wrapper

Oharrak

Deskeskalatze asteak bukatuta, normaltasun berrirako Eusko Jaurlaritzaren protokolo berria aztertu ostean, Azpeitiko Udalak herriko gaur eta gazteei zuzenduriko hainbat ekintza antolatzea erabaki du uztailean. Protokoloa aztertu eta egin daitezkeen ekintzak zeintzuk diren ikusita itxi du eskaintza Udalak. Hala ere, ez da beste urteetako egoera berdina izango, eta antolatutako jardueretan parte hartzen duten guztiek egoerara moldatzeko neurriak hartu beharko dituzte. Izan ere, aisialdirako hainbat ekintza antolatzeko aukera ikusten den arren, benetako beharrei erantzuteko kalitatezko udalekurik antolatzeko bermerik ez dagoela uste du.

Gaur goizean haur eta gazteen beharrei erantzuteko azken asteotan egindako lanketa eta adostutakoa aurkeztu dute udal ordezkariek, ikastetxeetako zuzendariek eta gaztedia saileko teknikariek emandako prentsaurrekoan: “Ezarritako protokoloak beteko ditugu herritarron osasuna lehenetsiz, baina ez-ohiko egoera guzti honen erdian, haur, gazte eta familiek aisialdi hezitzaileaz gozatu eta beren behar sozial eta afektiboak asetzeko ekintzak eskainiko ditugu”, azaldu du Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak.

Bost astez antolatuko dira ekintzak, lehen ekintzak datorren astean bertan gauzatuko dira. Aste bakoitzean adin tarte desberdinentzako ekintza bat egingo da. Hala, lau eta zortzi urte arteko haurrak dituztenek familian egiteko ekintza bat izango dute; zortzi eta hamabi urte artekoentzat eta hamabi eta hamasei urte artekoentzat adinaren araberako ekintzak izango dituzte eta hamasei eta hamazortzi Gaztelekuko hezitzaileekin planak adostuko dituzte, talde txikitan egiteko.

Denetariko ekintzak antolatzen saiatu dira gazteria saileko hezitzaileak herriko eragile ezberdinekin elkarlanean.

Izen ematea
Ekintza puntualak izanik, ekintza bakoitzerako eman beharko da izena. Astea bukatzerako ekintzen egitarau osoa argitaratuko da eta izen ematea irekiko da.

Izen ematea sarean formulario bidez egingo da; hala ere, horretarako aukerarik ez dutenek 10:00etatik 12:00ak bitartean Gazte Informazio Bulegora deituta ere izango dute horretarako aukera (Telf: 943 15 71 60). Ekintzen ez dute parte hartzaile mugarik; hala ere, ekintzaren batean uste baino jende gehiagok izena ematen badu beharrezko txandak egingo dira, jende pilaketarik ez gertatzeko eta baliteke ordutegi desberdinak izatea.

Bete beharreko protokoloa
Ez ohiko egoera honetan, haurrez beharrak zeintzuk diren jakitun dira hezkuntza eragileak; eta egoera honetan oso zailak dira behar guztiak asetzea. Hala ere, protokolo berriaren arabera hainbat gabeziari erantzuteko ekintza batzuk egiteko aukera ikusi da eta arduraz jokatuta egin daitezkeelakoan erabaki da egitea.

Ezinbestekoa izango da ekintzak modu egokian garatzeko parte hartzaileek arduraz jokatzea eta hezitzaileen azalpenei kasu egitea. Izen ematean bertan guraso edo tutore legalek ekintza horietan arduraz jokatzeko konpromisoa hartu beharko dute. Ekintzaren hitzordura maskarilla jantzita etorri beharko dute parte hartzaileek; ekintzetan 1,5 metroko distantzia mantenduko da, beraz maskarilla janztea derrigorra izango ez bada ere gomendagarria izango da.

Ekintza hasterako gorputzeko tenperatura hartu eta eskuak garbitu beharko dituzte guztiek. Covid-19arekin bateragarriak izan daitezkeen sintomak dituzten haur eta gurasoek arduraz jokatu eta etxean gelditzeko deia egiten zaie

Behar bereziei erantzuna
Alarma egoerak ikastetxe eta aisialdi ekintza guztiak horrenbeste denboraz etenda egotearen eraginez hainbat haur aisialdi sanorik gabe daudela detektatu dute ikastetxeek eta Udalak. Gabezia horrek sor ditzakeen arazoei irtenbide bilatu asmoz, azken asteetan elkarlanean aritu dira. Hala, kale hezitzaileen bidez behar hori duten familietako haurrak aisialdi hezitzailea bermatuko zaie; familia bakoitzak haurren beharren araberako zerbitzua jasoko du eta horretarako Azpeitiko Udalak kale hezitzaileak kontratatuko ditu.

Ikasturtean zehar, euskara herriko haurren euskara maila hobetzeko Etorkizun programa eskaini ohi du Udalak euskaltegiaren bidez. Alarma egoerak iraun duen hilabete guzti hauetan, hainbat umek euskararekin duten harremana gutxitu egin dela ikusirik, eta horrek beraien garapenean izan dezakeen eragina aintzat hartuta, aisialdiaz euskaraz gozatzeko eskaintza jasotzeko aukera eskainiko zaie uztailean. Astean pare bat egunez, euskaltegiko hezitzaileekin, talde txikitan eta babes neurriak hartuta, gauzatuko da programa.

Kontziliaziorako dirulaguntza lerroa

Alarma egoera ezarri zenetik zaintza lanen inguruko kezka izan du Azpeitiko Udalak. Hezkuntza zein adinekoen zentroen itxiera zela eta familiei baliabideak eskaini asmoz, martxoan argitaratutako urgentziazko laguntzen baitan zaintzara bideratu zuen diru-laguntza lerroetako bat. Ekainaren hasieran kontratazioak laguntzeko beste diru-laguntza lerro bat abian jartzea erabaki zuen. Laguntza horren bidez, Eusko Jaurlaritzak lan eszedentzia edo lanaldi murrizketetarako laguntza osatu nahi izan du Udalak. Laguntza hau eskatzeko epea zabalik dago eta zaintzaileen kontratazioak %20 eta %50 laguntzen ditu Udalak, familien diru sarreren arabera.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information