wrapper

Oharrak

Bosgarren urtez jarraian, Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak elkarlanean, Kultur sortzaile gazteei eta berriei zuzenduriko Sormenerako bekak aurkeztu dituzte gaur. Ohi baino beranduago dator deialdia, halabeharrez, baina "kultur sortzaileen egoeraren jakitun, uste dugu, inoiz baino beharrezkoagoa izango direla" sorkuntza bultzatzeko baliabideak uste du Eneritz Albizu Kultura batzordeburuak. Deialdia abian da eta uztailaren 20a bitartean izango da proposamenak aurkezteko aukera. Aurten 20.000€ko beka izango da; 12.000€, orain arte bezala, sormen proiketuak sustatzeko izango da eta beste 8.000€ak bi sormen egonaldi laguntzeko bideratuko dira. 

Kultur eta sormen baliabideak handitzen doa Udala, urtez urte, pixkanaka, "kulturarekin eta sormenarekin duen konpromisoaren baitan". Bekaren lehen urtean 6.000€koa izan zen beka eta ordutik, "beharra ikusi ahala" diru poltsa handitu du Udalak."Bide horretan, aurtengoan ere salto bat eman dugu. Gaur gauden Soreasuko Dinamoa Sormen gunea ere sormena eta sortzaileak babesteko eta laguntzeko asmoz jarri genuen abian, iaz. Pixkanaka, sortzaileen habia izan dadin lanean ari gara, elkarlanean, hori baita guzti honi balioa ematen diona. Gaur egungo Azpeitiko kultur mugimendu biziaren gakoa horretan datza, elkarlanean, eta benetan eskertzekoa da norbanakoek, taldeek eta batez ere arlo honetan Kultur Mahaiak egiten duen lana eta ekarpena.Hori jarri nahi dugu balioan", adierazi du Albizuk.

Aurtengo bekari dagokionez, berrikuntza nabarmenak ditu. Bekak orain artean bezala sormen proiektuak laguntzeaz gain, kultur-sorkuntza egonaldiak egiteko bi beka ere eskaintzen ditu. Guzti horretarako, 20.000€ jarri ditu Udalak. Proiektuak aurkezteko azken eguna uztailaren 20a izango da, eta deialdiaren inguruko oinarriak eta informazio osoa udal webgunean dago kontsultatzeko.

Kultura-sorkuntzatzat hartzen dira artistaren irudimenaren emaitza, musika, pintura, eskultura, literatura-obra, antzerkiobra, obra zinematografikoa, komikia, soinu-konposizioa, ikusentzunezko konposizioa, konposizio digitala, dantza eta abarren forma har dezakeen kultur espresioa."Ekitaldi honetan, gaur gauden espazio honen erabiltzea bultzatzea ere nahi dugu, eta euskal sortzaileen artean bere lekutxoa egitea. Iazko sormen bekako sortzaileek estreinatu zuten espazioa eta aurtengoek ere interes kulturaleko ekimen sortzaileak bultzatzeko, sortzeko, esperimentatzeko, ekoizteko eta partekatzeko erabiltzea nahiko genuke", zehaztu du AInara Larrañaga zinegotziak..

Sortzaile gazte eta berrien proiektuak bultzatzeko 12.000€ko diru poltsa izango da aurten ere. Kultur disziplina anitzetako zein disziplina arteko proiektuak garatzeko baliabideak eskainiko zaizkie beka jasotzen dutenei. 

Aurten lehen aldiz emango dira sormen egonaldietarako bekak. Azpeitian bertako kultur baliabideak erabiliz gutxienez sei asteko egonaldiak egiten dituztenei bideratutako laguntza berria izango da;. 4.000 euroko bi beka eskainiko dira; sormen prozesuko zein egonaldiko gastuetarako izango da dirua: "Gure asmoa da sormen prozesuari dagokion balioa eta duintasuna emateko bidean sakontzen jarraitzea. Ez dugu kulturarik gabeko herria ulertzen, horrek ezinbestean esan nahi du sortzaileen baldintzak hobetzeko eta haien ondoan egoteko apustua egitea dagokigula, herri bezala, erakunde bezala",bukatu du. 

Olatz Prat Kultur Mahaiko lehendakariak gaur egun Azpeitian dagoen kultur eskaintza eta baliabideak ez direla "kasualitatea" azaldu du: "Atzean, herritar norbanako zein talde askoren lana dago". Bide horretan, 2016an kultur arloko behar bati erantzun asmoz sortu zela Sormen beka adierazi du: "Hasieratik, uste baino erantzun hobeagoa izan du eta nabari da sortzaile gazteak sortzeko eta esperimentatzeko gogoz daudela". 

Kultur mugimendua eta Udala bat eginda indarrak batuz baliabideak biderkatzeko ahaleginean ari direla aipatu du: "Eskertzekoa da kultura sustatu eta bultzatzeko Udalak eskaintzen dituen baliabide publikoak herrian izatea. Kultura biziko bada, sortzaile gazteak, berriak sortu behar ditugu, eta azpeitiarrek horretarako aukera eta baliabideak herrian bertan izatea uste dugu txalotzekoa eta eskertzekoa da". 

Bosgarren edizioa da aurtengoa eta aurreko lau edizioak "emankorrak" izan dira;  25 sormen proiektu lagundu dira orain artean eta urtez urte proiektuen kalitatea "gorantz" doala azpimarratu du. Proiektu propioak eta intimoak zein taldean sortutako proiektu handiagoak, guztiek dute tartea bekan.Horren isla iaz Panpina antzezlana gauzatzeko laguntza jaso zuen Erika Olaizola eta 2017-2018an Koroesagasti filmeko gidoia eta ekoizpenerako beka jaso zuen Erabaki Produkzioakeko Asier Sustaeta izan dira aurkezpenean. 

2017an buruan zuten "proiektu handi" baten gidoia idateko eskatu zuen Sustaetak laguntza: "Proiektu bat bukatu berritan jakin genuen bekaren berri eta buruan genuen makroproiektu bat abian jartzeko izan zen lehen laguntza". Korosagasti filmeko gidoia osatu zuen lehen laguntza harekin. Hurrengo urtean berriro eskatu zuten, ekoizpen gastuak arindu asmoz, eta orduan ere laguntza jaso zuen: "Aurrekontu handia izan du gure proiektuak, eta bekarekin ez dugu proiektu osoa finantzatu. Hala ere, beste ate askotan borroka egin behar izan dugu xentimo batzuk eskuratzeko eta bekaren kasuan, proiektua aurkeztuta jaso dugu laguntza. Horrelako laguntzak izatekoa eskertzekoa da", azaldu du. Hala ere, badu eskertzeko gehiago ere: "Laguntza ekonomikoa beharrezkoa da baina balioan jarri nahiko nuke Azpeitian elkarlanean lan egiteko dagoen gaitasuna. Egunerokoan bakoitza berean aritzen gara, baina proiektu komunetan lan egiteko gaitasun handia dagoela uste dut. Eta hori guztia babesten Udala eta Kultur Mahaia badaude, askoz hobe", zehaztu du. 

Proiektu handiez gain, ordea, lagundu dira proiektu intimoak ere. Iaz beka jaso zuen Erika Olaizolaren Panpina proiektua da horietako bat: "Barruen banuen inoiz gauzatu gabeko ideia bat. Bekaren epea bukatzeko astebete falta zela aurkeztu nuen proiektua eta beka jasota, konpromiso bat duzu aurkeztutakoa garatzeko", azaldu du. Hala "barrutik kanporako" bidea hasi zuen. DIru laguntzaz gain, Soreasuko Dinamoa Sormen gunea erabiltzeko aukera izan zuen Olaizolak eta Euskal Antzerki Topaketen baitan, sortzaile berrien zikloaren baitan aurkeztu zuen bere antzezlana."Guztiak izan zuen zentzua; diru laguntzaz gain zentzua izan du espazio bat izatea eskura zure proiektu hori errealitate egiteko. Zentzua du sarean lanean ari zarela eta ez zaudela bakarrik sentitzea. Eta nire kasuan, dena astro guztiak lerrokatu ziren eta hiru hilabeteko prozesu intentsoa bizitzeko aukera izan nuen". 

Sorkuntza beken inguruko informazioa

Sorkuntza Bekak 2020

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information