wrapper

Oharrak

Gaurkoan, oroimenaren baitan, egia, justizia eta erreparazioa bilatzeko konpromiso berretsiz, beste pauso baten berri bat eman dute Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Javi Buces Aranzadiko historialariak azpeitiaoroimena ataria aurkeztu dute. Azpeitiko oroimen historikoa eta gertukoa biltzen dituen ataria. Tropa frankistak Azpeitira sartu zireneko urteurrenaren bezpera aukeratu dute horretarako. 

Urtearen hasieran, oroimenaren baitako hainbat egitasmo egiteko asmoa azaldu zuten Aranzadi Zientzia elkarteak eta Azpeitiko Udalak. Osasun larrialdi egoera dela-eta, ordea, aurreikusi bezala behintzat ez dituztela egingo azaldu dute. hala ere, gaurkoan, Azpeitiko oroimenaren ataria aurkeztu dute: azpeitiaoroimena webgunea.

Proiektu horren helburua orain arteko lan guztia bilduko duen atari bat sortzea izan da: "erritarrek ikus eta kontsulta dezaketen atari bat. Orain arteko ikerketa guztiak epeka, liburuetan bildu ditugu Udalak eta Aranzadik eta herritarren artean historia zabaltzeko ariketa bat egin dugu. Baina historia ez da gauza geldi bat. Oraindik ere behar baino gehiago kostatzen zaigu herritarroi gure familietako pasarte gordinenak kontatzea eta azaleratzea. Horregatik oraindik ere kasuak agertzen, argitzen, dokumentuak azaltzen doaz, eta guk gure herriaren memoria osatzen joateko konpromiso osoa dugu. Horregatik, lilburuetatik haratago, egunez egun osatu dezakegun webgunea egin dugu", adierazi du Nagore Alkorta Alkateak. 

Javi buces historialariak azaldu duenez, webgunean orain artean Azpeitian egindako ikerketa guztietan bildutako informazioa, zuzenketak eginda eta dokumentazio berria kontsultatu ondoren ikertutako 777 pertsonen giza eskubide urraketak jasotzen dira. Guztira, 1.000 giza eskubide urraketa gutxi gorabehera. Horietatik 598 eskubide urraketa oroimen historikoaren garaikoak dira eta 179 gertuko oroimeneko urteetan jazotakoak. 

Giza eskubide urraketa bakoitza gertatutako urtearen arabera, oroimen historikoan edo gertuko oroimenean kokatuta dago. Hala ere, bilaketak errazteko bilatzaile orokor bat ere badago.

Biktima bakoitzaren fitxara sartzean, askotariko informazioa dago jasota: datu pertsonalak, jasandako urraketak, urraketen inguruko dokumentazioa, urraketak non jasan dituen lekua mapan kokatuta, iturriak... 

Garai bakoitzak atal desberdinak dauzka. Hala ere, biografiak, testigantzak, historia eta bilaketak atalak bi etapetan daude. Gertuko oroimenaren kasuan, atentauak atala ere badago. Bertan, atentatuak eta ondasun materialen aurkako atentatuak biltzen dira, besteak beste. 

Azkenik, harremanetarako atal bat ere badago, norbaitek zuzenkataren bat, dokumentazioren bat edo ekarpenen bat badu, zuzenean harremanetan jartzeko. 

"Hau ez da telesail bat, ikerketa zientifiko baten emaitza baizik. Udal honek gertatutakoaren errealitatera modu inpartzialean hurbiltzearen aldeko apustua egin du, biktimarik ahaztu gabe, informazioa urratutako giza eskubideek arabera sailkatuz eta ez biktimarioaren arabera", gaineratu du Bucesek. 

 

Kanpaiak, Azpeitia utzi behar izan zutenen oroimenez

Webgune hau ez da kasualitatea izan, izan ere, bihar, irailak 19, 84 urte beteko dira tropa frankistak Azpeitira sartu zirela: "Gure herriaren historiaren une gogorrenenetariko bat izan zen azpeitiar  askorentzat. Urteorren baitan aurkeztu nahi izan dugu webgune hau. Eta biharko ere ekintza sinboliko xume bat dugu aurreikusia", azpimarratu du Alkortak. 

1936ko irailean albiste beldurgarriak iristen ziren okupatutako beste Gipuzkoako herrietatik Azpeitira, eta irailaren 19 hartan, tropa frankistei beldurrez ziren ehundaka azpeitiarrek ihes egin zuten 15:00etako Urolako trenean. Alde egin behar izan zutenak gogoan, udaletxeko kanpaiek bost minutuz joko dute, trena irten zen ordu berean.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information