wrapper

Oharrak

Urtarrilaren 8an jasoko dute lehen dosia eta 29an bigarrena, dena ondo bidean bada. Egoilar eta langileek hartuko dute txertoa; guztira 140 herritarrek. “Gustura” daudela azaldu du Manolo Aizbitarte zuzendariak, txertoa aurrerapausoa izango delako. Nagore Alkorta alkateak bere esker ona azaldu nahi izan die hilabete guzti hauetan egiten ari diren esfortzuagatik.

Martxoaren 15ean alarma egoera ezarri zenetik, Covid-19 birusaren aurkako txertoa da San Martin Egoitzan esperantza eta argi pixka bat ikusten hasteko albistea. Abenduaren 28an hasi zen COVID-19aren aurkako immunizazio kanpaina eta hilabete gogorren ostean, San Martin Egoitzako bizilagun eta langileek badute argi izpiak ikusten hasteko eguna. Urtarrilean izango da; dena ondo bidean, 8an lehen dosia hartuko dute eta 29an bigarrena. Guztira 140 herritar izango dira egun horietan txertoa hartuko dutenak.

Egun batetik bestera ezer ez dela aldatuko badakite, baina hilabete gutxiren buruan egoera leuntzen joango denaren esperantza dute Nagore Alkorta alkate eta San Martin egoitzako lehendakariak eta Manolo Aizbitarte zuzendariak.

Alkortarentzat albiste pozgarria da urtarrilean egoitzako adineko eta langileek txertoa hartu ahal izatea: “Hilabete gogorrak ari dira izaten guztiontzat, baina, batez ere, adinekoentzat eta adinekoen egoitzetakoentzat. San Martin egoitzan ardura handiz jokatu dute, izugarrizko lana egin dute. Bertako langileei, bizilagunei eta familiei eskerrak eman nahi dizkiet, inoiz baino gehiago, egin behar izan duten esfortzu guztiagatik eta badakidalako ez dela erraza izaten ari”.

Txertoa iritsiko zela jakin zutenetik “zain-zain” daude egoilarrak: “Hilabete askoren ondoren, lehen aldiz egoera hobeago baterako pauso garrantzitsua izan daitekeela ikusten dugu egoitzan. Gustura eta ilusionatuta daude, batez ere egoilarrak”, adierazi du Aizbitartek. Guztira, 74 egoilar eta 66 langilek hartuko dute txertoa egun horietan.

Urte gogorra ari da izaten 2020. urtea, eta orain sentsazio kontrajarriak ere badituztela aitortu du. “Hilabete luzeak ari dira izaten, eta pixkanaka-pixkanaka animoak ere ahitzen doaz”, azpimarratu du. Animoetan eta tentsioan herrian bizi den egoerak eragin zuzena duela gaineratu du: “Herrian kutxatu gutxi daudenean egoitzan lasaitasun pixkat izaten dugu, baina kutxatu kopuruak gora egindakoan tentsioak ere gora egiten du gurean”.

Data berezi hauetan, adinekoak gustura egon daitezen egoitzako langileek esfortzu berezia egiten ari dira, inoiz baino ekintza gehigoz gozatu ahal izateko adinekoek: “Aktibitate mordoa egiten ditugu, adinekoak entretenitzeko eta animoak goian mantentzeko, eta giro polita dugu orohar”, zehaztu du.

Azken egunotan herriko positiboen inzidentzia tasa pixkanaka behera badoa ere, egoera larria dela eta prebentzio neurriak betetzearen garrantzia azpimarratu nahi izan ditu Alkortak: "Prebentzio neurriak hartu eta norberaren osasuna zainduz, ingurukoak zaintzea dagokigu". 


Warning: count(): Parameter must be an array or an object that implements Countable in /home2/azpeitia/public_html/templates/sj_financial/html/com_k2/templates/sj-template/item.php on line 311