wrapper

Oharrak

Udalaren eta ikastetxeen lankidetzari esker jarri dira eskolak jarraitzeko beharrezkoak diren Interneteko konexioak eta gailuak. Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak eskolak ezohiko egoerara egokitzeko egiten ari diren lana nabarmendu du: “Ikastetxeak izugarrizko lana egiten ari dira egoera berrira egokitu eta ikasleei jarraipena egiteko; bai jarraipen akademikoa, baita emozionala ere”

COVID-19a dela-eta, martxoaren erditik, ikasleak etxetik ari dira jarratzen eskolak, Internet bidez. Azken asteotan udalak ikastetxeetako zuzendariekin izandako elkarlanari esker, herriko ikasle guztiek bermatuta dute ikasturtearekin jarraitzeko beharrezko gailu eta Internet konexioa. “Esparru digitaleko gabezia, oro har, gabezia ekonomikoa da. Arlo honetan ere, zailtasun ekonomikoak dituzten familiek eta haurrek sufritzen dute gehien. Horregatik, garbi dugu ahalegin guztia egin behar dugula haur bakar bat ere ez dadin atzean gelditu, eta egoera ekonomikoa ez dadin muga izan eskolak jarraitu eta aurrera egiteko” adierazi du Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak.

HHtik Batxilergoa arteko lau ikastetxeetako 25 familiari jarri die udalak Internetera sartzeko SIMa, alarma egoerak irauten duen bitartean izan dezaten. Gailu teknologikoen gabeziei, berriz, ikastetxeen baliabideen bidez erantzun zaie. Eskoletako zuzendarien hitzetan, “ezinbestekoa” izan da, udalarekin elkarlanean, familia guztiei Internetarako sarbidea bermatzea.

Ikasketekin jarraitzeko gabeziak dituztenek beren ikastetxeko zuzendariarekin jar daitezke harremanetan arazoari aurre egiteko. SIM txartelak IZARKOM telekomunikazio kooperatibaren ekimenari esker erosi ditu udalak. Kooperatiba horrek, krisi egoeraren aurrean, ikasleen behar zehatzei erantzuteko SIM txartel bereziak jarri ditu eskuragarri.

Eskolak, egoerara egokitzen
Egoera berrira azkar egokitu behar izan dute ikastetxeek, eta IKTetan azken urteetan aurrerapen asko eginak badituzte ere, denentzat izan da berria bat-batean ezarritako ikas metodologia: “Hasieran, ikasle guztiekin erlazio egokia bermatzeko baliabideak, egitura eta dinamikak antolatzea izan zen gure lehentasuna. Momentu honetan, berriz ikasleen jarraipena eta ikasturtearen bukaera antolatzea da”, adierazi du Arantxa Bidezabal Azpeitiko Ikastola Ikasberriko zuzendariak. Urola Ikastola BHI ikastetxean, azken urteetan IKTeetan emandako aurrerapausoak medio, egoera berrira moldatzea ez zaie hain zaila egin, Miren Zubizarreta zuzendariaren arabera, “digitalizazioa ikasteko metodologian egunerokotasunean” txertatuta dutelako. Iraurgi Ikastetetxean ere badira urte batzuk teknologia berrietan “trebatzen, inbertitzen eta egunerokatasun pedagogikoan txertatzen” ari direla, “XXI. mendean teknologiak oztopoak gainditzeko balioko zuela sinetsita”, Aitor Cordobaren arabera. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, hasieran, telematikoki zein paperean hasi ziren lanean. “Hasiera batean, etxekolan proposamenak bidali genizkien ikasleei, bai telematikoki, baita paper formatuan ere, errealitate desberdin ugari baiditugu kudeatzeko. Orain, telematikoki jarraitzen dugu lanean”, gaineratu du Camino Saiz zuzendariak.

Egoera emozionala eta ziurgabetasuna
Zuzendari guztiek kezka berezia dute ikasturte bukaeraren ziurgabetasunak eta etxean irten gabe egoteak ikasleengan sor ditzakeen egoera emozionalez. Horregatik, ikasleak zein familiak nola dauden jakiteko ahalegin berezia egiten ari direla azpimarratzen dute: “Ikasturte bukaerari buruzko ziurgabetasuna da gehien kezkatzen gaituena. Hezkuntza arduradunengandik epe eta mezu garbiak izan nahi genituzke ikasturte bukaera ikasleentzat ahalik eta eraginkorren eta egokien antolatu ahal izateko”, azpimarratu du Bidezabalek. Egoera “berezi” honetan “garrantzitsua” da alde akademikoa, baita familien ongizatea ere, Zubizarretaren arabera. Cordobak, berriz, teknologia berrien leihotxoaren garrantzia arlo honetan ere nabarmendu du: “Teknologia berrien erabilera garrantzitsua izaten ari da ikasleekin aurrez aurre hitz egiteko eta hitzez adierazi ezin diguten hori begiradan antzemateko”.

Egoera ez-ohiko honetan eta kezkak kezka aukerak ere ikusten ditu Saizek eta “aukera bikaina dugu ikasteko eta hobetzeko”, azpimarratu du.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information