wrapper

Oharrak

Azpeitiko Udalak eta Bertan Merkatari Elkarteak herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietan erabili ahal izango diren sustapen ekonomikorako bonoak aterako dituzte berriro. Tokiko ekonomiaren sustapena eta herritarrei herriko saltokietan kontsumitzeko pizgarria eskaintzea ditu helburu ekimenak. Maiatzaren 17an jarriko dira salgai. 


Azpeitiko Udalak tokiko ekonomia sustatzeko duen konpromisoaren baitan, bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiak bultzatzea eta, aldi berean, herritarrei erosketak egiteko laguntza edo pizgarria ematea bilatzen dute ‘Azpeitia Zaindu’ bonoak sustatzen jarraitzen du. Bi helburu horiek uztartuz, Udalak eta Bertan merkatarien elkarteak bono-sorta berri bat ateratzea adostu dute. 2020 urtean eginiko bono kanpainen ildotik, 50 euroko balioa izango duten 2.000 bono aterako dituzte, eta 35 eurotan eskuratu ahal izango da horietako bakoitza.


Herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa txikiak batu daitezke kanpainara, ez bakarrik Bertan-eko kide direnak, nahiz eta kudeaketa Merkatarien Elkarteak gidatuko duen. Horrenbestez, ekimenean parte hartu nahi duten establezimenduek Bertan-ekin kontaktuan jarri beharko dute ostirala, maiatzak 14, baino lehen.


Pandemiaren eraginez kontsumoak izandako beherakadaren aurrean, kalteak arintzeko bide izan nahi dute bonoek. Izan ere, luze egiten ari da egoera merkataritzarentzat ere. Horregatik, 30.000 euro bideratuko ditu Udalak bono kanpaina honetara, herritarren ekarpenekin batera 100.000 euroko eragin ekonomiko zuzena izango duelarik. Maiatzaren 17an hasiko dira bonoak saltzen, pertsona bakoitzak gehienez bi eskuratu ahal izango ditu, eta uztailaren 31ra arte erabili ahal izango dira kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan.


Nagore Alkorta Alkatearen hitzetan herriko ekonomia bultzatzea eta sustatzea da gaur egun udalarentzat lehentasun: “Hilabete ezegonkorrak bizi ditugu, eta horregatik, garrantzitsua da, beste behin Azpeitiko ekonomiaren alde konpromisoa eta neurriak hartzea. Abian jarri berri ditugu sustapen ekonomikorako laguntzak, eta horrekin batera datoz bonoak”, adierazi du. Bide horretan, herritarrei bertako merkataritzaren aldeko apustua egiteko eskatu die: “Bizi dugun egoerak erakutsi digu zein garrantzitsua den herriko merkataritza ostalaritza. Hori horrela izaten jarraitzeko, herrian egin ditzagun erosketak. Erabaki dezagun guztiok gure kontsumo ohiturak berraztertu eta herrian inbertitzea”, gaineratu du. Mailu Arrieta Bertan Elkarteko juntakideak ere ildo beretik hitz egin du. “Merkatariok herritarren beharra dugu aurrera egiteko. Pandemiaren ondorioz erosketak egiteko motibazioa galdu da, bereziki moda eta aisialdiarekin loturiko sektoreetan, eta bonoek pizgarri garrantzitsua suposatu dezakete”. Aldi berean, “Azpeitiko Udala tokiko merkataritzari laguntzeko egiten ari den esfortzua eskertu nahi genuke, kaleak bizirik mantentzearen erronka lorgarriagoa baita Udalaren babesarekin”.


Kanpainaren xehetasunak
Azpeitiko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresak batu daitezke ‘Azpeitia Zaindu’ kanpainara. Horretarako, Bertanekin jarri beharko dute harremanetan, eta eskaera-orria bete maiatzaren 14a baino lehen, 943 02 56 73 edo 688 82 39 44 telefonoetara deituta, Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo. helbide elektronikora idatzita edo bulegora joanda (Enparan kalea 34, behea).


Kanpainara batzen diren saltokiek kanpainarako prestatu dituzten kartel eta esku-orri adierazgarriak jasoko dituzte, establezimenduetan ikusteko moduan izan ditzaten.
50 euroko balioa duten 2.000 bono jaulkiko dira. Bono bakoitza 35 eurotan erosi ahal izango da, eta ekimenari atxikitako Azpeitiko establezimenduetan kontsumitzeko 50 euroko balioa izango dute.


Bono bakoitzak 10 euroko bost txartel izango ditu, eta txartel horiek banaka erabili ahal izango dira. 10 euroko txartel bakoitza behin bakarrik erabili beharko da. Erosketaren zenbatekoa txartelaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko, eta bonoak ezingo dira diruagatik trukatu.

16 urtetik gorako herritarrek eskuratu ahal izango dituzte kanpainako bonoak, eta pertsonako bi bono eros ahal izango dira gehienez.


Gehienez lau bono (20 txartel) pilatu ahal izango dira erosketa berean. Bonoak ezin direnez eskudirutan trukatu eta bonoaren zenbatekoa ez denez inola ere itzuliko, produktua itzultzen bada, establezimenduak erosketaren zenbateko osoaren bono propio bat jaulki beharko du.


Maiatzaren 17an jarriko dituzte bonoak salgai, eta uztailaren 31ra arteko balioa izango dute.


Herritarrek aurrez aurre (Bertanen bulegoan, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara) zein on line (www.dendago.com/azpeitiazaindu webgunean) erosi ahalko dituzte bonoak.


Warning: count(): Parameter must be an array or an object that implements Countable in /home2/azpeitia/public_html/templates/sj_financial/html/com_k2/templates/sj-template/item.php on line 311