wrapper

Oharrak

Aste honetatik aurrera, Gizarte Zerbitzuei loturiko zerbitzu berri bat eskainiko da Azpeitian. Zehazki, Azpeitiko Udalak eta SOS Arrazakeriaren elkarlanaren baitan, munduko txoko ezberdinetatik etorritako azpeitiarrei informazioa, aholkuraritza eta laguntza juridikoa eskainiko zaie. Aste honetatik aurrera, ostiralero, 10:00etatik 14:00ak bitartean SOS Arrazakeriako adituak izango dira Baigerako 3. solairuan.

Azpeitian, 1.433 atzerritar daude gutxi gorabehera gaur egun, eta horiei beren oinarrizko eskubideak bermatu eta hainbat tramite eta eskaerarekin laguntzeko izango da zerbitzua. Hala ere, laguntza zehatza emango bada ere, oinarrian pertsona horiek Azpeitian integratzea izango da helburua.

Bizileku eta lanerako baimena, herritartasun ziurtagiria, osasun zerbitzuetarako sarbidea, doako zerbitzu juridikoak… edo bestelako hainbat tramite eta beharri erantzuteko laguntza, aholkularitza eta informazio eskainiko dira zerbitzuaren bidez.

“Azpeitia gero eta anitzagoa da. Eta aniztasun horrek, behar berriak ere sortu ditu. Hala, Gizarte Zerbitzuetan hainbat kontutarako laguntza espezifiko baten beharra detektatu zen. Horri erantzunez jarriko dugu abian zerbitzu berri hau”, adierazi du Nagore Alkorta alkateak. Zerbitzuak, herritarren bizi kalitatean eragin zuzena izango duela ere nabarmendu du: “Laguntza honen bidez, herritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko egingo dugu lan. Eta herritarren eskubideak bermatzean, bere bizi kalitatean, zein egoera emozional eta fisikoan ere eragin zuzena izango du”.

Ostiraletik aurrera, abian

Datorren ostiraletik aurrera, apirilaren 23tik aurrera, izango da abian. Baigerako (Enparan, 6) hirugarren solairuan izango da zerbitzua, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Aurrez hitzordua hartu beharko dute kontsultaren bat egin nahi duten herritarrek. Horretarako, 943-245626 edo 943-245627 telefono zenbakietara deitu dezakete.


Warning: count(): Parameter must be an array or an object that implements Countable in /home2/azpeitia/public_html/templates/sj_financial/html/com_k2/templates/sj-template/item.php on line 311