wrapper

Oharrak

Alarma egoera dela eta martxoaren 13tik itxita dira kirol instalazioak. Deseskalatzeko hirugarren fasean, COVID-19a ez hedatzeko prebentzio neurriak hartuta irekiko dira instalazioak, ekainaren 15ean. Itxita izan diren epealdian instalazio guztiak desinfektatzeaz gain, igerilekuan mantenu lanak ere egin dira.

Erabiltzaileen osasuna eta ongizatea dira Udalaren helburu, eta horregatik, desekalatzeko arau orokorrak abiapuntu izanda, prebentzio plan zehatza egin du Azpeitiko Udalak eta azpiegiturak irekitzeko oniritzia jaso du Eusko Jaurlaritzatik. Protokoloan jaso den bezala, aforo mugatua izango dute espazioek eta erabiltzaileek aurrez hitzordua hartuta joan beharko dute instalazioetara. Hasieran, bazkideek soilik erabil ahal izango dituzte azpiegiturak eta ahalik eta bazkide gehienek erabiltzeko aukera izan dezaten, pertsona bakoitzak gehienez 55 minutuko bi saio egiteko aukera izango du astean.

Dibertsitate funtzionala duten pertsonek eta adinekoentzako lehentasunezko ordutegia ere zehaztu da; 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara.

Azpeitiko Udalak eta Kirol Patronatuak kanpoko igerilekua irekitzeko aukera behin eta berriro aztertu dute eta irekitzeko bete beharreko protokoloa zehazten ere saiatu da. Baina azpiegituraren neurriekin ezinezkoa da protokoloak bete eta herritarrei zerbitzu egokia eskaintzea. Beraz, ez da aurreikusten irekitzerik.

“Pixkanaka pausoak eman eta instalazioak abian jartzen hasiko gara. Azpiegituren funtzionamendu berrirako protokoloa egin dugu eta arduraz eta prebentzio neurriak hartuz hasiko gara. Horrek aforoak mugatzera eta erabilera mugatzera behartzen gaitu. Hala ere, ahalik eta zerbitzurik egokienak eta seguruena eskaintzen saiatuko gara instalazioetan”, adierazi du Egoitz Arruti kirol batzordeburu eta Kirol Patronatuko lehendakariak. Udal instalazioak itxita izan diren bitartean herriko eragileekin hartu-eman zuzena izan du, eta duela zenbait egun bilera egin zuten Nagore Alkorta alkateak eta Arrutik taldeekin, egoeraz hitz egiteko eta instalazioen irekieraz hitz egiteko.

Prebentzio neurriak eta aforo mugatua

Eskuak garbitzeko gelak jarri dira instalazioen sarreretan, aldageletan eta komunetan eta erabiltzaileek instalaziora sartzeko zein irteteko maskarilla erabili beharko dute; kirola egiterakoan ez. Instalazioak egunean zehar behin eta berriro garbituko dira. Mugatutako espazioak honakoak izango dira:

Gimnasioa kardio gunea: 15 lagun
Gimnasioa giharketa gunea: 15 lagun
6 kaleko igerilekua: 6 lagun
4 kaleko igerilekua: 4 lagun
Igerileku txikia: 2 familia (guraso bat + umea)
Tenis pistak:4 lagun
Padel pistak: 4 lagun
Kantxa: 6 saski – 6 lagun
Mahai tenisa – 2 lagun

Hitzorduak, telefonoz

Hitzorduak aurrez telefonoz hartu beharko dira. Igerilekuko instalazioak erabiltzeko 943814121 telefonora deitu beharko da eta kiroldegikoak erabiltzeko 943813069.

Instalazioak erabiltzeko gomendioak

Igerilekua

Gimnasioa

Kiroldegia

 

Kuotetan hobariak

Martxoaren 13tik instalazioak itxita izan dira, eta Udalak itxialdiak eragindako kalteak konpentsatzeko moduak aztertzen aritu da. Jakinik bazkide gehienek urte guztiko kuota urtea hastearekin batera ordaindu  ohi dutela,  zati proportzional bat itzultzea aztertu da; hala ere,  urtean zehar zer gerta daitekeen Udal Kirol Patronatuaren
instalazioekin jakiterik ez dagoenez, modurik egokiena eta bideragarriena aurtengo urtean zehar gertatzen denaren arabera, hurrengo urteko abonuetan hobariak eskaintzea ebatzi da. Alegia, 2021eko kuotetan deskontuak aplikatuko dira, beti ere, 2020ko urtean izango diren murrizketak kontuan izanda. Ikastaroetan, berriz, martxoaren 12ra arteko zatia kobratu zaie erabiltzaileei. 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information