wrapper

Oharrak

Ekonomia, lana edo langabezia dira azpeitiarren kezka nagusiak. Martxotik bizi dugun egoera ez ohiko eta ez egonkorra medio, oraindik eta garrantzia handiagoa hartu dute  herritarren artean gai horiek. Azpeitiko Udalaren ardatz da ekonomia azken urteotan, eta egoera bereziak, gizarte beharrei erantzutearekin batera lehentasun nabarmena hartu  du azken hilabeteotan. "Lur industrialen baitan hiru lan lerro ditugu zehaztuta: jabeekin lantzen ari garen Corrugadoseko eremuaren garapena, Larringo lur publiko industrial en garapenerako hitzarmenaeta gaur aurkeztera gatozen Landeta eraberritzeko azterketa eta plana. Epe luzerako proiektuen hasiera puntuan gaude, baina etorkizuneko Azpeitia hori eraikitzeko ezinbestekoa da gaurtik lantzen hastea gai konplexu hauek", azpimarratu du Nagore Alkorta alkateak. 

Azpeitiko Udala esfortzu handia egiten ari da martxotik sektore desberdinek bizi duten egoeraren aurrean baliabideak eskaintzeko: "Egoera ezegonkor honetan garrantzitsua iruditzen baitzaigu ahalik eta eperik laburrenean herriko ekonomia babesteko neurriak hartzea", adierazi du Nagore Alkorta alkateak.  Garrantzitsua  izan da ez ohiko egoerei eta beharrei erantzuteko "gaitasuna eta azkartasuna" izatea, baina horrekin batera garrantzitsua da, herriko ehun ekonomiko eta industriala indartzeko epe-motz ertainerako baliabideak eta estrategia izatea. Azpeitiko Udala bi norabidetan ari da lanean. 

Bide horretan, pandemiak eragindako alarma egoerak eragindako kalteak leuntzeko Sustapen ekonomikorako laguntzen plan integralean osatu zuen. 2020ko aurrekontuetan 250.000€ aurreikusita zituen sustapen ekonomikorako laguntzetara bideratuta. Egoeraren larritasuna ikusita, 475.000€ bideratu ziren udaberrian diru laguntza horretara. "Laguntza horien bidez, sektore desberdinen garapenean bultzada ematea da helburua", zehaztu du. Lau linea izan ditu laguntzak:  Merkataritza eta lehen sektorea, industria, ekintzailetasuna eta  langile berriak kontratatzeko laguntzak. "Egunerokotasunari erantzutea bezain garrantzitsua da etorkizunerako plan bat izatea. Bide horretan hasiak gara ‘Azpeitia 2030 Plan estrategikoa’ osatzen, hori izango da gure politiken ardatza", gaineratu du. 

Industria berreskuratu eta berraktibatzeko neurriak hartu eta baliabideak jartzeko pauso garrantzitsuak ematen hasia da Udala, Urola Industrialdearekin elkarlanean, herriko industriaguneen inguruko azterketa egin zuen. "Han detektatutako industria beharrei erantzuna emateko eta berria erakartzeko lur industrialak egokitzea ezinbestekoa dela ikusi dugu. Gaur egungo lur industrial eta pabiloiak zaharkituak daude, eta, horrez gain, esku pribatuetan. Beraz, ez diete erantzuten egungo industria beharrei eta etorkizunekoei". 

Azken krisi ekonomikoak hainbat enpresa ixtea ekarri zuen herrian, eta horrek eragin zuzena izan du industria eremuen degradazioan. Itxi ziren enpresetako bat Corrugados Azpeitia izan zen: "Eremu horri ere aterabide egokia eman beharra dago herriaren garapen orekatu baterako. Horregatik, gaur egungo jabe den Grupo Industrial CL eta Leal familiarekin harremanetan gaude. Enpresa irekitzeko asmorik ez duela adierazi digute eta eremu horren garapen posibleak aztertzen ari gara elkarlanean. Eremu horrek aterabide orekatua izan dezan ezinbestekoa dugu elkarlean aritzea", jarraitu du. 

Ekonomia eta lur industrialen garapenaz hitz egitean, udalaz gaindiko eskumenez eta inbertsio handiez hitz egiten da: "Lur industrialak eskuratu eta garatzeko inbertsio publikoa ezinbestekoa da eta horregatik izan gara azken hilabete luzeetan Sprilurrekin harremanetan, horregatik balioan jarri nahi dut, azaroaren 5ean Larringo eremua garatzeko sinatutako hitzarmena ere", azpimarratu du.

Herriko eremu industrialak zaharkituak daudela esatean gai horri  "heldu beharra" dagoelako dela azpimarratu du: "Arlo horretan hiru lan lerro ditugu zehaztuta: aipatu berri dudan Corrugadoseko eremuaren garapena, Larringo lur industrial publikoen garapena eta gaur aurkeztera gatozen Landeta eraberritzeko azterketa eta plana. Epe luzerako proiektuen hasiera puntuan gaude, baina etorkizuneko Azpeitia hori eraikitzeko ezinbestekoa da gaurtik lantzen hastea gai konplexu hauek". 

Landetako eraberritzeko azterketa, abian

Udalaren helburua etorkizuneko belaunaldiek ere herrian bizi eta lan egiteko aukera izatea dela azpimarratu dute gaurko prentsaurrean. Lan aukerak  eta lanpostu duinak sortzeko eremu industrialaren garapena ezinbestekoa da. "Industria garapenerako azpiegitura falta nabaria da gaur egun. Eta horren adibide nagusia Landeta da", zehaztu du Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako batzordeburuak. Horregatik, Landetako ordenazioa eta etorkizuneko zein beharri erantzuteko garapena behar duen zehaztuko duen alternatiben azterketa abiatu du Udalak.

Eremu zabala hartzen du Landetak, eta udalak abian jarri duen azterketak 16 hektareako azalera duen eremua hartuko du.  Labakaren hitzetan "egoerarik okerrenean" dagoen eremua da abiapuntua: Atxubiagako biribilgunetik Amuko Zubi ondoko biribilgunera artekoa  eremuaren azterketa egin eta ordenazio proposamen berri bat garatzea da helburua. "Eremu hori Landetan biltzen diren interes desberdinak isla da: etxebizitzak, taberna eta jatetxeak, aktibitate industriala, aktibitate komertziala, hustutako eta utzitako pabiloiak, kale estu eta ondo antolatu gabeak... aurkitzen baitira. Denetik eta modu desordenatu batean biltzen da gaur egun Landetan, eta inguru degradatua bihurtu da", azaldu du. Tartean, ibaia ere badago Landetan, ibaia estutu egiten da inguru horretan eta uholde arriskua dela eta, Urak agentziarekin, beste herriko hainbat gune bezala, lanketa berezia egiten ari direla azaldu du. 

Eremu horrek etorkizuneko beharrei herri ikuspegiarekin erantzuteko baliabide edo tresnarik ez du eskaintzen indarrean dagoen Plan Orokorrak dauden pabiloiak kontsolidatutzat ematen dituelako. "Aurrera begirako bisio batekin etorkizuna marrazteko aukerarik ez du uzten. Horregatik, datozen  sei-zortzi hilabeteotan eremu horren inguruko hausnarketa egingo da eta proposamen bat landuko da industria lurretan adituak diren teknikoekin".

Behin proposamen teknikoa  edo alternatiba ezberdinak jasota, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko prozesua jarriko du abian. Herritarren ekarpenekin osatutako dokumentua Plan Orokorrean sartzeko prozedura zein den zehaztuta, osatutako dokumentua arau bihurtzeko egin beharreko tramitazioa egingo da. 


Warning: count(): Parameter must be an array or an object that implements Countable in /home2/azpeitia/public_html/templates/sj_financial/html/com_k2/templates/sj-template/item.php on line 311