wrapper

Oharrak

Kultur eta lehen sektoreari lotutako bisita gidatuak egingo dira abuztuan, ohiko ondare historikoa ezagutzeko bisitekin batera. Eredu propioa duten herriko proiektuak bertatik bertara ezagutu eta bizitzeko aukera eskainiko zaie bisitariei.

Uda garai ez ohikoa izaten ari da aurtengoa. Osasun larrialdi egoerak bertako turismoari aukera ireki dio, eta egoera horri erantzun asmoz, Azpeitiko Udalak, UEMAren Bertatik Bertara kanpainarekin bat eginez, eskaintza berezia osatu du abuzturako. “Kanpaina hau oso ongi egokitzen zaio gure herriaren izaerari, gure balioei eta gure nahiari. Azpeitian euskaraz gara, eta gure hizkuntza ardatz hartuta, eskaintza interesgarria osatu dugu”, adierazi du Nagore Alkorta alkateak. Kanpainaren baitan, herriko jatetxeetan mahaigainekoak banatu dira; hala, hizkuntza desberdinetan hainbat hitz erabiltzeko aukera eskaintzen zaie.

Aurtengoak eskaintzen duen egoera aprobetxatu nahian, Azpeitiko Udalak turismo jasangarriaren aldeko apostua berretsi du eta plan bat osatu du, sustapen ekonomikoko planaren baitan. Turismoa herriko ekonomiaren osagarri da eta Azpeitia Bizi izeneko egitasmoa jarri du abian, herriaren ezaugarriak bistaratzeko: kultura, hizkuntza, lehen sektorea, natura, ondare historikoa… Gertuko bisitariak erakartzeko lanean ari da, beti ere, turismo jasangarriak izan dezakeen bultzada ekonomikoa baliatu nahi da; tokiko hizkuntza, kultura, ingurumena edo bizitza soziala kaltetu gabe.

Azpeitia bizi lemapean, Azpeitiko kultur mugimenduari eta lehen sektoreari lotutako eskaintza osatu da: “Azpeitia baditugu berezi egiten gaituzten hainbat indargune, hainbat arlotan erreferente izan daitezkeen proiektu propioak ditugu abian eta indartsu. Horiek ezagutu eta bizitzeko eskaintza eskainiko diegu ezagutu nahi dituztenei”, gaineratu du. Kultura eta lehen sektorearen inguruko bisita gidatuak izango dira berrikuntza, baina ohiko ondarearen inguruko bisita gidatuak ere eskainiko dira, Azpeitiko ondare historikoa ezagutu nahi duenarentzat.

Kultura bizi

Kulturaz bizi den herria da Azpeitia. Ez alferrik, 200 ekitalditik gora egin ziren Azpeitian pasa den urtean. Hizkuntzari dagokionez, euskaraz izan ziren ekitaldien %90 baino gehiago. Izan ere, erabat geurea dugun ezaugarria da hizkuntza, kultura ez dugu ulertzen euskarari lotua ez bada. Naturaltasunez euskaraz bizi gara.

Egiteko moduetan dago, ordea, kultur eredu honen funtsa. Udalaren eta kultur eragileen elkarlanetik ateratako eredua da, herriko norbanakoek eta taldeek etengabe elikatzen dutena.

Bisita gidatu honetan, Azpeitiko kultur sorkuntza eta transmisioaren gako diren espazioak ezagutzeko aukera izango da. Nabarmentzekoak dira Sanagustin kulturgunea, herriko kulturaren sehaska bihurtu den XVI. mendeko eliza; eta Soreasuko Dinamoa Sormen gunea. Hala ere, espazioez gain, edukiak dira kultur eredu hau horren interesgarri egiten dutenak.

Bisita egunak: asteazkenak eta larunbatak.

Natura eta lehen sektorea bizi

Izarraitz magalean, 69 kilometro koadroko azalera duen herria da Azpeitia. Mendiz eta euskal kulturaren oinarri diren baserriz inguratuta dago. Beti bizi izan da naturari eta lurrari lotutako herria.

Azpeitiak plazan bertan du azoka plaza. 2018an ireki zen erabat itxuraldatuta. Kanpotik berritu zen, eta indartu egin zen barrutik; aldaketa, batez ere lehen sektorea indartzeko aukera baliatu baitzen. Espazioa berritzearekin bat, bertako produktuen plaza bilakatu zen denda iraunkorra ere bada bertan: Elikagunea.

Bertakoa eta garaiko produktuen aldeko apustu sendoa da. Azoka plazak iragana, oraina eta etorkizuna irudikatzen ditu. Hortxe biltzen dira herritarren oinarriak. Horixe izan da mendeetan Azpeitiko gizartearen eta ekonomiaren motore. Gipuzkoako bihotz berdea da Azpeitia. Goena, Loiola edo Izarraizko atea parkea eta Izarraitz bera daude bertan. Naturaz gozatzeko, aire librean.

Bisita egunak: astearte eta ostiralak.

Ondarea bizi

Historia luzeko herria da Azpeitia. 1310ean sortu zen, Garmendia de Iraurgui izenarekin. Urtebetera Salvatierra de Iraurgui izango zen eta 1397an, agertzen da Azpeitia izena lehen aldiz. Urte horretako Getariako Batzar Nagusietako dokumentuetan azaltzen da aurreneko aldiz Azpeitia izena, Ayzpeitia, hain zuzen. XVI. mendera arte herria izendatzeko izen bat nahiz bestea erabiltzen dira dokumentu desberdinetan, eta baita Urazveitia ere. Baina izenak izen, ordea, Azpeitiak badu izana.

700 urtetik gorako historia du, herriak. Historia horren isla dira herriko ohiturak, festak, elizak, etxeak, kaleak… eta historia horretan badira hamaika istorio interesgarri. Antxieta, Altuna eta Basazabal etxe eraberrituak, Parrokia, Enparan dorretxea, bakardadearen kapera, Sanagustin, udaletxea, Loiola, garbitokia… asko dira herrian aurki daitekeen ondare historiko eta kulturalaren arrastoak.

Bisita egunak: ostegunak.

Asteartetik larunbatera bisita gidatuak

Asteartetik larunbatera bitartean, egunero bisita gidatu bat eskainiko da, 12:00etatik aurrera. Bisita gidatuak doakoak izango dira baina aurrez Basazabaleko Turismo Bulegoan izena eman beharko da. Horretarako 943 54 79 83 eta 688 874 861 telefonora edo Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo. helbidera idaztea nahikoa izango da. Bisitak euskaraz dira, baina sei laguneko gutxieneko taldea osatuz gero, gaztelaniaz edo ingelesez egiteko aukera ere egongo da.

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information