wrapper

Oharrak

Atzoko ohiko plenoan onartu ziren, aho batez, 2021eko Sustapen Ekonomikorako laguntzak. 500.000€ko diru laguntza lerro honen bidez, herriko sektore ezberdinei laguntzeko linea desberdinak eskaintzen dira 2013az geroztik. Aurtengo deialdian, Covid-19ak eragindako alarma egoerari aurre egiteko eginbeharreko inbertsioetarako eta sortutako kalteak arintzeko laguntzak gehitu dizkiete ohiko lerroei. Eta, bereziki lagunduko da industria munduan emakumeak kontratatzea. 

Ekonomia sustatzea eta enplegua sortzea. Horiexek dira Nagore Alkorta alkatearen hitzetan, Azpeitiko Udalak dituen lehentasun eta erronka nagusiak. Eta horretarako baliabide garrantzitsua bihurtu diren Sustapen ekonomikorako laguntzak onartu berri ditu udalak. 500.000€ko inbertsioaren bidez, herriko sektore desberdinak laguntzeko lau diru laguntza lerro bideratuko dituzte beste urte batez jarraian. 2013an sortu zuen udalak laguntza lerro hori, eta, ordutik, lehen sektore, merkataritza, ostalaritza, autonomo, industria proiektu desberdin, ekintzailetasuna  sustatzeko proiektu andana eta arlo guztietako kontratazioak lagundu dira.

"Sektore guztiak izan dira onuradunak. Behar konkretuei erantzuteko sortutako laguntzak dira, baina laguntza hauen izaera integrala eta beharrei egokitutako laguntzak eskaintzea izan baita beti udalaren helburua", adierazi du Alkortak. Krisi ekonomiko bati erantzuteko sortutako laguntzak izan ziren sorreran, 2011an, %11koa zen langabezia tasa Azpeitian, 2013ko abuztuan %17koa izatera ere heldu zen, gaur egun, berriz, osasun krisiak egoera ekonomikoa baldintzatuta badu ere, %8,5ekoa izan da herrian martxoan langabezia tasa; eskualdeko, Gipuzkoako eta EAEko batez bestekoaren azpitik.

Aurten, 500.000€ko inbertsioa egingo du udalak Azpeitiko "ehun ekonomikoa bultzatzeko, sustatzeko eta sendotzeko". "Herritarren ekonomiaren baitan dago beren ongizatea eta bizi kalitatea, eta ekonomiaren bermatzeko oinarri nagusia lana da. Azpeitiarrek herrian duin bizi eta lan egiteko aukerak sortzeko baliabideak eskaintzea dagokio udalari, eta horretan ari gara", azpimarratu du. 

Sektore guztiak laguntzeko konpromisoa agertu du, baina "sektore kolpatuenak atzean ez gelditzeko",  bereziki laguntzeko ahalegina egiten ari direla esan du: "Osasun krisiak eragindako krisi ekonomikoari erantzuteko ohiko eta ez ohiko laguntzak bideratu ditugu azken urtean". 

Aurtengo deialdiari dagokionez, bi kontutan jarri nahi izan du azpimarra: "Alde batetik, Covid-19ak gehien kolpatu dituenentzako laguntza berriak sortu ditugu. Besteak beste, osasun alarmari aurre egiteko inbertsioak laguntzeko eta ixtera behartuak izan diren establezimenduen gastu estrukturalak arintzeko alokairurako laguntzak ere jarri ditugu. Eta bestetik, kontrataziorako laguntzak aipatu nahiko nituzke. Iaz jarri genuen abian linea berri hau. Baina, aurten, datuek hala erakusten dutelako, emakumeak industriako lanpostuetarako sarbidea errazteko laguntza gehigarriak jarri ditugu. Datuek erakusten digute, emakumeen langabezia altuagoa dela gizonena baino (martxoan %6,7koa zen gizonezkoena eta %10,6koa emakumezkoena). Eta horregatik lagunduko dira bereziki", 

Iaz, 101 proiektu lagundu ziren

Bukatzeko, iazko laguntzen datuak gogorarazi ditu. Izan ere, Sustapen Ekonomikorako Laguntzetara 102 proiektu aurkeztu ziren, eta, horietatik 101 lagundu zituen Udalak diruz. 30 proiektu merkataritza eta lehen sektorera bideratutakoak izan ziren; 29 proiektu industria proiektu estrategikok ere jaso zuten laguntza; ekintzaileen 16 proiektu lagundu ziren; eta laguntza honen bidez 26 azpeitiar kontratatu ziren herriko enpreetan.

Proiektuak aurkezteko, laguntza

Diru laguntza desberdinetarako laguntzak maiatzaren erditik urriaren 15era bitartean aurkezteko aukera izango da. Laguntzen tramitazioak egiteko baliabide faltak inor laguntza eskatu gabe ez uzteko, Azpeitiko Udalak Iraurgi Berritzen garapen agentziaren bidez laguntzak eskatu zein zuriketarako aholkularitza eta laguntza eskaintzen duela ere gogorarazi nahi izan dute. 

4 lerro nagusi

Leire Goenaga Ogasun zinegotziak, laguntzen inguruko xehetasunak azaldu ditu. Hasteko, ordea, 2013tik gaur artean laguntzen ibilbidea jarri nahi izan du mahai gainean: "Krisi ekonomiko bati aurre egiteko sortu ziren, ondoren langabeziaren gora beherei aurre egiteko, orain osasun krisiak eragindako kalteei erantzutea... urtez urte bilakaera handia izan duten laguntzak dira. Baina beti helburu garbi bat izan du: herriko ekonomia sustatzea, herriko jarduera ekonomikoa indartsu bat izatea eta udalak hori babestea. Horretarako, enpresek berrikuntzan, modernizazioa, garapenean eta digitalizazioan inbertitzea, eta horretan laguntzea da udalaren helburua. Izan ere, ekonomia indartsu bat badugu, hasi herriko negozio txikienetik eta enpresa handietaraino, horrek bermatuko digu enplegu duina eta kalitatezkoa izatea herritarrek".   

 

1- Lehen sektorea eta zerbitzuentzako laguntza

Lehen linea honetara bideratu da aurten diru kantitate handiena: 200.000€. Aurreko urteetako kopurua bikoiztu dute aurtengorako, osasun alarma egoerak gehien kolpatutako sektoreak direlako, batez ere, merkataritza eta ostalaritza. Aurreko urteetan bezala, lehiakortasuna hobetzeko proiektuak lagunduko dira diruz: lokalak handitu edo berritzeko inbertsioak, negozio lerro berriak sortzea, proiektu berriak merkaturatzea, erakusleihoetarako ...

Horretaz gain, modernizazioan eta garapenean eragiteko digitalizaziorako tresnak sortzeko eta mantentzeko laguntzak ere bideratuko dira. Negozio txikiak izanik, baliabide mugatuak dituztela aintzat hartuta bideratzen da linea hau: Web orriak, aplikazioak, blogak, sare sozialak, ekipo informatikoak... eta aurten bereziki Ticket Bai sistema ezartzeko gastuak lagunduko dira. 

Aurrekoez gain, merkatu azterketak egitea, negozioen eskualdaketak eta bestelakoak ere lagunduko dira. 

Covid 19ak sortutako ondorioek zuzenean eragindako sektorea dela jakinda, bi linea berezi izango dituzte herriko merkatari, ostalari eta negozio txikiek. Alde batetik, osasun alarma egoeraren protokoloak betetzeko egindako inbertsioak lagunduko dira diruz. Eta, bestetik, gastu estrukturalak arintzeko asmoz, negozioen alokairuko gastuei aurre egiteko laguntza berezia jarri da.  

 

2- Industria proiektu estrategiko edo berritzaileak sustatzeko laguntzak

Industria proiektu berritzaile eta estrategikoak garatzeko laguntzak dira. 160.000€ko diru poltsa dago eta bereziki lagunduko dira Azpeitiko enpresen dibertsifikazioa helburu duten digitalizaziorako proiektuak. Horretaz gain, instalazioetako inbertsioak, ekipamendu tekniko eta teknologikoak eta eraikinetan egindako inbertsio handiak lagunduko dira.Bereziki lagunduko dira energia berriztagarrien autokontsumorako egiten diren instalazio berrien gastuak. 

Enpresa berriak Azpeitira erakartzeko ere, herrian enpresa berriak kokatzeagatik laguntza lerro bat dago. 

Genero berdintasuna industrian bermatzeko, berriz, beren tamainarengatik legez behartuta ez dauden enpresak ere berdintasun planak egin ditzaten laguntza lerroa sortu zen iaz. Eta, bestalde, berdintasuna bermatzeko egin beharreko inbertsioetarako ere emango da laguntza.  


3- Ekintzailetasuna

65.000€ bideratuko dira ekintzailetasuna sustatzera. Ideia berriak abian jarri nahi dituztez autonomo eta ekintzaile berrientzat bideratutako laguntza lerro honen bidez urtebeteko autonomoen kuota ordainduko zaie. Sortzen den elkarte edo enpresak ekonomi sozialarekin duen loturagatik herriarentzat interesgarritzat jotzen bada bereziki bultzatuko dira. 


4- Azpeitiarren kontratazioak

Lehen sektorean, zerbitzuen arloan eta industriari bereziki lagundu nahi die lerro honen bidez udalak. Arlo horretako enpresak laguntzeaz gain, ordea, lana sortu eta herritarrei lan baldintza duinak eskaintzeko baliabideak ipintzea da helburua. Horretarako, 75.000€ko laguntza lerroa bideratu du Azpeitiko Udalak.

Aldi baterako nahiz kontratu mugagabeak lagunduko dira. Lanaldiaren arabera laguntza handiagoa izango du. 500€tik 2.000€ arteko laguntza izango da kontratuko. Beti ere, kontratatuko pertsona azpeitiarra edo Azpeitian erroldatuko langabetua izan beharko du, eta enpresa ere Azpeitikoa izango da. Diruz gehiago lagunduko da kontratatutako pertsona emakumea bada eta 45 urtetik gorakoa bada. 


Warning: count(): Parameter must be an array or an object that implements Countable in /home2/azpeitia/public_html/templates/sj_financial/html/com_k2/templates/sj-template/item.php on line 311