazkide bakoitzak bere behar energetikoei erantzuteko.

Energiaren inguruko proiektu berriak sustatu ditzakeen tresna kooperatiboa sortu da. Honek, herrian egon daitezkeen aukera berriak aztertuko ditu eta bideragarritasuna baloratu ondoren bazkideei proposatuko die. Kooperatiba, herritarren esku, bazkideen esku egongo da. Eta herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea ere bultzatuko du jardunaldiak edo dinamika desberdinak antolatuz eta gauzatuz.

Ekindar zerbitzu kooperatiba moduan eratu da, eta hasieran, bere egiteko nagusia proiektua teknikoa prestatzea izango da; baimen administratiboak, jarduera baimenak, exekuzio proiektua etab... Horren ostean, kontsumo kooperatiba bilakatuko da, eta azpeitiarrei kooperatibaren parte eta jabe eta aukera irekiko zaie.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen hitzetan, Azpeitiak KM0 energia sortu eta kontsumitzeko pausoa emango du, elkarlanean: “Uste dugu, energiaren alorrean ibilbide berri bat markatzeko gai izango garela. Anibizio handiko egitasmoa da zalantzarik gabe eta herritarren partehartzea izango da proiektuaren arrakastarako oinarria. Honela, energiaren alorrean ditugun beharrei ekinbide propioz erantzuteko pausoa emango dugu. Hori da gure asmoa, hori da erronka, eta denon artean egingo dugu denontzako onurgarraia den bide hau”.

"Elkarlana, konpromisoa eta ekintzailetza" izan dira Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak azpimarratu dituen hitzak. Lehen energia-kooperatibaren eraketa ospatu du Ansolak. "Elkarlana erakundeen artean helburu komunak dituzten proiektuak aurrera eramateko; konpromisoa energia trantsizioarekin dugun erantzukizunari erantzuna emateko eta ekintzailetza instalazio berriztagarriak bultzatzeko, izan ere instalazio mota hauek biderkatu beharko dira energia-eredu berri baterantz benetako urratsak emateko".

Martxan den proiektua

Hodei Arranz Kreaneko arduradunak azaldu duenez, proiektuaren tramiteetan hasita daude dagoeneko, hala, konexio baimena edo lurren konpatibilitatearen inguruko gestioak hasita dituzte. Lan administratiborako zortzi hilabete inguru beharko dituztela aurrikusia dutela azaldu du. Hala ere, udatik bueltan, bazkidee izateko baldintzak zeintzuk izango diren zehaztuta izango dituztela aurreratu du. "Eguzki plakak jartzen ditugun eremuan nekazaritza edo abeltzantza jarduerak konpatibilizatzen saiatuko gara. Hori ere erronka izango da", zehaztu du.

Hektarea inguruko energia baratza egingo da herrigunetik pare bat kilometrora udalak hautemanda duen landa eremuko lursailean. Bertan 1,2 megawatt energia sortuko dira.  Etxe bakoitzeko beharrezko energia sortzeko 4 eta 6 plaka artean beharko direla uste dute eta datorren urtearen hasierarako ingurua egokitzen hasiko dira. 


Warning: count(): Parameter must be an array or an object that implements Countable in /home2/azpeitia/public_html/templates/sj_financial/html/com_k2/templates/sj-template/item.php on line 311