wrapper

Oharrak

Lehen aldiz izango da etxe tutelatuen zerbitzua herrian. 12 etxebizitza eraikiko dira elizkalean; 8 logela batekoak eta 4 bi logelakoak. Gaur egun adinekoei udalak zuzenean eskaintzen dizkieten zerbitzuak osatzera etorriko dira etxebizitza horiek. Orain arteko azterketak aintzat hartuta egin da proeiktua eta epe laburrean etxebizitzen obrak abian jartzeko lehiaketa publikoa egingo du udalak. 

Azpeitiko Udalak 2031ra begira, SIIS ikerketa zentroarekin elkarlanean, hainbat ikerketa egin zituen iaz. Ikerketa horietan demografiaren bilakaeraz gain, gizarte zerbitzu desberdinen etorkizuneko estimazioa ere egin da.Horien harabera, azpeitiar zahar eta oso zaharren kopurua nabarmen haziko da datorren hamarkadan. Datu horiek aintzat hartuta, udal gizarte zerbitzuetatik adinekoei eskaintzen zaizkien zerbitzuen inguruko azterketa sakona egin da, etorkizunean zein zerbitzu beharko diren jakin eta behar berri horiei erantzuten gaurtik hasteko.

Azken urteetan 65 urtetik gorako herritarren egoera aztertzeko, adin tartetako azterketak ere egin dira. Helburua izan da zein behar dituzten eta horiei erantzuteko baliabideak jartzea. Bi azterketetan etxebizitza tutelatuak edo antzeko formulen beharra dagoela herrian ondorioztatu da. Gaur behar horri erantzuteko proiektua aurkeztu dute Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. Gizarte zerbitzuetatik eskaintzen diren zerbitzuen osagarri izango dira etxebizitza tutelatuak. “Azpeitian adinekoentzako zerbitzu berri bat jarriko du abian udalak: adinekoen beharrei erantzuteko etxe tutelatuak eraikiko ditugu, hain zuzen. Uste dugu zerbitzu pauso garrantzitsua dela herrian, azken finean adinekoen bizi kalitatea eta ongizatea helburu duen zerbitzua izango delako. Prebentzioan eskuhartzeko modu egokia dela uste dugu”, adierazi du Alkortak.

Mendekotasunik ez edo mendekotasun oso txikia izanik beren egunerokoari aurre egiteko zailtasunen bat duten adinekoei zuzenduriko zerbitzua izango da. Etxebizitza horietan erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokitutako zerbitzua eskainiko zaie. 12 etxebizitza eraikiko dira; 8 logela batekoak izango dira eta 4 bi logelakoak. Sukalde, kumun eta egongela eta logela izango du etxebizitza bakoitzak, baina horretaz gain, erabiltzaileak elkartzeko gune komunak ere eskainiko ditu.

 

Azterketen datuak

SIIS ikerketa zentroak udalaren eskariz 2031. urterako prospektiba azterketan egin zituen iaz, demografiaren bilakaera aztertu eta gizarte zerbitzuen behar ezberdinen estimazioa egiteko. Biztanleriaren zahartzea emango da orohar; baina bereziki 75-80 urtetik gorakoen igoera izango da nabarmena;  %40 haziko da adin tarteko horretako pertsonen kopurua; 65 urtetik gorako herritarrak %27,3 haziko dira, gainontzeko populazioaren igoera %7,5a izanik.

Herritar oso zaharren tramoa haziko da, beraz; 2031-n 65 urtetik gorako 850 adineko gehiago izango dira ikerketen arabera. Horren ondorioz, menpekotasuna duten pertsonak %34 gehiago izatea aurreikusi da; guztira 175 herritar mendekotasun egoeran edo arriskuan izango da. 65-74 urte artean desgaitasunaren prebalentzia jaitsi egingo da, aldi berean. Hau da, adin horretan mendekotasun egoeran biziko diren herritarren aurreikuspena jaitsi egiten da. Ondorioz, mendekotasun egoerak geroz eta adin zaharragoetan emango dira, faktore desberdinak tarteko. 80 urtetik gorakoetan mendekotasun egoera arinak handituko dira. Beraz, mendekotasuna adin oso altuetara atzeratuko dela dirudi. “Datu horiek erakusten dute prebentzioan lan egitea eta inbertitzea biderik egokiena dela, herritarren bizi kalitatea eta ongizatea bermatzeko”, berretsi du Goenagak.

Datu horiek aintzat hartuta Azpeitiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmena sinatua du, adinekoei zuzenduriko zerbitzu askoren eskumena ez delako zuzenean udalarena, aldundiarena baizik. Beharrak handitu egingo direla aurreikusita, behar horiei nola erantzun plan bat egiteko hitzarmena da sinaturikoa.

Udaletik zuzenean eskaintzen diren zerbitzuak (etxez etxeko laguntza, eguneko unitatea…) osatzera bideratuko dira etxe tutelatuak. “Gaur egun beren etxebizitzan, hainbat arrazoi medio, egunerokoa aurrera eramateko zailtasunak dituzten pertsonentzat izango dira. Irisgarritasun edo mugikortasun arazoak, behar asistentzialak edo bakardadea duten pertsonentzat izango dira etxebizitza horiek, besteak beste. Etxebizitza horiek bizi kalitatea hobetu eta bizitzeko beste modu bat eskainiko die adinekoei”, zehaztu du.

Proiektua, martxan
Etxebizitzak eraiki ahal izateko finantziazioa lotua du dagoeneko udalak eta proiektua ere egina du. Beraz, epe laburrean etxebizitzak eraikitzeko lehiaketa publikoa abian jartzea aurreikusten du udalak. Hala, 2022. urtearen amaierarako dena prest izateko. Epe horretan, udalak etxeen inguruko arautegia osatuko du, besteak beste, zerbitzuak eta sarbide baldintzak zehazteko.


Warning: count(): Parameter must be an array or an object that implements Countable in /home2/azpeitia/public_html/templates/sj_financial/html/com_k2/templates/sj-template/item.php on line 311