2018an sinatu zuten Azpeitiko Udalak eta Etxebizitza Sailak Esklabetan alokairu sozialeko 48 etxebizitza eraikitzeko hitzarmena. Ordutik, etxebizitzak egiteko proiektua eta beste hainbat tramite egiten aritu dira bi erakundeak. Atzoko plenoan, etxebizitzak eraikitzeko Azpeitiko Udalak Eusko Jaurlaritzari egin beharreko lagapenari behin-betiko onarpena eman zitzaion, aho batez. Hala, epe motzean Eusko Jaurlaritzak obren lehiaketa publikoa abian jarriko du. “Hitzarmena sinatu zenetik tramitazio epe luzea izan da, baina pauso guztiak emanda exekuziorako bidea hartu du proiektuak. Beraz, herrian, batez ere, gazteentzako alokairurako 48 apartamendu eraikitzeko obrak epe motzean hasteko asmoa dutela adierazi dugute”. Etxebizitza Sailak Udalari adierazi dionez, abendua bitartean obren lizitazioa egin eta datorren urtearen hasieran obrak hastea aurreikusten du.
Esklabak-Iturzuloko bigarren faseko etxebizitzei dagokionez, apirilean egin zen zozketa eta dagoeneko etxebizitza guztiak esleitu dira. Beraz, atzo etxebizitzen obren lizitazioa abian jarri ahal izateko maileguaren inguruko xehetasunak onartu zituzten, aho batez. “Esklabak-Iturzuloko bigarren faseko 39 babes ofizialeko etxebizitza eta erregimen bereziko 28 etxebizitza tasatuak saldu dira, eta orain, aste batzuren buruan obren lehiaketa publikoa jarriko dugu martxan. Asmoa datorren urtearen hasierarako obrak hastea da”, zehaztu du.
Horrekin batera, Bustinzuriko Errebaleko erregimen bereziko lau etxebizitzen obren lizitazioa abiatzeko mailegu tramitea ere onartu zuen udalbatzak atzo. Errebalean 12 etxebizitza egingo dira, horietatik lau udal babesekoak izango dira.