wrapper

Oharrak

Maiatzeko ohiko plenoan, 2019ko likidazioaren berri eman zuen Nagore Alkorta alkateak, eta udalaren egoeraren inguruko hainbat xehetasun eskaini zituen; iazko aurrekontuaren exekuzio maila %80,34koa izan zen eta udalaren zor bizia %9,1ekoa da. COVID-19ak sortutako alarma egoeraren ondorioei aurre egiteko “egoera ekonomiko ona eta sendoa” duela Udalak azpimarratu zuen.

Udalak iazko urteko kontuak itxita, atzoko plenoan likidazioaren berri eman zen. 23.795.519,53 €ko behin betiko aurrekontua izan zuen iaz Udalak: aurrekontuaren exekuzio maila %80’34koa izan zen; eta udalaren zor bizia %9,1ekoa da. Aurrekontuetan aurreikusitako inbertsio gehientsuenak gauzatu zituen udalak: “Exekuzio maila altua izan zuen Udalak”, azpimarratu du Nagore Alkorta alkateak.

 

Egoera ekonomiko ona

Udalaren egoera ekonomikoaren argazkia egiteko, hainbat adierazle azaldu zituen Alkortak. Hala, udalaren zor biziaren datua “oso ona” da: “Legeak erakunde publikoei ezartzen dizkion finantza betekizun guztiak betetzen ditu Udalak; hau da, gastu araua, zor bizia eta superhabitari lotutako arau guztiak ongi betetzen ditugu. Beraz, egonkortasun eta iraunkortasun helburu guztiak beteta ditugu”, zehaztu zuen. Legearen arabera, udalaren zorra ezin da izan aurreko urtean onartutako ohiko eskubideen %77a baino handiagoa; Azpeitikoa %9,1ekoa da, gaur egun.

Kontuen bukaeran, Udalaren gerakinaren berri ere eman zuen alkateak. Gaur egun 14.423.709,54 € brutokoa da. Hala ere, gerakin horren zati bat hainbat inbertsiori lotuta dagoela azaldu zuen, eta kreditu aldaketa bat ere egina duela Udalak. Beraz, gastu orokorretarako “erabilgarri” zazpi milioi inguru dituela Udalak azpimarratu zuen.

Aurrera begira, egoera ekonomiko honek duen garrantzia ere azaleratu zen. Izan ere, COVID-19aren ondorioen artean, udalen sarreren beherakada aurreikusten da. Gipuzkoako Foru Aldundiak bideratzen duen Fondo Foraletik, adibidez, 2,5 milio gutxiago jasoko ditu Azpeitiko Udalak. “Sarrera gutxiago izango baditugu ere, egoerak ahalbidetzen digun heinean, aurreikusitako proiektuak gauzatuko ditugu, udala baduelako gaitasun ekonomiko hori”.

COVID-19aren ondorioei aurre egitea lehentasun

“Diru publikoarekin zuhurtziaz jokatzea dagokigu. Udalaren egoera ekonomiko ona dela eta, pandemiak eragindako ondorioei aurre egiteko baliabideak eskaintzeko aukera eta konpromisoa ditugu”, gaineratu zuen. 2020ko aurrekontuetan ekonomiaren sustapena eta gizarte babesa jarri zituen Udalak lehentasun gisa, eta pandemiak bi arlo horietako aurreikuspenak mantendu eta indartu beharra azpimarratu zuen: “Aurtengorako jarritako lehentasunak indartu ditu Koronabirusak. Beraz, bi arlo horiek indartu egingo ditugu, egoerak hori eskatzen duelako eta egoera ekonomikoak hori ahalbidetzen duelako”.

Horretaz gain, aurreikusitako proiektu guztiak, pandemiak ahalbidetzen duen heinean, aurrera jarraitzeko konpromisoa agertu zuen. Bide batez, egoera berria abiapuntu gisa hartuta, etorkizunera begira jarri eta Plan Estrategikoa berritzen hasiko dela Udala ere aurreratu zuen.

Egoera konplikatua dela nabarmendu zuen: “Bizi dugun egoerak ondorio zailak izango dituela aurreikusten dugu. Horregatik, lehen unetik egoerara egokitu eta alarma egoerak sortutako behar eta arazoei irtenbidea bilatzeko lanean ari gara etengabe”, zehaztu zuen.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information