wrapper

Oharrak

Martxoaren hasieran koronabirusa hedatzen hasi zenetik, babes materiala behar izan dute anbulatorioan, San Martin egoitzan, farmazietan eta dendetan. Orain artean, udalak banatu du materiala Glual Group, Biele Group, Sarralle Group, Bizi fisioterapia, Urbitarteko bazar txinatarra, Cortebi enpresak eta Izarraitz Lanbide Heziketari esker. Nagore Alkorta alkateak herriko entitateen “eskuzabaltasuna” eskertu du; Manolo Aizbitarte San Martin egoitzako zuzendariak eta Ana Errazti anbulatorioko buruak material hori "ezinbestekoa" izan dela adierazi dute. 

COVID-19 gaixotasunak eragindako egoera tarteko, martxoaren hasieratik daude abian gaitzaren zabalkundeari aurre egiteko prebentzio neurriak. Neurrien artean, garrantzia handia izan du babes materialaren erabilerak. Azken egun hauetan hasi da pixkanaka babes materiala iristen, baina orain artean, udaletik bideratu da. Maskarilak eta pantailak eta eskularruak banatu dira, eta herriko hainbat dendak eta enpresak lagundu dute horiek sortzen eta zabaltzen.

Nagore Alkorta alkatearen arabera, material eskasia zutela adierazi zioten udalari anbulatorioak, San Martin egoitzak eta hainbat farmaziak. Merkatuan materiala erosteko arazo nabarmenak zirela-eta, herriko enpresa eta dendetara jo zuten: “Erantzuna benetan eskertzekoa izan da. Dendariei eta enpresei esker osasun etxeari, San Martin egoitzari, botikei eta irekita dauden denda txikiei babes neurriak banatu zaizkielako. Elkartasun horri esker profesionalen babesa bermatu ahal izan da".

Maskarilak eman zituzten Glual Group, Biele Group, Sarralle Group, Bizi fisioterapiak eta urbitarteko bazar txinatarrak; Cortebi enpresak eta Izarraitz Lanbide Heziketak aurpegiko pantaila babesgarriak egin dituzte, eta horiek lotzeko sokak eta buzoak jaso dira Sein Etxeberria group enpresatik.

Manolo Aizbitarte San Martin egoitzako zuzendariak lankidetza hori txalotu du: “Orain hasi gara Osakidetzatik eta materiala jasotzen, baina ia oraintsu arte udalaren bidez enpresek-eta emandako materiala bakarrik izan dugu babesteko”. Hasieran, “oso kezkatuta” ibili zirela nabarmendu du: “Informazio falta eta ezjakintasuna handia zen, ez genekien hartzen genituen neurriak onerako ziren edo ez, eta material faltak ere urduritasuna sortzen zigun”. Udalarekin eta alkatearekin egunero hitz egiten dutela esan du: “Oso eskertuta nago udalari, enpresei, dendei eta egoitzako langileei”, gaineratu du.

Ana Errazti anbulatorioko buruak ere, osasun etxeko profesional guztien izenean "laguntza oso garrantzitsua" izan zela beren egunerorako nabarmendu du. Orain lasaiago badaude ere, aste "zailak" izan dira osasun langileentzat: "Materiak gutxi izan dugu eta irizpideen aldaketak ere gure egunekoan eragin izan du. Baina herriko enpresak eta dendak gutaz arduratu eta material hori jasotzeak gure animoan ere eragin positibo nabarmena izan du". Datuak eta Azpeitiko egoera aldeko, orain lasaiago daude: "Azpeitian positibo gutxi daude, San Martinen ere ondo daude eta materiala, juxtukoa bada ere, iristen hasi zaigu". Egoera txarrena pasatu delakoan dago. 

 

Osasungintzako eta zaintzako langileei eskertza
Garai zail hauetan, Alkortak osasun eta zaintzako langileei ere eguneroko lana eskertu nahi izan die: “Ez daukate hitzik une zail hauetan herritar zaurgarrienekin zein osasun arazoak dituztenekin egiten duzuen lanak eta eskaintzen diezuen babesak. Pandemia honek inoiz baino gehiago zuen lanaren garrantzia azaleratzeko balio izan du. Eskerrik asko, gure osasuna eta gure adinekoak zaintzeagatik”.

 

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information