wrapper

Oharrak

Covid-19aren pandemiak asko aldatu du herritarren bizitza. Martxoan, egun batetik bestera  ia oharkabean konfinatuta zeuden herritar guztiak. Hilabeteen buruan, datuen olatuen gora beheran neurriak lasaitzen eta egokitzen  joan dira, baina badirudi, datozen hilabeteak ere gogorrak izango direla. Horren jakitun, adinekoen egoera aztertu eta bizi baldintza mantentzeko helburuarekin, datozen hilabeteei elkarlanean erantzuteko proiektua aurkeztu dute Izarraitz Lanbide Heziketak, Azpeitiko anbulatorioak eta Udalak. Prentsaurrekoan izan dira Nagore Alkorta alkatea, Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuen batzordeburua, Eduardo Sudupe Izarraitz LHIIko Zuzendaria, Iñigo Azkue Izarraitz LHIIko Marketin sustatzailea, Roberto Peña Izarraitz LHIIko Berrikuntza Zuzendaria eta Mikel Kalparsoro Azpeitiko anbulatorioko ordezkaria. 

Osasun alarma egoeraren hasieratik egoera horrek herritarren artean  eragindako arazoak eta gabeziei erantzuteko etengabeko lanean ari da Azpeitiko Udala. Jakitun da, hilabete guzti hauetan herritar asko eta asko direla gaizki pasatzen ari direnak: "Pandemiak herritar askoren bizi kalitatean eragin handia izan du; bai ekonomikoki, bai sozialki, bai fisikoki eta emozionalki", adierazi du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. 

Bereziki kezka sortzen die herriko adinekoen eta patologia jakin batzuk dituzten herritarren egoerak: "Alarma egoeraren hasieran, adinekoei babesteko eskatu genien, etxean gelditzeko, eta herritar boluntario sarearen bidez deitu eta zituzten beharrei erantzuten saiatu ginen. Oraingoan ere babesten segitzeko deia egiten diegu, baina egoera luzatzen doan heinean, beren osasuna eta ongizatea zaindu eta bizi kalitatea bermatzeko moduak aurkitu behar ditugula uste dugu. Egunerokoan etxetik irten eta beren osasuna fisikoa eta mentala zaindu eta sozializatzeko modu seguruak bermatu beharra dagoela uste dugu, pandemia honetatik guztiok eta elkarrekin osasuntsu irteteko", gaineratu du. 

Adinekoen zaintza komunitarioaren baitan, dituzten beharrak detektatu eta baliabideak eskaintzea da gaur aurkeztutako proiektuaren helburua.

Adinekoen osasunaren eta bizi kalitatearen inguruko kezka konpartitzen dute proeiktuan parte hartuko dutenek eta kezka horretatik abiatuta, orain artean boluntario sarearekin egindako lanari jarraipena emateko sarea handitu eta elkarlanerako aukera berri bat sortu da hainbat eragileren artean. 

Udaberrian, martxoan, deitu zitzaien lehen aldiz adineko herritar guztiei. Orduan berria zen denentzat pandemiaren kontua eta lehen momentu horretarako beharrei erantzutea eta nola zeuden galdetzea izan zen lehen helburau: "Hilabete askoren ondoren, osasun alarma egoerak bere horretan jarraitzen duela ikusirik eta datozen hilabeteetan ere horrela jarraituko duela aurreikusita, berriro deituko diegu 70 urtetik gorako herritar guztiei", adierazi du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. Izan ere, denbora luzatzen doan heinean, "etorkizunean egoera honek sor ditzakeen ondorioek" ere kezkatzen ditu. "Sentsazioa dugu adineko asko etxean daudela, berdurtuta edo oso gutxi irteten direla kalera. Kezkaz bizi dugu egoera eta kezkaz begiratzen diogu etorkizunari", gaineratu du. Horregatik, gaur adinekoak nola bizi diren jakin nahi dute. 

Lankidetza komunitarioa

Lanketa berri honetan, martxoan sortutako boluntario sareko kideez gain, Izarraitz Lanbide Heziketako Mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta heziketa zikloko ikasle eta irakasleak eta anbulatoriko ordezkariak ere arituko dira. Hala, eragile guztien artean galdetegi bat prestatu dute herriko adinekoen berri jasotzeko. Galdetegian beren osasunaren, bizi ohituren eta ohitura aldaketen inguruan, dituzten harreman sozialez, egoera honek sortzen dizkieten sentsazio eta sentimenduez, dituzten beharrez.... galdetuko zaie. Deiak boluntario sarearen eta Izarraitz Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleen bidez egingo dira.

Behin egoera ezagututa, udalak sortzen diren beharrei baliabideak egokituz edo berriak sortuz erantzuteko konpromisoa agertu du. Izarraitz Lanbide Heziketako arduradunak ere, aurrera begira elkarlanean jarraitu eta adinekoen beharrei erantzuteko prest azaldu dira. 

Eduardo Sudupe Izarraitz Lanbide Heziketako zuzendaria oso eskertuta azaldu da lankidetzarako aukera eskaintzeagatik. 2016. urtean hasi ziren Mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta erdi mailako zikloa eskaintzen eta ahasi berri den ikasturtean Gizarteratzeko Goi Mailako Heziketa Zikloa eskaintzeari ekin berri diote. "Eskualdean horrelako heziketarako behar bat detektatu zen eta eskualdeak guri eman diguna ikasteta eskaintzatik harago eskaini ditzakegun zerbitzu desberdinen bidez itzuli nahi diogu", zehaztu du. Ikasle eta irakasleentzako "aukera paregabea" dela gaineratu du, eta ikasleentzako "ezinbesteko trebakuntza" izango dela nabarmendu du. Galdetegiak egitetik harago, adinekoen arloan lankidetzan jarraitzeko prestutasuna azaldu du. 

Iñigo Azkue ikastetxeko Marketin arduradun eta arlo horretako zikloko irakasleak adinekoen lanketa honi lehentasuna emango diotela azpimarratu du: "Edozien programaren gainetik jarri dugu. Azken finean edozein azalpen teoriko eta praktiko baino askoz ere baliagarriagoa izango dira praktika erreal hauek ikasleentzat". Hala, 60 ikasle eta 7 irakaslek parte hartuko dutela adierazi du. 

Bukatzeko, eskerrak eman dizkie alkateak boluntarioei, Izarraitz Lanbide Heziketako zuzendari, kide eta ikasleei "herriko adinekoen alde lan egitera animatzeagatik". Osasun etxekoei elkarlanerako prest izateagatik: "Lehen pauso hau etorkizuneko behar eta egoerei aurre egiteko aberasgarria izango da benetan, eta espero dezagun ibilbide luze eta oparo baten hasiera besterik ez izatea", bukatu du.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information