wrapper

Oharrak

Ekonomia sustatzeko laguntzak jarri ditu abian Azpeitiko Udalak. Gaur abian jarritako 475.000€ko lerroekin maiatzean aurkeztutako ekonomia suspertzeko plan integralaren gehiengoa exekutatu du Udalak. Krisi ekonomikoa dela-eta deialdia egokitu eta langileak kontratatzeko lerro bat ireki dute: "Alarma egoerak gogor jo du lan mundua, eta epe ertain eta luzera begira ari gara lanean. Inor atzean utzi gabe, azpeitiarren bizi kalitatea hobetzeko ari gara lanean", adierazi du Nagore Alkorta alkateak. 

Martxoaren 2ko plenoan onartu zituen udalbatzak  2020. urteko sustapen ekonomikorako laguntzak. Orduan, inork gutxik espero zuen azken hilabeteotan gertatu dena, izan ere, egoera ekonomikoak aldaketa handia jasan du. Alarma egoera ezarri eta epe administratibo guztiak eten ziren eta alegazio epean zeuden laguntza horien oinarriak, eta horrek aurtengo deialdiaren edukia egoera berrira egokitzeko aukera eskaini diela azaldu du alkateak. 

Krisi ekonomiko eta soziosanitarioak ezjakintasun eta egoera ezegonkorra sortu du eta eragin zuzena du herritarren eta eragile soziosanitarioengan: "Udala da herritarrek eta eragileek jotzen duten lehen atea eta hasieratik beharrei erantzuteko baliabide materiak eta dirulaguntza lineak jarri ditu abian", zehaztu du. Bide horretan, maiatzaren 23an, ekonomiaren sustapenerako plan integrala onartu zuen Udalak: 11 lan lerro eta 1,7 milioi euro jarri zituen Udalak plan horretarako. Plan horren helburua krisiari erantzuteko "aterki edo marko bat" jartzea izan zen.  "Gaur aurkezten dugun laguntza lerro hauekin, plan hori ia %100ean exekutatuko da" gaineratu du.

Aurreikusitako diru kantitatea handitu egin dute;  bikoiztu, hain zuzen, "egoerak eskatzen duelako" eta 475.000€ko dirulaguntza lerroa da aurkezten dutena: " Gure helburua beti inor atzean ez uztea izan da, eta egoera honetan ere sektore desberdinei lagunduz krisiari aurre hartzea da. Babes sare integral bat osatu nahi izan dugu".

Ekonomia sustatzeko laguntzak 2013. urtean jarri zituen abian Udalak, eta orain arteko ibilbidea eta beharrak aztertuz eta herrian dagoen ehun industriala aintzat hartuta osatu da aurtengo deialdia. Laguntza honen helburu nagusia da enpleguaren sorrera eta enpresen lehiakortasuna sustatuz sortu den krisi egoera gainditzea eta eraldaketa ekonomiko eta soziala eraginez lehiakortasun eta garapen jasangarriko beste errealitate batera salto egitea. Laguntza horiek zehazterakoan hainbat azterketa eta datu izan ditu Udalak oinarria. Alde batetik, pixkanaka goraka doan langabezia tasa izan dute kontuan. Azken datuen arabera Azpeitian %9,9koa da (%8 gizonezkoena eta %12,1 emakumezkoena); 714 herritar daude langabezian, iazko maiatzean baino 187 lagun gehiago: "Datu horien atzean izen abizen dun herritarrak daude, eta langabeziari aurre egitea ezinbestekoa da guretzat". Bestetik, enpresen egoera  dago,  Azpeitiko Udalak eskualdeko beste herriekin batera, Iraurgi Berritzen garapen agentziaren bidez ikerketa bat egin du lan merkatuaren inguruan, eta Udalak enpresa, merkatari eta lehen sektoreko langileekin ere egin ditu hainbat bilera bizi duten egoeraren berri izan eta eskaerak jasotzeko. 

Horretarako lau lan lerro zehaztu dira, ohiko hiru egokituta eta langileak kontratatzeko laguntza linea berri bat: "Laugarren linea bat sartu dugu deialdian, langileak kontratatzeko. Gure herrian langileen sarea handitzea edo gutxienez mantentzea da gure helburua", adierazi du Alkortak. Gaur aurkeztutako laguntzetarako eskaerak datorren astetik aurrera egin ahal izango dira Azpeitiko Udalean. 

Lau linea; 475.000€

Merkataritza eta lehen sektorean enplegua eta ekonomia sustatzeko laguntza

175.000€ko aurrekontua du,  ete eskaerak egiteko epea urriaren 30era arte izango da aukera. Diruz lagunduko dira:

  • Langileak kontratatzea.

  • Merkataritza arloko lehiakortasuna eta lehen sektorea sustatzeko ekintzak edo jarduerak egitea. Laguntza honetan berritasun gisa, COVID-19aren eraginez hartu beharreko prebentzio neurriak ezartzeko egindako gastuei aurre egiteko laguntza jarri da. 

  • Lehenengo sektorea ezarri, eraberritu edo finkatzea.

  • Azpeitian merkataritzako (zerbitzuak barne) edo lehen sektoreko jarduerak jartzea

  • Azpeitian merkataritzako (zerbitzuak barne) edo lehen sektoreko jarduera berrientzat zuzendutako lokalen alokairuak.

  • Azpeitian kokatutako merkataritza establezimenduentzat (zerbitzuak barne) merkatu azterketak egitea.

Industria proiektu estrategikoak eta berritzaileak, enplegua sortu edo mantentzen duten eta garapen jasangarria bultzatzen duten inbertsio proiektuak eta genero-berdintasuna sustatzeko diru-laguntzen lerroak sustatzeko laguntzak

160.000€ko aurrekontua izango du eta  eskaerak egiteko epea urriaren 30era arte izango da aukera. Diruz lagunduko dira:

  • 49 langile edo gutxiagoko enpresetarako industria-proiektu estrategiko eta berritzaileak exekutatu eta garatzea.

  • Instalazioak egokitu edo erosteko inbertsioak egitea, edota ekipamendu tekniko eta teknologikoak erostea, 49 langile edo gutxiagoko enpresentzat. Arlo honetan enpresen digitalizaziorako laguntzak bideratuko dira. Alarma egoerak behar berriak sortu baititu.

  • Industria-jarduera berriak modu finkoan Azpeitian ezartzea.

  • Genero-berdintasuna bultzatzeko neurriak ezartzea, berdintasun-planak eginez eta instalazioak egokitzeko inbertsio zehatzak bideratuz.

Ekintzailetasuna sustatuz, bereziki gizarte ekonomian eta izaera estrategikoa edo berritzailea duten jardueretan enpleguaren sorrera bultzatzeko diru laguntzak

65.000€ko aurrekontua izango du eskaerak egiteko epea urriaren 30era arte izango da aukera. Diruz laguntza eskatu ahal izango dute 2018ko urriaren 16tik 2020. urteko irailaren 30era bitartean enpresa berri bat sortu dutenak. 

Langileen kontrataziorako laguntza

Hasieratik zehaztutako lerroez gain, errealitatea eta datuak ezagututa, Azpeitiko Udalak laugarren lerro bat abian jartzeko apustua egin du, Plan integralean jaso bezala. Lerro honetarako 75.000€ jarri dira. Kontuan izanda gaur gaurkoz ERTEak irailaren bukaera arte luzatuko direla, eskaerak egiteko bi epe izango dira, urriaren 31 bitartera arte eginiko kontratazioetarako eta azaroaren 1tik abenduren 31 bitartekoentzat.

Azpeitiko enpresek herritarrak kontratatzea diruz lagunduko du. Bide horretan, herriko enpresen lanpostuak mantentzea eta lanpostuen kalitatea hobetzea da helburua. Laguntza lerro berri honen helburua egoera honetan kontratazioak bultzatzea da. Aldi baterako eta kontratu mugagabeak lagunduko dira diruz. 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information