wrapper

Oharrak

Gaur goizean sinatu dute Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailburuak eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak hitzarmena. “Azpeitiarrak eta gazte belaunaldi berriek Azpeitian bizi eta lan egiteko aukera izan dezaten ezinbesteko proiektua da gaur aurkeztera gatozena. Proiektu honek, beraz, azpeitiarren etorkizuna gaurtik lantzen hastea dakar”, adierazi du Alkortak.

Industria lurren garapen eta berreskuratzearen baitan, pauso garrantzitsua eman da gaur; Sprilur sozietate publikoak eta Azpeitiko Udalak Larringo lur industrialen garapena egiteko elkarlanerako hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenaren sinatzean izan dira, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailburua, Txaber Ouro Sprilurreko zuzendaria, Josu Labaka Azpeitiko udaleko hirigintza zinegotzia eta Nagore Alkorta Azpeitiko Alkatea.

Gaur sinatutako hitzarmenaren baitan, Larringo industria lurrak gaur egungo industria eredu berriaren beharrei erantzuna emateko prestatuko dira. Orain artean, Azpeitiko Udalak eta Sprilurrek Larringo industriaguneko azalera eta lurra egokitzeko beharra aztertu dute, inguruko ekonomia indartuko duen enpresa-sustapeneko industria-eremua gauzateko. Horretarako, industria berriaren beharrei eta eskaera potentzialari erantzuten dieten alternatibak aztertu dira.

Akordio honen baitan, Azpeitiko Udalak Sprilur enpresari eskatzen dio Larringo industria lurrak egokitzeko. Sprilurrek, berriz, industria-azpiegituren kudeaketan eta sustapenean duen esperientzia aurkeztu du, Azpeitian sustapen berri hori gauzatzeko. Horretarako, bi aldeek lehentasuna emanen diete egin beharreko azterlan eta lanei, eta poligonoa urbanizatzeko aurreikusitako tramitazioak ahalik eta azkarren egiteko konpromisoa hartu dute.

Azpeitarentzat pauso garrantzitsua

Nagore Alkorta alkatearen hitzetan, “enplegua, lana eta ekonomia” dira azpeitiarren kezka nagusiak: “Baita udal gobernuarenak ere, eta ondorioz, ekonomiaren sustapena da udalak duen lehentasunik handiena. Enplegua sortzea da daukagun erronka, eta horretarako, behar beharrezkoa da azpiegiturak egokitu eta jarduera industriala berreskuratzea. Azpeitiarrak eta gazte belaunaldi berriek Azpeitian bizi eta lan egiteko aukera izan dezaten ezinbesteko proiektua da gaur aurkeztera gatozena. Proiektu honek, beraz, azpeitiarren etorkizuna gaurtik lantzen hastea dakar”, gaineratu du.

Lur industrialak egokitu eta eskuratzea estrategikoa dela Azpeitiarentzat eta eskualdearentzat azpimarratu du; bai bertako enpresek behar duten garapenerako azpiegiturak eskaintzeko, baita aktibitate ekonomikoa erakarriz sare industriala berreskuratu eta lanpostu duinak sortzeko ere.

Azken urteotan asko aldatu dira industria beharrak eta behar berri horiei erantzuteko ezinbestekoa dela azpiegiturak egokitzea gaineratu du: “Hainbat industria eremu zaharkituak gelditu zaizkigu, Landetakoa adibidez. Eta beraz, industria berria erakartzeko moduko azpiegiturak eraikitzearekin batera, zaharkituak gelditu diren eremuak biziberritzeko giltza ere izan nahi du Larringo industria eremuak”.

Erakunde publiko ezberdinen arteko elkarlana ere balioan jarri nahi izan du: “Bestelako elkarlanerako aukerei ateak itxi gabe, ezinbestekoa da erakunde publikook urrats bat aurrera eman eta inbertsio publikoa handitzea. Eta uste dut hitzarmen honek bi egiteko horiei bide ematen diela; bai erakunde arteko elkarlanari, baita erakunde publikoen ekimenari dagokionari ere”.

Arantxa Tapia Sailburuak duela urtebete baino gutxiago elkartu zirela gai honen inguruan hitz egiteko lehen aldiz ekarri du gogora: “Hitz egiten hasi ginen eta poztekoa da gaur hemen hitzarmena sinatzen egotea”. Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetakoa langabezia tasa murriztea eta XXI. Mendeko industria sortzea dela azpimarratu du. Bide horretan, industria beharrei erantzuteko azpiegitura publikoak eskaintzearen beharra aipatu du: “Larringo industriaguneak herriko eta eskualdeko behar bereziei erantzuteko balio behar du. Azpiegitura faltak ezin du aitzakia izan bertako industriaren hazkunderako edo berriak erakartzeko”, gaineratu du.

Horrelako proiektuen tramitazio faseak luzeak izan ohi dira, baina bi erakundeek egin beharreko azterketa eta tramitazio guztiak ahalik eta azkarren egiteko konpromisoa adierazi dute, beti ere guztiak ongi egingo direla bermatuta.

 

Larringo xehetasunak

Sprilurrek eta Azpeitiko Udalak konpromisoa hartu dute behar den idazketa eta tramitazio administratiboa ahalik eta lasterren egiteko. Sprilurrek hirigintzako planeamendu eta kudeaketari buruzko dokumentazio guztia prestatu eta tramitatuko du, Udalean onets dadin. Honek, halaber, jarduketa programa eta behin betiko urbanizazio proiektua tramitatu eta onesteko bidea emango du, urbanizazio obrak hasteko.

Larrin poligonoaren jarduketa eremua 210.210 m²-ko azalera baten gainean dago, eta hasierako bideragarritasunaren azterlanak 4 partzela handi urbanizatzeko proiektua aurreikusten du, 15.072 m²-tik 49.800 m²-ra bitarteko azaleretatik ateratzen direnak. Hau da, guztira 107.409 m2 industriarako lurzatia. Oinplanoko gehieneko okupazioaren azalera 64.445 m2koa izango litzateke eta solairuarteko aprobetxamendua %25ekoa, hau da, 16.111 m²-koa. 20 milioi euro inguruko inbertsioa izango dela aurreikusia dute.

Tokiko garapen ekonomikoarekin eta lurralde-ikuspegiarekin bat datozen helburuak lortzeko lankidetza eta konpromiso publikoaren adibidea da Larrin. Gainera, industria berriaren benetako beharrei erantzuteko enpresa-inguruneak zabaltzen, garatzen eta modernizatzen laguntzen du.

 

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information