wrapper

Oharrak

6-7 hilabeteko lanketaren ostean onartu zen maiatzeko ohiko plenoan, aho baten. 9 arlo eta 36 erronka zehaztu dituzte etorkizuneko Azpeitia marrazteko. Erronka guztiek gauza bera dutela komunean azpimarratu nahi izan dute, “azpeitiarrak daude erronka guztien erdigunean, eta horien bizi kalitatea hobetzea da helburu”.

Azpeitia 2030, Denon Artean etorkizuna plan estrategikoa aurkeztu dute gaur, hilabeteetako lanketaren ondoren. Urrian aurkeztu zen egitasmoa, eta udal barneko zein herriko eragileekin egindako bilera, elkarrizketa eta saioen ostean borobildu da plana. Gaurko aurkezpenean azaldu bezala, plan honen helburua arloz arlo, lanerako norabide komunak markatzea izan da. Norabidea zehaztuta, urte urte aurrekontuen eta abian jarriko diren proiektuen bidez, erronka hori betetzea izango da helburua.

Iazko urrian aurkeztu zen plan estrategikoa egiteko egitasmoa eta ordutik udal barruan zein eragileekin aritu dira plana osatzen. Ez nahi bezela, Covid 19aren pandemia dela eta, aurrez aurre egiteko asmoa zuten saioak, online egin behar izan baitituzte. Azkenean, 9 arlo eta 36 erronka biltzen dituen plan mardula osatu dute. Planean, garrantzia berezia hartu dute ekonomia eta gizarte zerbitzuen arloek.

Covid 19ak asko aldatu du guztia. Eta, ez ohiko egoera honetan ere sortutako beharrei erantzuteko lanean jardun du Azpeitiko Udalak. “Ez ohiko egoeretan, ez ohiko neurriak hartu behar izan ditu, horrela egokitu delako, beharrei erantzuteko. Argi geratu da pandemiak behar berriak sortu eta lehengoak azaleratu dituela. Ez da nahikoa momentuko beharrei erantzutea, gero eta beharrezkoagoa da arazo estrukturalei erantzuten asmatzea”, hartu du hitza Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak.

Hilabete luzeetan egindako lanaren ondorioa da plana. Etorkizunean nolako Azpeitia izatea nahi den irudikatu da: “Denontzako Azpeitia bat irudikatu dugu. Azpeitiarrak oinarri eta helburu dituena. Denok aukera berdintasunez, beharrak asetuta eta duintasunez bizitzeko aukera izango dugun herri bat”, gaineratu du.

Herrigintzan, salto koalitatibo bat emateko bidea irekitzen duela planak gaineratu du: “Herrigintzan Azpeitia hobeago bat eraikitzeko herritar eta eragile ugari ari dira lanean eta elkarlanean. Momentu honetan, esan dezakegu norabide komun bat ezarri dugula eta prest gaudela aurrera pauso hori emateko”.

Agintaldia ere erdira iristen ari da eta Alkortak ez ditu ahaztu nahi izan, Azpeitiaren etorkizunerako proiektu estrategikoak izango diren arloetan orain artean abian jarritako proiektuak. Bide horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutakoa Gizarte Beharrei aurre egiteko azpiegiturak egokitzeko hitzarmena, Eusko Jaurlaritzarekin Larringo lur industrialak aktibatzeko sinatutakoa eta Azpeitiko herriak dituen uholde arazoei aurre egiteko abian jarritako lanketa aipatu ditu.

“Arloz arlo abian jarri dugu denon artean 2030erako irudikatutako Azpeitia hori eraikitzeko bidea. Eraiki dezagu, beraz, denon artean, denontzako Azpeitia”, gaineratu du.

 

Denen artean eta denontzat eginikoa

Leire Goenagaren hitzena, “edukia bezain garrantzitsua da edukia nola lortzen den eta nondik osatu den” horrelako planetan. Eta osatutako plan estrategikoa, elkarlanean oinarritutako lanketa baten emaitza dela azpimarratu du. 6-7 hilabeteko prozesua izan da; iazko urrian aurkeztu zen eta ordutik bilera, elkarrizketa, saio eta ekarpenen bidez jaso dituzte informazio eta iritziak.

Hasteko, 400 herritarri, ausaz inkesta egin zitzaien, batez ere, proiektu eta lehentasunen inguruko iritzia jasotzeko. Hori abiatzearekin bat, udal barruko zein kanpoko lanketa ere martxan jarri zen.

Plana osatzeko lehen urratsa, diagnostikorako azterketa dokumental eta estadistikoa egitea izan zen; hau da, datu bilketa egitea. Datu horiek aurreko plan estrategikotik, iturri ofizialetatik (Eustat, INE….) eta Udalak berak dituen azterkete eta bestelako baliabideetatik bidu ziren.

Bigarrenik, datu objetikoak jasota, diagnostikoa osatu, irakurketa egin eta erronken zehaztapenari heldu zitzaion. Hori osatzeko lehenik udaleko sail desberdinetako teknikariekin eta herriko profesional desberdinekin bilera eta elkarrizketak egin ziren. Pauso honetan, 12 elkarrizketa egin ziren, ekarpenak jasotzeko.

Hirugarren pausoan, diagnostikoa itxi eta hasitako irakurketa osatzen jarraitu zen. Irakurketaren osaketan, gai edo arlo bakoitzeko gune kritikoak, giltzarri estrategikoak identifikatzeko saioak egin ziren. Arlo bakoitzean, herriko agente erreferenteengana jo zen. Urrats honetan udal gobernuko zein oposizioko kideekin ere bilerak egin ziren.

Laugarren urratsean, irakurketa bukatu eta ildo estrategikoak definitzeari ekin zitzaion. Fase honetan, herritarrekin bi lan saio egin ziren. Saio horietan herrigintzako arlo desberdinetan modu aktiboan parte hartzen duten herritarrek hartu zuten parte. Horien ekarpenak jasoz, irakurketari bukaera eman zitzaion. Hala, 2030era begira, gune kritikoen, giltzarri estrategikoen eta erronken ikuspegi zabal bat eta osatu bat izatea lortu zen. Bi saio horietaz gain, haurrekin beste saio bat egin zen ludotekan, ekarpenak jasotzeko. Eta, gazte eta nerabeek aurreko ikasturtean egindako parte hartzeko prozesuko emaitzak ere erabili dira fase honetan.

Bukatzeko, bildutako informazio guztiarekin prozesua egiteaz arduratu den Ikertalde enpresako teknikoek planari forma eman eta ildo estrategoak findu dituzte.

Erronken erdigunean, azpeitiarrak

Josu Labaka zinegotziak, planaren edukia laburtzea “zaila” dela azpimarratu du: “Plan oso mardula da. 10 urterako ibilbide bat markatu nahi detenean eta herri baten etorkizuna irudikatu edo marraztu nahi denean arlo eta kontu asko hartu behar dira aintzat”.

Plan estrategikoa 9 lan ildo desberdinetan banatu da: ekonomia, gizarte beharrak, parekidetasuna, hezkuntza, euskara, kirola, kultura, etxebizitza eta ingurumena. Arlo horietan erronka desberdinak zehaztu dira. “Erronka diogunean, nola iritsi nahi dugun zehaztea edo norabide bat markatzeari erantzun nahi izan zaio”. Guztira 36 erronka zehaztu dira, eta denek komunean baduela gauza bat gaineratu du: “Erronka guztien erdigunean, herritarrak daude. Era askotako azpeitiarrak gaude, eta azkenean, askotariko azpeitiarron bizi kalitatea hobetzea da helburua. Denon bizimodua hobetze aldera, arlo askotatik eragin behar da”. Salto kualitatibo bat ere planteatzen da: herritarra erdigunean jarriko den politikari bide egitea.


Warning: count(): Parameter must be an array or an object that implements Countable in /home2/azpeitia/public_html/templates/sj_financial/html/com_k2/templates/sj-template/item.php on line 311