wrapper

Oharrak

Atzo udal ordezkariek eta ostalariek egin zuten bileran, asteburuaren atarian, azpeitiarrei prebentzio neurriak zorrotz betearazteko konpromisoa hartu zuten. Hala, ostalariek beren negozioetan neurri guztiak ondo bete daitezen egingo dute lan eta udalak baliabide publikoak indartuko ditu helburu berarekin. Karnabalik ospatzeko baldintzarik ez dagoela ere azpimarratu nahi izan zuten.

Azpeitiko Udalak eta ostalariek atzo egindako bileran, herriko egoera izan zuten, besteak beste, hizpide. Asteburuaren atarian, herriko egoerak hobera egin dezan prebentzio neurriak ondo betetzearen beharra azpimarratu zuten. Horrela izan dadin, bi aldeek prebentzio neurriak betetzeko elkarlanean aritzea adostu zuten. Hala, ostalariek beren negozioetan neurriak zorrotz betearaziko dituztela adierazi zuten ostalaritzako ordezkariek eta udalak baliabide publikoak indartuko dituztela arauak bete daitezen azaldu zieten. Hala, udaltzaingoa arituko da ostalariei laguntza eskaintzen, neurriak betetzeko.

Herriko egoerak onera egitea guztion esku dagoela azpimarratu dute: “Egoera pixkanaka bada ere onera doa, eta datozen egunetan neurriak zorrotz jarraitzea ezinbestekoa izango da egoerari buelta emateko. Erlaxatzen bagara, okerrera egingo dugu eta berriro ere neurri zorrotzagoak bete beharko ditugu. ”Datozen egun eta asteetan arnasa lasaiago hartzeko, hurrengo egunotan, arduraz jokatzeko deia egin dute.

Egoera zertxobait hobera egin badu ere, “datu oso txarrak eta kezkagarriak” dira Azpeitikoak. Horregatik, bete beharreko arauak gogorarazi dituzte: musukoa derrigor eta modu egokian erabiltzea eta eskuak maiz garbitzea; jende pilaketak ekidin eta pertsonen arteko distantziak mantentzea eta 4 pertsona baino gehiago ez elkartzea.

Bide horretan indarrean diren neurriak bete eta errespetatzeko eta gizarte harremanak lau pertsonara mugatzeko, eremu publikoan eta pribatuan, ezinbestekoa dela egoerak hobera egiteko gaineratu dute. “Festarik ez da izango asteburuan, baina kalean, tabernan eta jatetxeetan elkartzen diren herritarrek prebentzio neurriak bete ditzaten egingo dugu lan”. Karnabalik ez dela izango berretsi nahi zain dute behin eta berriz: “Aurten ez da festarik izango, horretarako baldintzarik ez dagoelako”.