wrapper

Oharrak

Gaur sinatu dute Azpeitiko Udalak eta Kulturaz Kooperatibak datozen urteotarako lankidetza hitzarmena. Hitzarmen horren baitan, Sanagustin, Soreasu eta Dinamoa azpiegituren kudeaketa eta kultur proiektuari osotasuna ematea da helburua. Sinadura ekitaldian izan dira, Nagore Alkorta alkatea, Eneritz Albizu Kultura batzordeburua, Jose Luis Otamendi Kulturazeko lehendakaria eta Mari Jose Bikendi lehendakari ordea. 

Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean kultura sustatzen jarraitzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur. Udalbatzarrak otsailaren 2ko osoko bilkuran onartu zuen hitzarmena, aho batez, eta Nagore Alkorta alkateak eta Jose Luis Otamendi Kulturazeko lehendakariak gaur sinatu dute, udaletxean, agerraldi publiko batean.

Udalak eta Kulturaz kooperatibak 2011. urtean ekin zioten lankidetzari, Sanagustin kulturgunearen proiektuari eta kudeaketari buruzko hitzarmena izenpetuta. 2014an, berriz, Soreasu antzokiko akordioa sinatu zuten. Kulturazek, Azpeitiko Kultur Mahaiarekin batera, Dinamoa sormen gunea ere gestionatu du, 2019tik aurrera. Aurrerapauso integralagoa eman dute orain. Izan ere, Kulturazen eta Udalaren arteko hitzarmenak Sanagustin, Soreasu eta Dinamoa barnebildu ditu itun batean, kultur egitasmoari osotasun bat emanda. 

"Oraingo honetan, espazio guztiak biltzen dituen hitzarmena sinatzera goaz. Baina, nabarmendu nahi dugu, kudeaketa eraginkor bat egiteko tresna ez ezik (hori ere badelako), eskuz eskuz lan egiteko baliabidea dela hitzarmen hau. Herriko kultur mugimenduak, kulturzaleek, sortzaileek eta udalak ikuspegiak partekatzekoa. Horretarako, Kulturazen papera ezinbestekoa da. 2011n Kultur Mahaiak sortutako kooperatiba da. Herriaren eta erakundeen arteko elkarlana posible dela erakusten du honek, eredu publiko komunitario kooperatiboa horretarako aukera bezala aurkeztuta", adierazi du Albizuk. 

bereziki aipatu nahi izan du batzordeburuak balio sozialen baitan euskararen erabilerari kulturatik egin diezaioketen ekarpena: "Gure hizkuntza euskara da, gu euskaraz bizi gara eta euskaraz gara. Horregatik, kultura ere euskaraz uletzen dugu. Baina hautu natural horretaz harago, badakigu gurea hizkuntza gutxitua dela, eta Azpeitia bezalako euskararen arnasguneetan, gure hizkuntzari indarra eta erreferentzialtasuna ematea dagokigula. Ildo horretan, joan den urtean, esaterako, Kulturazek eskainitako ekitaldien %91 euskaraz izan ziren. Ez dugu ulertzen euskararik gabeko kulturarik, ezta kultur adierazpiderik gabeko hizkuntzarik. Mundua euskaraz ikusten jarraitzeko ere sustatzen dugu, beraz, kultura". 

Akordioak 2024ra arteko iraupena du, eta beste lau urtez luzatu ahal izango da, hala adosten badute.

Orain arteko bidea sendotzeko aurrerapausoa

Azpeitiko kultur mugimendua balioan jarri nahi izan dela lankidetza hitzarmenarekin adierazi du Alkortak: “Ez gara zerotik abiatzen, azken 10 urteotan asko indartu da kultur dinamika Azpeitian. Udala eta kultur mugimendua elkarlanean aritu dira. Kultur taldeak eta herritarrak dira jarduera honen protagonista nagusiak”

Hitzarmearekin, jada, “oinarri sendoa duen bidea” indartzeko pauso berri bat eman da. Lankidetza hitzarmena kultur mugimenduari “aitortza bat ere” badela gaineratu du: “Sortzaileei, taldeei, kooperatibari eta herritarrei erabaki ahalmena eta baliabideak emango zaizkie kultur jarduerarako”. Kulturaz kooperatibaren eta Kultur Mahaiaren lana ere “txalotu” nahi izan du, “eguneroko lanagatik eta lankidetza hitzarmen honen baitan eginiko ahaleginagatik”.

“Udal gobernuaren konpromisoa argia da. Denon artean, elkarrekin eraiki nahi dugu Azpeitia. Eta kulturan, 10 urteotan emaitza bikainak eman dituen eredu publiko komunitario kooperatiboaren alde egingo dugu”, aipatu du. Kudeaketa eredu berritzaile bati dagokion forma juridikoa eman diote horrela. Eta beste hainbat arlotan ere herri eragileekin sakontzeko giltzarri izan daitekeelakoan daude.

“Lankidetza hitzarmen honek oinarrian dugun helburu komun bat sustatzeko bide emango digu, Azpeitian kultura sustatzea, bere modalitate guztietan, berdintasuna eta aniztasuna oinarrian izanik. Eta oraingoan, gainera, beste pauso garrantzitsu bat emanda: lankidetza bere osotasunean. Hitzarmen honen parte garen bi aldeok parez pareko harremana izango dugu, jatorrizko kontratu izaera gaindituz”, azpimarratu du.

Administrazio arloko zenbait eragozpen gainditzea ez dela erraza izan ere aipatu du, baina saiakera egin dute zitzakeen beste aldebakarreko lan formulak alde batera utzi eta eredu berri baten aldeko apustua eginez. “Elkarlanean eta benetako parte hartzean sinisten dugulako. Formula honen bidez gure kultura eta herriko kultur mugimendua osotasunean sustatuko ditugu, hartu beharreko erabaki oro komunean gauzatuz”.

Bizi dugun aldi gogorrean “argitasun eremu bat zabaltzera” datorrela hitzarmena azpimarratu du Otamendik: “Gure urratsen norabidea ez nahasteko, elkartasunean ahalduntzeari funtsezkoa deritzot”. Udala ere eskertu nahi izan du “gai izan delako, berriz ere, herriko kulturak premiazkoa duenari erantzuteko, apal eta eskuzabal”. Hitzarmenak “autonomia eta elkarlanaren arteko oreka sakon jorratzen” jarraitzea ahalbidetuko duela ere gaineratu du.

Kulturaz kooperatiba Azpeitiko kultur mugimenduak eratu zuela gogoratu du eta hiru egiteko nagusi dituela, laburtuz: "Kultur agenda osatu, proiektuak zertu eta zerbitzuak eskaini. Betiere, pertsonen nortasuna eta herri izaera lantzeko helburuz. Ildo horretan, mugarri garrantzitsua finkatu berri delakoan gaude. Komunitatea indartzearen baitan dakusagu norbanakoen askatasunaren garapen bidea. Nor izateko lan egin, zaurgarrienak eta babesgabeenak aurrean hartuta. Kooperatiba soziala baita Kulturaz".

Hitzarmena “kultura ulertzeko politika berri baten zantzu, baina politikaren baitako kultura berri batena ere” badela zehaztu du: “Asmatzen dugun edo ez geroak esango du. Hala ere, seguru samar nago kontratu honen bitartez herri mailan koska bat gora egin dugula. Hitzarmenen aroa da. Garai zailetan ere ez dakigula itsutu gogoaren ikusmira”.

Hitzarmenaren gako nagusiak

> Kulturaren sustapena. Kulturaz kooperatibak, Azpeitiko Udalarekin lankidetzan, kultura sustatzeko proiektuak eta jarduerak antolatu eta gauzatuko ditu.

> Sanagustin, Soreasu eta Dinamoaren kudeaketa. Sanagustin kulturgunea, Soreasu antzokia eta Dinamoa sormen gunearen erabileraz eta ustiapenaz proiektuak aurkezteko tartea ireki zuen udalak orain dela hilabete batzuk. Horrela, Kulturazek “proiektu oso, zehatz eta xede handikoa” aurkeztu zuen, orain artean eginiko lanaren erakusle.

> 2024ra arte, luzatzeko aukerarekin. 2021-2024ra arteko epea du Udala-Kulturaz hitzarmenak. Beste lau urtez luzatzea erabaki dezakete.

> Aurrerapauso bat lankidetzan. Lehendik datorren lankidetza indartu, eta aurrerapauso bat emango da. “Erakunde laguntzaileak [Kulturaz kooperatibak] urte asko daramatza udalarekin lankidetzan kultura sustatzeko, kultura jarduera ugari programatzen eta udal interes argiko kultura proiektuak gauzatzen” eta “kultura ekipamenduen kudeaketaz arduratzen”, dio hitzarmenak.

> Jarraipen Batzordea. Udalak eta Kulturaz kooperatibak hitzarmenaren Jarraipen Batzordea osatu dute.

> Balio sozialak ere bai. Kulturazek, kultur arloko betekizunez gain, genero berdintasuna, hizkera ez-sexistaren erabilera eta euskararen sustapena ere izango ditu.

Hitzarmena


Warning: count(): Parameter must be an array or an object that implements Countable in /home2/azpeitia/public_html/templates/sj_financial/html/com_k2/templates/sj-template/item.php on line 311