wrapper

Oharrak

San Inazio jaiak bertan behera uztea erabaki dute festetan parte hartzen duten 26 eragileek eta Azpeitiko Udalak. Erabaki “zaila” izan da, urte osoan festa hauek prestatzeko lan egiten dutelako herritar ugarik. Dena den, pena handiz, baina adostasunez hartu dute erabakia, eta aho batez esan dute une honetan “lehentasuna” duela herritarren osasunak, ezinezkoa delako baldintza hauetan saninazioak ospatzea.


Saninazioak azpeitiar guztien festak dira, azpeitiar guztientzat egiten direnak; elkarrekin eta elkarrentzat eginak: “Gure festak dira, gure izaera eta bizimoduaren parte”. Saninazioak familian, lagun artean eta kalean elkartuz gozatzeko festak dira, ohituraz, eta gaur egun bizi dugun osasun larrialdi egoera dela eta, “arriskutsua” da guzti hori. Beraz, arduraz jokatu eta jende pilaketarik izan ez dadin festarik ez antolatzea dela zentzudunena adostu dute. Horrekin batera, azpeitiar guztiei dei egin nahi izan diete adostasunez hartu duten erabaki honetara batzeko eta norbanako bakoitzak duen arduratik jende pilaketarik ez gertatzeko neurri guztiak hartzeko.


Pandemia hau hasi zenetik, azpeitiarrek erakutsi dute elkar zaintzeko konpromisoa dutela; eta horrela ari gara egoera honi aurre egiten, denon artean. Dena den, gogoan izan behar dugu koronabirusa ez dela desagertu, eta ezin dugula erlaxatu. Azken egun eta asteotako han hemengo albisteek, gainera, oraindik argiago utzi dute egoeraren larritasuna eta gaixotasuna oraindik gure artean dagoela. Gure burua eta gure bizikideak zaintzen jarraitu behar dugu, egunero-egunero, etenik gabe. Arduraz jokatzea dagokigu horretarako, prebentzio neurri guztiak betez.


Festak “herritik eta herriarentzat” egiten dira, eta, hain zuzen, horrexegatik tokatzen da aurtengoan saninazioak bertan behera lagatzea: herria zaintzeko neurri bat da hau. Aurtengoan festak ospatu ezingo diren arren, datorren urtean betiko ilusioarekin helduko zaie berriro, eta egutegian markatuta jarraituko dute urtero.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information