wrapper

Oharrak

Azpeitiko Udalak eta Bertan merkataritza Elkarteak herriko merkataritza eta ekonomiaren sustapenerako bonoak aterako dituzte berriro. Merkataritza babestu eta herritarrak herrian bertan inbertitzeko hautua egiteko eskatzen diete herritarrei.

Sustapen ekonomikoaren bidez, bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiak bultzatzea eta herritarrei erosketak egiteko laguntza edo pizgarria ematea. Bi helburu horiek bultzatu dituzte Azpeitiko Udala eta Bertan merkatarien elkartea ‘Azpeitia Zaindu’ bonoak berriro ere ateratzera. Maiatzean egin zen antzera, 50 euroko balioa izango duten 2.000 bono aterako dituzte, eta 35 eurotan eskuratu ahal izango da horietako bakoitza.


Herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresak batu daitezke kanpainara, ez bakarrik Bertan-eko kide direnak, nahiz eta kudeaketa merkatarien elkarteak gidatuko duen. Ostalaritzari dagokionean, ohiko jarduera burutzeko ezintasunak bonoen erabilera baldintzatuko duen arren, eramateko egiten diren kontsumoak ordaintzeko erabili ahal izango dira. Gainera, nola ez, ohiko ostalaritza jarduera burutzeko aukera berreskuratzean ere bonoekin ordaindu ahal izango da atxikitako taberna eta jatetxeetan.


Osasun alarma egoerak eragindako kaltean arintzeko bide izan nahi dute bonoek. Izan ere, azken hilabete zailak izaten ari dira merkataritzarentzat ere. Merkataritza sektoreari bultzada ekonomikoa emateko udalak 30.000 euro inbertituko ditu kanpaina honetan. Azaroaren 16ean hasiko dira bonoak saltzen, pertsona bakoitzak gehienez bi eskuratu ahal izango ditu, eta urtarrilaren 6ra arte erabili ahal izango dira kanpainarekin bat egiten duten saltokietan.


Pandemia kalte ekonomiko nabarmenak eragiten ari da eta, horren aurrean, sustapen ekonomikorako tresna izan nahi du ekimen honek. Nagore Alkorta Alkatearen hitzetan, “Garai ekonomiko zailak bizi ditugu. Eta udalak, merkatariak zein herritarrak elkarlanean pauso berri bat emango dugu”, adierazi du. Bide horretan, herritarrei bertako merkataritzaren aldeko apustua egiteko eskatu die: “Orain inoiz baino gehiago dagokigu herriko merkataritza eta ostalaritza babestea. Herrian egin ditzagun erosketak. Erabaki dezagun guztiok gure kontsumo ohiturak berraztertu eta herrian inbertitzea”, gaineratu du. Karmele Zabaleta Bertanen lehendakariak ere ildo beretik hitz egin du kanpainaren aurkezpenean. “Pandemiak agerian utzi du bertakotasunaren garrantzia. Gertuko denden beharra ikusi da eta aurrera begira etxe inguruan dendak izan ditzagun, beharrezkoa da herrian erostea. Zentzu horretan, bonoek pizgarria suposatzen dute”.

 

Kanpainaren xehetasunak
Azpeitiko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresak batu daitezke ‘Azpeitia Zaindu’ kanpainara. Horretarako, Bertanekin jarri beharko dute harremanetan, eta eskaera-orria bete azaroaren 13ko 17:00ak aurretik, 943-02 56 73 telefonora deituta, Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo. helbide elektronikora idatzita edo bulegora joanda (Enparan kalea 34, behea).
Kanpainara batzen diren saltokiek kanpainarako prestatu dituzten kartel eta esku-orri adierazgarriak jasoko dituzte, establezimenduetan ikusteko moduan izan ditzaten.
50 euroko balioa duten 2.000 bono jaulkiko dira. Bono bakoitza 35 eurotan erosi ahal izango da, eta ekimenari atxikitako Azpeitiko establezimenduetan kontsumitzeko 50 euroko balioa izango dute.


Bono bakoitzak 10 euroko bost txartel izango ditu, eta txartel horiek banaka erabili ahal izango dira. 10 euroko txartel bakoitza behin bakarrik erabili beharko da. Erosketaren zenbatekoa txartelaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko, eta bonoak ezingo dira diruagatik trukatu.


16 urtetik gorako herritarrek eskuratu ahal izango dituzte kanpainako bonoak, eta pertsonako bi bono eros ahal izango dira gehienez.


Gehienez lau bono (20 txartel) pilatu ahal izango dira erosketa berean. Bonoak ezin direnez eskudirutan trukatu eta bonoaren zenbatekoa ez denez inola ere itzuliko, produktua itzultzen bada, establezimenduak erosketaren zenbateko osoaren bono propio bat jaulki beharko du.


Azaroaren 16an jarriko dituzte bonoak salgai, eta urtarrilaren 6ra arteko balioa izango dute.


Herritarrek aurrez aurre (Bertanen bulegoan, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara) zein on line (www.dendago.com/azpeitiazaindu webgunean) erosi ahalko dituzte bonoak.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information