wrapper

Oharrak

Ekiolaren baitan osatuko den lehen energia kooperatiba aitzindaria Azpeitian sortuko da. Eredu publiko komunitario bidez, plaka fotovoltaikoak jarriko dira herriko 400 familia ingururen energia beharrei erantzuteko. Hektarea inguruko energia baratza egingo da herritik pare bat kilometrora udalak hautemanda duen landa eremuko lursailean. Bertan 1,2 megawatt energia sortuko dira. dena ondo bidean, urtea bukatzerako abian izango da proiektua.

Europar Batasunak 2030erako helburu gisa ezarri du EBean, bere osotasunean, kontsumituko den energiaren% 32k jatorri berriztagarria izan behar duela eta autokontsumoa eta komunitate energetikoak sortzea beste egoera energetiko baterako trantsiziorako hartu beharreko ereduak dira. Testuinguru horretan sortu da Ekiola energia sustatzeko sozietate gisa. Erakunde horren bidez, izaera kooperatiboko energia-erkidegoak sortuko dira; eta Azpeitian sortuko dena izango da lehena. Proiektu horren bidez, herritar kooperatibistak izango dira sortzen duten energiaren jabe; herritarrek sortu, sustatu eta kontsumituko dute. Hori posible izango da energiaren Euskal Erakundearen eta Mondragon Corporación-eko Krean ingenieritza sustatzailea eta tokiko erakundeen, kasu honetan, Azpeitiko Udalaren lankidetzari esker.


Proiektuak energiaren sorkuntzan eta kudeaketan herritarren parte hartzea sustatuko du hasieratik; izaera korporatiboko energia-erkidegoa sortzea izango da Azpeitian emango den hurrengo pausoa. Udalak eta beste hainbat entitateren artean sortuko dute Azpeitiko Kooperatiba, eta bigarren pauso batean, kooperatibisten parte hartzea sustatuko da; proiektuaren bukaeran, kooperatibaren gehiengoa azpeitiarrena izango da. Hala, herritarren energia ikuskera aldaraziko da, pertsonak autokudeaketa korporatiboaren errealitatean murgiltzeko helburuarekin; beti ere proiektuarekin bat egiten duten herritarren eta entitateen energia premiei erantzunez.


Aurkezpen ekitaldian Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria nagusiak eta Krean P&Sko zuzendari Asier Etxabek parte hartu dute. Azpeitiko alkateak energia autokontsumorako bultzatu eta sustatuko duen proiektua aitzindaria izango dela azpimarratu du: “Azpeitian eredu publiko komunitarioan eginiko proiektu ezberdinak ditugu abian, lehen sektorean, kulturan…. Energiaren arlora salto egiteko proiektua da abian jartzera goazena. Uste dugu Azpeitian badela energiaren inguruan kooperatiba sendo bat sortzeko adina herritar, eta bazkide horien bidez, energia herrian bertan, herritarren bidez sortu, sustatu eta autokontsumorako bideratzea da helburua. Ikuspegi sozialetik egin nahi dugu proeiktua. etxeko ekonomian eta herritarren ekonomian eragina izan dezan nahi dugu. Modu horretara, gaur egungo merkatuko prezioa baino merkeago eskuratu ahal izango dute energia azpeitiarrek. Eta proiektuan baliabide ekonomiko desberdinetako herritarrek parte hartzeko aukera izan dezaten lanean ari gara”. Eguzki plakak ezartzeko lurra ere zehaztuta dutela gaineratu du alkateak: “Landa eremuko hektarea bateko lur sail batean ezarriko dugu eguzki plaken baratza; eta eguzki plakak izateaz gain, landa eremuko lur ustiapenerako ere erabilgarri izango da”.


Proiektua lantzen urtebete inguru darama udalak, eta oraindik aurretik lan asko dagoela badakien arren, aurkezteko momentua dela uste du: “Kooperatiba sortzen hasteko lehen urratsak eman behar dira orain, eta herritarrei proiektua aurkezteko unea dela uste dugu”. Hala, datozen hilabeteetako lana izango da kooperatiba sortzea eta kooperatibaren zati handiena eta garrantzitsuena izango diren azpeitiarrak animatzea proiektura. “Proiektu publiko komunitarioa izango da. Eguzki-energia parkea sortuz, tokiko ekonomian, ekonomia berdean eta herritarren ekonomian eragin nahi dugu, baina baita ekologian eta ingurumenean ere. "Edukiz eta formaz aberatsa izango den proiektu da garatzen ari garena”, gaineratu du. Datozen hilabeteetan, kooperatibarako bazkideak animatzen doazen heinean, parte hartze bidez proiektuaren inguruko erabakiak elkarlanean hartzen eta forma ematen joango dira.

Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria nagusiak hiru ideia azpimarratu ditu proiektutik: "Europar estrategiarekin bat egiten duen proiektua da Ekiolarena. Norebere energiaren burujabetza bultzatzen du eta norbera bere energiaren jabe eta sortzaile izatera bultzatzen du". Horretaz gain, trantsizio energetikoa gautzatu behar bada, horrelako proeiktu asko behar direla aipatu du: "Mix-energetikorako beharrezkoa izango da horrelako proiektu asko bultzatzea eta horretarako erakundeok elkarlanean aritzea ezinbestekoa da". Eta bukatzeko, lehen hazia erein bada ere, horrelako proiektuak herriz herri  "eta herri bakoitzean proiektu bat baino gehiago" jartzeko hazia ereingo dela Azpeitian azpimarratu du.


0 kilometroko energia
Krean P&Sko zuzendari Asier Etxabek trntsizio energetikoan laguntzea dela proiektu honen helburua azpimarratu du: "Trantsizio energetikorako proiektu handiak daude industriara bideratuta, txikian ere bai, eta proiektu hau proiektu ertain erakargarria izatea da". Herritarrak proiektuaren parte izatea  "oso interesgarria" dela gaineratu du; "erronka herritarrek kontsumitzen dutena beraiek sortzea" delako. Europar batasunak 2030era jarritako helburua erakundeek soilik ezin dutela lortu eta herritarren inplikazioa ezinbestekoa dela ere gaineratu du. 

Azpeitiko proiektuaren inguruko xehetasun batzuk ere eskaini ditu. Herrigunetik bi kilometro ingurura dagoen hektarea bateko landa eremuko lursailean sortuko da energia sortzeko parkea. Energia sortzeko plakak izateaz gain, lurraren mantenurako nekazal erabilera izatea aztertzen ari dira; zehazki ardien bidez egin nahi da mantenua. Bertan 1,2 megawatt sortuko dira, eta horretarako 2.600 eguzki plaka jarriko dira; familia bakoitzaren kontsumoaren arabera, 6-8 eguzki plaka. "Azpeitian behar den energia Andaluzian sortuko balitz, bidean %30-40a galduko genuke. Askoz iraunkorragoa da herrian bertan sortzea energia", zehaztu du. Hala ere, proiektua erronka handia dela aitortu du, eta horregatik elkarlanaren beharra ezinbestekoa izango da. 

Proiektuan parte hartzea herritar guztien eskura egon dadin, diru iturri eta laguntza desberdinak aztertzen ari dira. Aurreikuspenen arabera milioi bat euroko inbertsioa izango du proiektuak baina Euskadi next europar funtsen eta Eusko Jaurlaritza zein Aldundien laguntzak jasotzeko lanean ari dira.

 

 

 


Warning: count(): Parameter must be an array or an object that implements Countable in /home2/azpeitia/public_html/templates/sj_financial/html/com_k2/templates/sj-template/item.php on line 311