wrapper

Oharrak

Urtarrilaren 25ean, azken hamar egunetako koronabirus kasu positiboen gorakada nabarmen ikusita hartu zuen udalak eraikin publikoak ixteko erabakia. Orduko intzidentzia tasaren goranzko joera eten eta behera egin du nabarmen azken egunotan. Tendentzia mantentzen bada, udalak ostiralean eraikin publikoak irekitzeko aukera aztertuko du.

Azken egunotan kasu positiboen kopuruak eta birsortze tasak beherako norabidea hartu badu ere, koronabirus kasu positiboen datuak ez dira onak Azpeitian. Gaur argitaratutako datuen arabera, asteburuan 23 kasu positibo zenbatu dira herrian, eta 100.000 biztaleko 873-koa da intzidentzia tasa; birsortze tasa, berriz, 0,66koa da.

Datozen egunotan joerak bere horretan jarraitzen badu, instalazio publikoak astea bukatzerako irekitzea aurreikusten du udalak. “Egoera hobetzen ari bada ere, oraindik ere datu kezkagarriak ditugu herrian. Positiboen gorakada eteteko prebentzio neurri gisa itxi genituen udal instalazioak, eta 15 egunean beherako joera hartu du. Intzidentzia tasak, azken egunotan bezala beheraka jarraitzen badu, ostiralean udal instalazioak irekitzea aurreikusten dugu ”, zehaztu du Nagore Alkorta alkateak.

Bukatzeko herritarrek, prebentzio neurriak hartzeak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Guztiok lagundu dezakegu egoera hau hobetzen. Norbere jarreretatik has gaitezke bakoitzaren eta ondokoen osasuna zaintzen. Horregatik, prebentzio neurri guztiak errespetatzeko eta lau lagunetik gorako bilkurarikk ez egiteko eskatzen diegu herritarrei”.

 


Warning: count(): Parameter must be an array or an object that implements Countable in /home2/azpeitia/public_html/templates/sj_financial/html/com_k2/templates/sj-template/item.php on line 311