wrapper

Oharrak

2020ko sorkuntza beka jaso zuten proiektuek emandakoa ezagutzeko aukera izango da ostiral arratsaldean. 16:00etatik 20:00ak bitartean, aurkeztuko dituzte sortzaileek beren lanak. Aurtengo sorkuntza bekak aurkezteko azken eguna ere, ostirala izango da, maiatzak 14.

Ostiralean emango dira ezagutara, 2020an sorkuntza bekaren bidez abian jarritako kultur proiektuak. Urte ez ohikoa izan zen iazkoa, baina horrek ez zuen oztopatu beka abian jarri eta sortzaile berriei beren lanak abian jartzeko bultzada ematea. Guztira, 12 proiektu aurkeztu ziren eta 4 sormen proiektu eta bi egonaldi lagundu ziren iazko bekarekin.

Ostiralean, 16:00etatik 20:00etara bitartean, txandaka joango dira sortzaileak beren lanak azaleratzen.

“Kultura eta sortzailean bultzatu eta babestea beharrezko den garai hauetan, Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak, Sorkkuntza bekari eutsi eta sortzaileei baliabideak eskaintzeko konpromisoa berresten jarraitzen dugu. Ostiralean, iaz sortzaile berriek eginiko ibilbidearen berri ezagutzeko aukera izango dugu, eta herritarrak gonbidatzen ditugu horretara”, zehaztu du Ainara Larrañaga, Kultura batzordeburuak.

6 proiektu, 6 aurkezpen
16:00etan, Leire Agirre eta Jone Iruretagoienak Eklektiko aurkeztuko dute, Dinamoan. Bi sortzaileen 4.000€ko beka jaso zuten sormen egonaldia egiteko herrian. Artea ulertzeko eta sortzeko bakoitzaren modu pertsonaletik abiatuta, bien arteko kolaborazioa jarri dute abian. Bakoitzaren berezitasun eta distirak mantenduz osatu nahi izan dute proiektua, eta elkar osagarriak diren artelanak egiteko gaitasuna jarri dute proban.

16:30etan, leku berean, Ane Iturriza eta Silvia Izquierdoren Hau ez da haurren kontua aurkeztuko dute. Testu eta irudiez osatutako ipuin ilustratu bat osatzea da proiektua; irakurtzeko zein entzuteko ipuina izango da, haur, gazte eta helduentzat. Hori aurrera eramateko, 2.780€ko beka jaso zuten.

17:00etan, herrian zehar, Elba Azpillagaren Azpeitiko ondarearen katalogazioa proiektua ezagutzeko aukera izango da. Proiektu honen bidez, Azpeitiko balio arkitektonikoa aztertu , sailkatu eta katalogatzeko eginiko prozesua azalduko du. Proiektua garatzeko, 3.508€ jaso zituen.

18:00etan, Foru pasealekuko erakusketa aretoan izango da hitzordua. Bertan. Miriam Quintanak Bizipenak aurkeztuko du. Naturako materialekin eta margoekin egun gainean esperimentatu du, eta hortik sortutako emaitzarekin erakusketa du abian Quintanak. Jendearengan emozioak piztea du helburu. Proiektua garatzeko, 3.792€ko beka jaso zuen.

19:00etan, berriro Dinamoan, Alots Arregiren Berrogeialdiko koadernoa proiektua ezagutzeko aukera izango da. Proiektuaren helburua, tamaina txiki, ertain eta handiko marrazki seriea egitea izan da. Paper mota desberdinetan material xumez marrazkiekon esperimentatzea. Proiektua aurrera eraman ahal izateko 1.877€ko laguntza jaso zuen.

Bukatzeko, 19:30ean, beste iazko bigarren sormen egonaldiaren emaitza, Entresaka, plazaratuko du Unai Bidasorok. Proiektu honen helburua irudiez hausnartzeko espazio bat sortu eta irudia oinarri duten disziplinen arteko hartu-emana sustatzea da. Horretarako, 4.000€ jaso zituen.

2021eko bekak eskatzeko azken egunak

Kulturarekin eta kultur sorkuntzarekin duten konpromisoaren baitan, kultur sortzaileei baliabideak eskaintzeko Kultur Sorkuntza Beken seigarren edizioa abian dute Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak elkarlanean. Beka sortu zenetik, baliabideak handitzeaz gain, gaur egun 20.000€ko diru poltsa, Dinamoa Sormen guneko baliabideak izaten dituzte erabilgarri irabazleek, sortzaileak lagundu eta babesteko.

Aurtengo bekari dagokionez, sormen proiektuak laguntzeaz gain, kultur-sorkuntza egonaldiak egiteko bi beka ere eskaintzen ditu. Proiektuak aurkezteko azken eguna ostiralean, maiatzaren 14a izango da, eta deialdiaren inguruko oinarriak eta informazio osoa udal webgunean dago kontsultatzeko.

Kultura-sorkuntzatzat hartzen dira artistaren irudimenaren emaitza, musika, pintura, eskultura, literatura-obra, antzerkiobra, obra zinematografikoa, komikia, soinu-konposizioa, ikusentzunezko konposizioa, konposizio digitala, dantza eta abarren forma har dezakeen kultur espresioa.


Warning: count(): Parameter must be an array or an object that implements Countable in /home2/azpeitia/public_html/templates/sj_financial/html/com_k2/templates/sj-template/item.php on line 311