wrapper

Oharrak

Ekimenak izandako arrakastaren ostean, beste 1.500 bono jarriko dituzte salgai Azpeitiko Udalak eta Bertan Merkatari Elkarteak.

COVID-19ak eragindako kalteak arintzeko Udalak osatutako Ekonomia Sustatzeko Plan Integralaren baitan, Azpeitiko merkataritza eta ostalaritza sektoreak sustatu eta herritarrei bertan erosteko erraztasunak emateko helburuarekin, 'Azpeitia Zaindu' erosketa bono kanpaina abiatu zuten Azpeitiko Udalak eta Bertan Merkatari Elkarteak. 1.500 bono ateratzea aurreikusi zen, bono bakoitza 35€ ordaindu eta kanpainara atxikitako establezimenduetan erabiltzerakoan 50€ko balioarekin. Herriko merkataritzan 150.000€ko inpaktua izango dute bonoek. Salmenta zabaldu eta ordu gutxitan guztiak saldu ziren, eta bonoa eskuratu gabe gelditu ziren erostera joan ziren hainbat herritar.


Ekimenaren arrakasta ikusirik, antolatzaileek beste 1.500 bono ateratzea erabaki dute. Astelehenean, ekainak 1, goizeko 9:00tan jarriko dira salgai Bertan Merkatari Elkartearen bulegoan (Enparan kalea, 34 behea) eta www.dendago.com/azpeitiazaindu webgunean. Modu horretan, herriko establezimenduetan erabiliko diren 3.000 bono jarriko dira guztira zirkulazioan.


Erosketa Internetetik burutzen dutenei etxera bidaliko zaizkie bonoak erosketa burutu ondorengo egunetan. Horrela, lehen tandan bonoak online erosi zituztenei hurrengo astean zehar iritsiko zaizkie.


Lehen tandan bonoa eskuratzeko Bertan-en bulegora gerturatu eta esku-hutsik gelditu ziren bezeroek, lehentasuna izango dute bigarren tanda honetan. Horretarako, Merkatari Elkarteak datuak hartu zizkien astelehenean (maiatzak 25) bulegora gerturatu ziren eta bonorik gabe gelditu zirenei.


Erantzunarekin eskertuta
Nagore Alkorta alkatearentzat “pozgarria” da Udala, merkataria eta herritarrak horrelako ekimenen baitan aurrera egiteko elkartzea eta “batuta eraginkorragoak” direla azaldu du: “Bono hauek pizgarri izateaz gain, sentsibilizatzeko ere balio beharko ligukete; Azpeitia hobeagoa baten alde egiten dugu herrian inbertitzen dugun bakoitzean”, gaineratu du. Horrelako ekimen zehatzen bidez Sustapen ekonomikorako Plan integraleko neurriek herrian duten “inpaktua erreala” dela ere azpimarratu du.


Bertan Merkatari Elkarteko Presidente den Karmele Zabaletaren hitzetan, “txalotzekoa” izan da herritarren erantzuna. “Ezustean harrapatu gaitu sortu den interesak eta benetan eskertuta gaude merkatariok” adierazi du. Izan ere, “herriko saltokietan kontsumitzeak mantenduko ditu bizirik Azpeitiko kaleak eta horren aldeko apustua egin du herritar askok”.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information