wrapper

Oharrak

Azpeitiak 100.000 biztanleko 1.000 kasuren muga gainditu du, eta Osasun Sailarekin informazioa partekatu ostean, udalak erabaki du Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriak baino zorrotzagoak aplikatzea. Alkatearen arabera, “oso larria” da egoera, eta behartuta daude “ezohiko erabakiak” hartzera. Horregatik, udal esparrutik kanpo, eragile sozial, ekonomiko eta kulturalekin ere harremanetan da erakundea, prebentzio neurriak zorrozteko.

Osasun egoera larria dela-eta, udal eraikinak itxi egingo dira bihartik, asteartetik, hasi; eta, behin-behinean, hamabost egunez. Horrenbestez, udal kiroldegia, igerilekua, liburutegia, ludotekak, gaztelekua, Emakume txokoa,  Soreasu antzokia eta Dinamoa Sormen gunea itxi egingo dira otsailaren 8a bitartean.

Horrekin batera, kultur ekitaldiak bertan behera uztea adostu dute Kulturaz kooperatibak eta udalak. Gainontzeko ekitaldiak ere bertan behera gelditu dira, eta udala herriko hezkuntza zentroekin, eragileekin eta lantokiekin harremanetan dago, jarduera murriztu eta prebentzio neurriak zorrozteko.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen hitzetan, egora “oso larria” da. Dagoeneko, 100.000 biztanletik gorako 1.000 kasuren langa igaro du udalerriak: “Orain arte, Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriak bete ditugu, baina egoerak okerrera egin du. Horregatik, eta Osasun sailarekin kontrastatuta, ulertzen dugu neurri horiek zorrozteko eta ezohiko erabakiak hartzeko unea dela”.

Erabaki horren aurretik, Osasun sailarekin harremanetan jarri da udala. Eskualdeko ESIko ordezkariak adierazi duenez, Azpeitian ez dago foko zehatzik, baina birsorkuntza-tasa 2,49koa da. Hori dela eta, Osasun sailaren arabera, aurreikusten da datuak datozen egunetan okerrerantz egitea. Egoera orokorrean da kezkagarria, Azpeitian zein herrialde mailan, horregatik, alkateak adierazi du erakunde guztiek egin behar dutela ahalegina datu horiei aurre egiteko. Datu horiek esku artean, eta Osasun sailarekin informazioa partekatu ostean, udalak pauso bat gehiago eman, eta instalazio publikoak ixtea erabaki du.

Alkateak dei egin die herritarrei arduraz jotzeko: “Orain, inoiz baino gehiago, neurriak errespetatzeko unea da, herriaren onerako jokatzeko unea. Datozen egunetan izaten dugun jarrerak garrantzia handia izango du pandemiaren bilakaeran, herrian zein herritik kanpo. Beraz, prebentzio neurri guztiak errespetatzeko eta lau lagunetik gorako bilkurak ez egiteko eskatzen diegu herritarrei”.


Warning: count(): Parameter must be an array or an object that implements Countable in /home2/azpeitia/public_html/templates/sj_financial/html/com_k2/templates/sj-template/item.php on line 311