wrapper

Oharrak

Luze doa Covid-19ak eragindako pandemia. Urtebete betetzera doa, hain zuzen osasun alarma egoera ezarri zenetik. Egoerak dakartzan egoera ekonomiko eta sozialak ere gero eta handiagoak eta nabariagoak dira; eta sektore desberdinei sortzen ari zaizkien zailtasunak ere gero era larriagoak dira. Horregatik, Azpeitiko Udalak pandemiak gogor kolpatu dituen merkataritza eta ostalaritzako 250 bat negoziori zaborraren, uraren, terraza eta toldoen eta uraren tasak ez kobratzea erabaki du.

Sustapen ekonomikoan eragin zuzena duen erabakia hartu du Udalak. Pandemiak kalte zuzenak eragin dituen herriko sektore desberdinetan, besteren artean, herriko merkataritza txikia eta ostalaritzak azken urtean izan dituzten zailtasunak nabariak dira: “Egoera zaila bizi dute merkatari askok, baita ostalariek ere. Horregatik, erabaki dugu 2021eko tasetan zaborraren, uraren, terrazen eta toldoen tasarik ez kobratzea”, adierazi du Nagore Alkorta alkateak. Azpimarratu nahi izan du “bertako merkatari eta ostalaritzaren alde” hartutako erabakia dela; “tokiko ekonomia babestu eta indartzeko egindako apostua”.

“ziurgabetasuna nagusi den garaietan, segurtasuna eta estabilitatea eman nahi diegu pandemiagatik kolpatuenak izan diren herriko sektoreei. Erabaki honekin, unean uneko laguntzetatik haratago, datozen hilabeteetan izango dituzten gastu estrukturalak gutxituko dizkiegu”, zehaztu du. Beraz, 2021 urtean, herriko merkatari eta ostalarien udal tasarik ez dute ordaindu beharko.

Tasak ordaintzeko hobaria 250 negoziok izango dute. “Establezimendu kopuru zabal bati” eragingo dio neurriak, beraz. Neurri hori aplikatuta, berriz, udalak 270.000€-ko gastua edo kopuru hori kobratzeari utziko dio. “Ez da erabaki erraza izan. Merkatari eta ostalariekin izandako hainbat bileraren ostean hartutako erabakia izan da. Egoera honek erabaki ausartak eta bereziak hartzera behartzen gaitu. Beti ere helburu berari lotuta: herritar eta sektore ekonomiko ahulenen beharrei erantzutea. Hori da gure erabakia eta konpromisoa”, gaineratu du.

Covid 19ak herritarren egunerokoa goitik behera aldatu du, eta pandemiaren lehen unetik Azpeitiko Udalak “behar berriei erantzuten” saiatu da: “Baliabide publikoak, udalarenak, herritarrenak, behar gehien dutenen zerbitzura jarri dira”. Beti ere bi ildo nagusiren baitan: gizarte beharrei, norbanakoenei zein familienei erantzutea eta sektore ekonomiko desberdinek bizi dituzten zailtasunei aurre egiteko baliabideak eskaintzea. “Hasieratik saiatu gara sortu diren behar berriak identifikatu eta horiei erantzuten. Gaur egun ere, agintaldiko proiektu nagusiak aurrera ateratzearekin batera, behar horiei erantzuten dihardugu”.

250 negoziori eragingo dion 270.000€ko laguntza

Urte “gogorra” guztientzat izaten ari dela aipatuz hasi du Leire Goenaga Osasun batzordeburuak hitzartzea. Eta, gogoratu du 2021. urteko aurrekontuak egitea zaila izan zela ekarri du gogora. Izan ere, foru funtsetik udalak jaso ohi duen ekarpenak %5eko jaitsiera jasan du. “Hala ere, egoerak eskatzen zituen aurrekontuak onartu genituen”, zehaztu du. “Oraingoan beste ahalegin bat egin eta beste pauso bat emango dugu, eta bereziki kolpatua den zerbitzuen sektoreari eusteko neurri bat hartu dugu. Zerbitzuen sektoreaz ari garenean, familia, herritar eta lanpostu askotaz ari gara”, gaineratu du.

Udalak azken urtean zerbitzuen sektorean konpatuenak izan diren establezimenduei 2021. urte osoko tasak ez kobratzeko %100 eko hobaria aplikatuko zaiela berretsi du. Hala, ostalari, ostalaritza hornitzaile, kafetegi, textilari eta modari lotutako merkatari txikiak, tindategiak, drogeriak edo ileapaindegiak izango dira hobaria jasoko dutenak. Guztira 250 bat establezimendu. Horiei, aurrez Alkortak zehaztu bezala, zaborraren, uraren, terrazen eta toldoen tasarik ez zaie kobratuko.

Horretarako iazko urrian onartutako ordenantza fiskalak aldatu dira, eta aipatutako hiru tasetan %100eko hobaria ezarriko da. Erabaki horrekin, udalak 140.000€ gutxiago jasoko ditu. Uraren tasa, berriz, Gipuzkoako Urakek kudeatzen du eta Udala erakunde horrekin ari da lanean tasa hori negoziei ez kobratu eta udalak ordaintzeko. Erabaki horrekin, Udalak 130.000€ inguruko gastua izango du. Beraz, guztira 270.000€ko inbertsioa egingo du udalak herriko merkataritza eta ostalaritza babesteko.


Warning: count(): Parameter must be an array or an object that implements Countable in /home2/azpeitia/public_html/templates/sj_financial/html/com_k2/templates/sj-template/item.php on line 311