wrapper

Oharrak

Udala eta Urola Industrialdea sozietate publikoak egin zuten azterketa elkarlanean, iazko azarotik maiatzara bitartean. Azterketan herriko 185 enpresak hartu dute parte. 

Azpeitiko Udalak eta Urola Industrialdea Eskualdeko Industria Sustatzeko sozietateak, herriko ehun industrialaren inguruan azterketa egin dute, elkarlanean. Ekonomiaren sustapena udalaren lan lerro nagusienetarikoa da azken urteotan; eta arlo horren gaur egungo argazkia ateratzea izan da helburua.

“Herriko ekonomiaren motorea industria da eta industriaren egoera ezagutzeko, eta arlo horren inguruan abiatzen diren politikak ahalik eta eraginkorrenak izateko egin da azterketa”, adierazi du Nagore Alkorta alkateak. Azpeitiko Udalak ekonomiaren sustapenerako laguntzekin jarraitzeaz gain, lur industrialen egoera aztertu, ondorioak atera eta beharrezko neurriak hartzeko konpromisoa du.

Azterketa iazko azarotik maiatzera bitartean egin da eta 221 enpresa detektatu badira ere, 185 enpresen inguruko azterketa egin ahal izan da. “Azpeitiaren gaur egungo diagnostikoa egin dugu. Duela zenbait urte jasan genuen krisiak eragin zuzena izan zuen industrian. Azterketa honekin, bi helburu bete ditugu, alde batetik, hutsik dauden pabilioien zerrenda atera dugu eta zein baldintzatan dauden zehaztu dugu. Ondoren, aterabiderik ba ote duten aztertzeko. Bestetik, jardueraren bat duten pabilioiak nolakoak diren, zenbat jende duten lanean, pabilioiaren baldintzak, zein diren etorkizuneko beharrak… ezagutzeko aukera izango dugu”, zehaztu du Alkortak.

Zaharkituta han-hemenka aurkitzen diren pabilioiek ez dutela aterabide erraza jakitun dira, esku pribatuetan daudelako, besteak beste. Lur industrialen inguruko lanketaren emaitzak epe luzerako prespektibarekin landu beharrekoak dira, baina arazoari heltzeko konpromisoa agertu du Alkortak: “Erronka honi heldu nahi diogu. Ikuspegi estrategikoz jokatu eta luzerako begirada geureganatu. Jabego pribatua, erakundeak… interes eta eskuduntza desberdinak batzen dira, baina pixkana-pixkanaka korapiloak askatzen joan behar dugu. Ezinbestean heldu beharreko gaia dela uste dugu”, zehaztu du.

Industria sarearen egoera
Azpeitiko industriaren aktibitate nagusiak egurraren lanketarekin harremana duten jarduerak (zura zerratzea eta zepilatzea eta etxeko altzari mota guztiak fabrikatzea, banatzea eta merkaturatzea) eta Makina erreminta eta pieza industrialen mekanizazioa
dira.

Azpeitiko indurtriaguneen batezbesteko okupazioa %90 ingurukoa da, Landetan salbu. Eremu horrek berezitasun eta zailtasunak eremuaren zahartzeak eraginda, gaur egun
%65eko okupazioa du. Orohar, enpresen instalazioak egokiak dira duten jarduerarako, baina hainbat enpresek itxura zaharkitua dutela detektatu da. Horretaz gain, hainbat arazo edo zailtasun zehatz ere jaso dira eta udala bere eskumenen baitan saituko da arazo horiek aztertu eta aterabidea bilatzen.

Ikerketan parte hartu duten 185 enpresetatik 39 enpresek pabilioia handitu edo lekualdatzeko beharra agertu dute; horietatik bostek epe motzean, 30 enpresek epe ertainean eta laurek epe luzera.

Etorkizuneko oinarriak
Herriko enpresen beharrak zeintzuk diren jakitea ezinbestekoa da beharrei erantzun ahal izateko: “Azterketa honen bidez, herriko industriaguneen errealitatea ezagutu eta enpresen beharren eta asmoen berri izan dugu. Etorkizunera begira, informazio oso garrantzitsua jaso dugu, hainbat erronkari heltzeko”, gaineratu du.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information