wrapper

Oharrak

Gaur, azaroak 20, hasi da Euskaraldia bigarren edizioa. Eta gaurkoan, euskarak elkartu ditu Udala eta Elegune enpresen hizkuntza gestiorako gune teknikoaren bidez, lan munduan euskara normalizatzeko konpromisoa hartuta duten enpresak. Artxara, Kooperatiba Elkarte Txikia; Abelur, Kooperatiba Elkartea; Biele, SA; Gurean Turismo Zerbitzuak, SL; K1 Ekopaisaia, SLL eta Landeta Burdin Lanak Berria, SL-ri euskararen alde egiten duten lana errekonozitu eta eskertu diete Nagore Alkorta alkateak eta Eneritz Albizu euskara batzordeburuak. 

Gehiago, gehigorekin eta gehiagotan. Hori da Euskaraldiaren leloa, eta gaurko ekitaldian izan diren enpresa eta erakundeek horretarako konpromisoa hartua dute: "11 egunez gure hizkuntza ohiturak berrikusi eta iruditzen zaigunetan aldatzeko ariketa sozial kolektiboari hasiera emango diogu gaur. Zuen enpresa edo erakundeek laneko hizkuntza ohiturak aldatu edo berrikusteko hautua egina duzue", adierazi du Nagore Alkorta alkateak. 

Aurtengo Euskaraldian erakunde eta enpresetan jarri da arreta, eta gaurkoan Azpeitiko Udalak esakintzen duen Elegune zerbitzuaren bidez herriko enpresek euskararen normalizazioan egiten duten lana azaleratu nahi izan du. "Euskararen normalkuntzan ezinbestekoa da laneko hizkuntza ohituretan euskara sustatzea. Enpresek ere euskaraz egin dezaketela frogatzen duzu zuek zuen egunerokoarekin. Industrian, lehen sektorean zein hirugarrengoan euskara lan tresna dela ikusten da zuen enpresan, eta Azpeitiko zein Euskal Herriko enpresa askorentzat eredu zarete", gaineratu du, 

Eneritz Albizu euskara batzordeburuak, Azpeitia herri euskalduna izanagatik "hainbat arlotan, oraindik ere" badela zer eginik aipatu du. "Txalotzekoa eta baloratzekoa da euskara eta zuen eguneroakoan euskararen erabilera sustatzeko euskara planak enpresetan txertatzeko egiten duzuen ahalegina, ausardiaz hartutako erabakia da eta aldaketetarako prestutasuna erakusten duzue", eskertu ditu enpresetako ordezkariak. 

Nabarmena da enpresa batean euskararen erabilera sustatzeko zuzendaritzaren eta langile guztien inplikazio ezinbestekoa dela. "Inplikazio horrek euskara lan-prozesu guztien erdigunean jartzea ahalbideratuko du, eta kudeaketarako zein lanerako hizkuntza bihurtu duzue edo horretan ari zarete. Horrek erreferentzialtasuna ematen dio hizkuntzari, eta zuen zerbitzuarentzat balio erantsia da", esan die. 

 

Lanean ere euskaraz aritzeko konpromisoa

Enpresetan hizkuntza politika zehaztu eta euskara planak egin eta garatzen ari diren enpresak izandira gaurkoan protagonista, eta enpresa bakoitzeko ordezkariak ere hartu du hitza beren esperientzia elkarbanatzeko. Abelurreko Lurdes Alberdi oso eskertuta agertu da Elegunek emandako laguntzarekin: "Udalak, Euskara Patronatuaren bidez eskaintzen duen programa oso baliagarria izan da gure enpresan euskara plana garatzeko", adierazi du. "Elikagunea proiektu euskaldun eta euskaltzalea da eta hasieratik izan dugu euskaraz aritzeko konpromisoa", adierazi du Haritz Arakistain artxara Kooperatiba Txikiko kideak. Konpromiso horrek fruituak ere ekarri dizkiete aurten, izan ere, abenduan jasoko dute Bikain ziurtagiria. Euskaralditik kanpo ere, ahobizi eta arigune izaten jarraituko dutela ere azpimarratu du. Gurean Turismo Zerbitzuak,SLko Alex Silvak 2017an sortu zuten enpresa hasieratik euskaraz aritu dela nabarmendu du: "Gu sortu ere euskaraz srtu ginen, eta beste hainbat hizkuntza  lantzen baditugu ere euskara da gure zerbitzuaren hizkuntza". 

Biele SA ko Maider Aizpuruk eta K1 Ekopaisaia SLL-ko Aitziber Otegik antzeko esperientzia azaldu du."2006an Elegunen izena ematea erabaki genuenean uste genuen gauza guxti genuela guk enpresa barruan euskaratzeko. Gure ahozko hizkuntza erabat euskaraz zelako. Gauzak begiratzen hastean ohartzen zara duzun lan guztiaz", azaldu du Aizpuruk. "T10 edo mediku txostenak euskaraz ote genituen galdetu ziguten arte ez ginen ohartzen zenbat dokumentu jaso genitzakeen gazteleraz oharkabean", gaineratu du Otegik. Zerbitzu eta dokumentuak euskaraz jasotzeko eskubidea aldarrikatu dute: "Gazteleraz duguna euskaraz jaso nahi dugula eskatu dugu. Agian enpresa bakar batek eskatuta ez dugu lortuko, baina banan bana eskatuz bagoaz, agian, hurrengoan lortuko dugu", aipatu du. Aizpuruk herrian zein Euskal Herri mailan hainbat programa edo bestelako euskaraz jaso ahal izateko antolatu beharra aipatu du. "Enpresa bakar batek soillik gauza batzuk lortzea ez da posible, baina talde lanean, elkartzen bagara, gauza batzuk lortzeko aukerak izango genituzke", zehaztu du. 

Landeta Burdin Lanak Berria SLko Kepa Alberdik euskarak enpresetan duen egoeraren hausnarketa plazaratu du: "Lan munduan euskarak duen egoera aspaldiko kezka da. Ondo prestaturiko belaunaldi berriak aprobetxatu beharko genituzke inertziak gazteleraren gurpilean sartu aurretik, enpresetako hizkuntza ohiturak aldatzeko", azaldu du. Instituzioei konpromiso hitzetatik ekintzetarako pausoa emateko beharra ere azpimarratu du: "Euskaraz egitea eskubide bat da eta instituzioak konpromisoak bete eta betearazteko daude. Teorizazioetatik praktikara salto egitea geroz eta beharrezkoagoa da", esanez bukatu du. 

Manolo Aizbitarte San Martin Fundazioko ordezkaria izan da hitza hartzen azkena. "Gu herritik sortu ginen eta herriarentzat egiten dugu lan. Guretzat ezinbestekoa da euskaraz aritzea. Guretzat oso garrantzitsua da Eleguneren bidez gure lan munduan euskaraz aritzeko pausoak ematea". 

Eman izena Euskaraldian

Gaur hasi eta  abenduaren 4ra bitartean egingo da Euskaraldia. Euskaldunen hizkuntza ohiturak eraldatzea eta euskararen erabilera handitzeko ariketa sozial kolektiboa da.  Azpeitian 1.815 herritarrek eman zuten izena atzora arte, baina oraindik bada horretarako aukera; asteartean itxiko da izen-ematea. Azpeitian, gaur (18:00etatik 20:00etara) eta bihar (11:00etatik 13:00etara) postua jarriko dute sanagustinpean, izena emateko eta ahobizi edo belarriprest txapak jasotzeko. 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information