wrapper

Oharrak

Aho batez onartu berri ditu 2021. urteko aurrekontuak Azpeitiko Udalak. Datorren urtean 19.482. 829€ko aurrekontua izango du udalak eta Nagore Alkorta alkateak aurrekontuak osatzerakoan azpeitiarrak izan dituzte gogoan, eta bereziki, "Covid-19aren ondorioz bizitza asko konplikatu" zaien horiek. Egoera zail hauetan "diru publikoa eta udalaren baliabideak gehien behar dituzten herritarren zerbitzura" jarriko dituztela azpimarratu du. 

Ez ohiko egoera batean, ez ohiko egoera bati erantzuteko 2021. urteko aurrekontuak onartu ditu Azpeitiko Udalak gaur, abenduak 1, egindako ohiko plenoan. Ahalegin berezia egin behar izan dute arduradun politikoek aurrekontuen puzzlea osatzeko: "Alde batetik, bizi dugun egoerak dena zaintzen du, baina zailtasunak zailtasun ekarpen guztiak jaso eta kontuan hartzen saiatu gara. Eta, bestetik, 2020. urtean baino 763.000€ gutxiago izango ditugu eta beharrak inoiz baino handiagoak", adierazi du Alkortak. 

Aurrekontuak osatzerakoan, ezinbestekoa izan da lehentasunak ongi zehaztea eta Udal Gobernuak argi izan ditu, hasieratik, aurrekontuen bi ardatz nagusiak: gizarte beharrei erantzutea eta ekonomia sustatzea. Bi norabidetan ari da lanean azken hilabete luzeetan eta lan egiteko modu horri eutsiko dio datorren urtean ere: "Argi dago azpeitiarren momentuko beharrei erantzutea dagokigula, baina, aldi berean, etorkizuneko Azpeitia eraikitzeko prespektiba ezin dugu galdu", zehaztu du. Hori aintzat hartuta osatu dituzte datorren urteko aurrekontuak, eta "momentuko eta etorkizuneko beharrak uztartzeko" bidetik ari dira Azpeitia 2030 Plan Estrategikoa osatzen. 

Udal Gobernua azpeitiarren zerbitzura dagoela azpimarratu du Alkortak eta "Azpeitiarren arazoak udalaren arazoak" direla: Aurrekontu hauek inor atzean utzi gabe irteteko krisi honetatik eta denontzako Azpeitia eraikitzen jarraitzeko onartu ditugu" gaineratu du. 

Aurrekontuak abenduaren 1ean onartzea ere balioan jarri nahi izan du: "Oso garrantzitsua da ekitaldia hasi baino hilabete lehenago onartuta izatea. Urtea hastean, aurrekontua erabilgarri izango dugulako". Aurrekontu "on eta anbiziotsuak" egin dituztela esanez pasatu dio hitza Leire Goenaga ogasun batzordeburuari. 

Goenagak ere aurrekontuak osatzeko prozesua konplikatua izan dela nabarmendu du: "Bizi dugun egoera ezegonkorrean zaila da sarreren aurreikuspena egitea. Gipuzkoako Fondo Foraletik %5 gutxiago jasoko dugula aurreikusia dugu, eta murrizketa hori izan dugu aintzat. Sarreren aurreikuspena zuhurtziaz egin dugu. Baina sarreren aurreikuspena egitea bezain zaila izan da gastuen aurreikuspena egitea, ez jakintasuna baita nagusi". 

Aurrontuak batzorde guztietan lantzeaz gain, herriko eragileek eta herritarrek ere izan dute ekarpenak egiteko aukera eta eskaera guztiei erantzungo dien aurrekontuak osatzea izan dela helburua adierazi du. Gastuak murrizterakoan partida orokorrak "ajustatu" dira eta hirigintzako inbertsioen atala jaitsi behar izan dira: "Behar sozialei erantzuteko unea da eta ez obra handiak egitekoa", azpimarratu du. 

Gizarte babesa, inor atzean ez uzteko

Departamenduetako xehetasunak nabarmentzean, azken urteotan Gizarte Zerbitzuen bidez behar sozialei erantzuteko egindako aurrerapausoa nabarmendu du. "Gizarte beharrei erantzuteko diru publikoa indartu dugu, alde batetik, herritarren beharrei erantzutea lehentasuna delako, baina baita justizia sozialean sinesten dugulako ere".

Gizarte Zerbitzuen arloan hiru lan ildo azpimarratu ditu: adinekoentzako zerbitzuak, diru laguntza lerroak eta 2021ean egitekoak diren pobreziaren azterketa. Bilakaera demografikoaren eraginez, biztanleria gero eta zaharragoa da eta arreta berezia jartzen du Udalak adinekoen ongizatean eta zaintzan. Bide horretan, etxez etxeko zerbitzua aipatu du Goenagak: "Etxez etxeko zerbitzua 130 familiari eskaintzen diegu gaur egun. Udalaren eskumena da zerbitzu hori eskaintzea eta urtez urte gero eta herritar gehiagori ematen zaio". Zerbitzu horretaz gain, ordea, mendekotasunaren prebentzioan egiten den inbertsioa ere aipatu du. Diru laguntzei dagokienean, Gizarte Larrialdietarako laguntzen garrantzia azpimarratu du. Eusko Jaurlaritzak ematen ditu laguntza horiek eta  2020rako, eskari guztiei erantzuteko 107. 976€ bideratu ditu Azpeitira. Eskaera egin eta baldintzak betetzen dituzten herritar guztiei erantzuteko 441.000€ behar izan dira azarora bitartean; "Udalak duela hainbat urtetatik Udal laguntzak ematen ditu, beharra duen inor atzean ez uzteko". 314 familiak jaso dute aurten laguntza hori.  2020an 362.000€ bideratu ziren Udal Laguntzetara, eta 2021. urterako 382.000€ aurreikusi dituzte. 

2021ean pobreziaren azterketa egingo dela ere aurreratu du Goenagak: "Momentu ona izan daiteke herriko errealitea ezagutzeko. datu objetiboak izan eta azken urteotan egindako ibilbidean urratsal egiten jarraitu behar dugun edo egokitu egin behar dugun jakingo dugu horrela". 

Ekonomia sustatzeko 400.000€

2008ko krisitik atera eta egoera hobetzeko baliabide publiko garrantzitsuak izan ziren sustapen ekonomikorako laguntzak: "Laguntza horiek ematen dituzte bere fruituak", adierazi du. 2020an, osasun krisiak krisi ekonomikoa ekarri du, eta bizi dugun egoera ez egonkorrean zaila da zer gertatuko den datozen hilabeteotan jakitea. Ez egonkortasunaren adibide, herriko langabezia tasa da; urtarrilean, pandemia hasi aurretik, %8,4koa zen, abuztuan goia jo zuen eta %10,7koa izan zen, eta urriko azken datuen arabera, %9,4koa zen. "Pandemian, ez ohiko neurriak hartu ditugu, eta Sustapen Ekonomikorako Plan Integralaren baitan, 475.000€ bideratu ditugu sustapen ekonomikora", zehaztu du. 2020ko aurrekontuetan 250.000€ aurreikusita zeuden, eta partida handitu zuten, egoerak horrela eskatzen zuelako. 2020ko sustapen ekonomikorako laguntzetarako 102 eskaera jaso zituen Udalak eta esleipen prozesuan daude. Aurten jasotako eskaerak ikusita, 400.000€ bidaratuko dira datorren urterako. 

Ekonomiari dagokionez, lur industrialen garapena da udalaren beste lan lerroetako bat. Larringo lur industrialak garatzeko hitzarmena sinatu berri du Udalak Sprilurrekin eta Landetako azterketa ere abiatu du. Bide horretan, 50.000€ko diru partida jarri du lanean jarraitzeko: "Kalitatezko industriak sortzen ditu kalitatezko lanpostuak, eta kalitatezko industria sortzeko edo erakartzeko erraztasunak jarriko ditugu", gaineratu du. 

Bizi kalitatea hobetzeko inbertsioak

Inbertsioetan izan da aurtengo beherakada nagusia, eta Azpeitia herri "eroso eta irisgarria" izateko helburuarekin egingo dira 2021. urtean inbertsioak. Herriko bi eremuren irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko bi obra egitea aurreikusten da zehazki. Alde batetik, anbulatorio atzeko zubiaren bigarren fasea eta Matxinada kalea hobetzeko obrak egitea aurreikusten da. Obra horrekin eta Aranatik Aranagoikora igotzeko jarriko den igogailuarekin, herriko eremu handi bateko irisgarritasuna hobetu eta herritar ugariren bizi kalitatean eragingo da.

Bestetik, Garmendi auzoko 9 eta 13 etxeatarien ingurua eraberrituko da; eta bidegorrirako sarrera egokituko da.

Bi obra horiez gain, kirol azpiegituretako irisgarritasuna hobetzeko azterketa egingo da eta Soreasuko sormen guneko musikaren eremuari ere eutsiko zaio 2021. urtean.

Beste arloetan, kultura, kirola, parekidetasuna, ingurumena, hezkuntza, euskara eta gazterian aurrekontuak mantendu eta ahal bada zertxobait igotzeko apustua egin da, festak salbu. Festetan nabarmen egin du bera aurreikuspenak: "2021. urtearen lehen erdia behintzat ez da ohikoa izango eta aurrekontua jaitsi dugu. Hala ere, festak egitea posible balitz egokituko genuke aurrekontua", zehaztu du Goenagak. 

Aurrekontuak azalduta Amaia Etxeberria oposizioko eledunak hartu du hitza: "Bizi dugun egoera ikusita, aipatu dituzuen lehentasun berdinak ditugu guk ere eta egindako hainbat ekarpen txiki onartu dituzuetenez, aurrekontuen alde bozkatuko dugu. 

Bukatzeko, eskerrak eman nahi izan ditu Alkateak. Aurrekontuak osatzeko egindako ahaleginagatik Osagun batzordeburua eta lan talde osoa zoriondu nahi izan ditu. Eta aurrekontuak osatzerakoan Azpeitiarrak izan dituztela gogoan gaineratu du: "Badakigu Covid-19aren ondorioz asko konplikatu dela azpeitiar askoren bizitza. Egoera zail honetan Azpeitiko Udalaren baliabideak gehien behart duten herritarren zerbitzura jarriko dugu. Beraz, diru eta baliabide publikoak azpeitiarren zerbitzura jartzeko tresna izango dira". 

 

2021eko aurrekontuak, zenbakitan

Azpeitiko Udalaren 2021eko aurrekontu bateratua: 29.836.874,02 €

Udalaren aurrekontu propioa: 19.482.829,02€

Euskara Patronatua: 736.030,16€
Udal Kirol Patronatua: 1.466.654,02€
Azpeitia Berritzen, SA: 9.512.545€

Aurrekontua, sailez sail:

Ogasuna eta kontuak

396.895

Hirigintza eta ingurumena

1.345.000€

Hezkuntza eta euskara

1.047.819

Kultura eta gazteria

1.097.400

Kirola

1.196.654

Gizarte zerbitzuak

2.129.976

Langileria eta antolakuntza

6.136.764

Festak

279.000

Zerbitzu orokorrak

4.028.340

Alkatetza

296.000

Ekonomoa, enplegua eta formazioa

1.085.978

Parekidetasuna

192.000€

Baserriak

251.000€

Guztira

19.482.829


Warning: count(): Parameter must be an array or an object that implements Countable in /home2/azpeitia/public_html/templates/sj_financial/html/com_k2/templates/sj-template/item.php on line 311