wrapper

Oharrak

Bonoen kanpaina honek bi helburu nagusi ditu; bertako merkataritza eta ostalaritza txikia sustatzea Covid-19ak sortutako kalteen aurrean eta herritarrei beren erosketak egiteko laguntza edo pizgarria ematea. Herriko merkatari eta ostalari guztiek har dezakete parte kanpaina honetan, eta dagoeneko eman dezakete izena Bertanen bidez.

Covid-19ak kalte ekonomiko nabarmenak eragin ditu herriko merkatari eta ostalarien artean. Asteetako etenaldiaren ondoren, aste honetan hasi dira merkatari eta ostalariak berriro ere beren establezimenduak irekitzen, prebentzio neurri zorrotzen artean.

Egoera berriari elkartuta eta elkarlanean aurre egiteko Azpeitia zaindu kanpaina abiatu dute Bertan Merkatari Elkarteak eta Udalak. Kanpaina berri horretara herriko merkatari eta ostalari guztiek batzeko aukera izango dute. Azpeitiko Udalak 50.000€ inbertituko ditu kanpaina honetan.

“Herritarren beharrei erantzun eta tokiko ekonomia sustatzea dagokigu erakunde publikooi. Horretan ari gara, arloz arlo egoera aztertu eta neurriak hartzen”, adierazi du Nagore Alkorta alkateak. Bide horretan, bultzatu duela Udalak Bertan Merkatari Elkartearekin elkarlanean, Azpeitia zaindu bono kanpaina azpimarratu du: “Herritarrei erosketetarako bultzada eman eta merkataritza eta ostalaritza babestea da kanpaina honen helburua. Orain, inoiz baino gehiago, herritarrok herria egiteko garaia da. Erabaki dezagun, herri gisa, gure kontsumo ohituren bidez geurea den hori bultzatzea. Denok elkartuta Azpeitia egiteko garaia da”. 

Karmele Zabaleta Bertan Merkatari Elkarteko Lehendakariaren hitzetan, “une zailak dira merkatariontzat eta guztion beharra dugu aurrera egiteko. Krisialdi honen hasieratik Udalaren babesa sentitu dugu eta bono kanpaina hau horren lekuko da”. Gainera, “bonoen kanpaina ekimen paregabea da herri-kontsumoa sustatzeko” azpimarratu du, izan ere, “inoiz baino beharrezkoagoa den honetan, Azpeitiko saltokietan erosketak egitera animatuko ditu herritarrak”.

Merkatari Elkarteko kide ez diren establezimenduei ere irekita

Kanpainara Covid-19aren ondorioz kaltetuak izan diren herriko merkatari eta ostalari guztiak batu daitezke. Horretarako Bertan Merkatari Elkartearekin jarri beharko dute harremanetan eta eskaera bete maiatzaren 22ko 17:00ak aurretik; 943025673 telefonora deituta, Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo. helbide elektronikora idatzita edo bulegora joanda (Enparan kalea 34 behea).

Kanpainara batzen diren merkatari eta ostalaritza guneek kanpainaren inguruko kartel eta esku-orriak jasoko ditu. Identifikagarri gisa, establezimenduan ikusteko moduan izan ditzan.

 

35€ ordaindu eta 50€ gastatzeko 1.500 bono

Azpeitia zaindu kanpainan 50€ko balioa duten 1.500 bono jaulkiko dira. Bono bakoitza erosteko kostua 35€koa izango da eta, ekimen honi atxikitako Azpeitiko establezimenduetan kontsumitzeko 50€ko balioa izango dute. 16 urtetik gorako herritarrek eskuratu ahal izango dituzte eta pertsonako lau bono eros ahal izango dira gehienez.

Bono bakoitza 10€ko bost balek osatuko dute, eta baleak banaka erabili ahal izango dira. 10€ko bale bakoitza behin bakarrik erabili beharko da, ekimenari atxikitako establezimenduetako batean. Erosketaren zenbatekoa balearen zenbatekoa baino txikiagoa bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko eta bonoak ezingo dira diruagatik trukatu. Gehienez lau bono (20 bale) pilatu ahal izango dira erosketa berean.

Bonoak ezin direnez eskudirutan trukatu eta bonoaren zenbatekoa ez denez inola ere itzuliko, produktua itzultzen bada, establezimenduak erosketaren zenbateko osoko bono propio bat jaulki beharko du.

Maiatzaren 25etik aurrera salgai
Maiatzaren 25an jarriko dira bonoak salgai, eta irailaren 30era arteko balioa izango dute. Bonoak aurrez aurre edo on-line erosteko aukera izango da:

Aurrez aurre, Azpeitiko Bertan Merkatarien Elkartearen bulegoan (Enparan kalea, 34 behea), 9:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara.

Online: www.dendago.com/azpeitiazaindu

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information