wrapper

Oharrak

Egoera berezi honetan herritarron egoera asko aldatu da azken egun eta asteotan. Herritar guztiok jakiak izan ditzagun bermatzeko, apirilaren erdi aldera Janari Bankuaren banaketa gehigarri bat egitea erabaki du Udalak. Elikagaiak behar dituztenek aurrez 943 15 71 92 edo 943 54 79 83 telefonoetara deituta jakinarazi beharko dute.

 Bi hilean behin egin ohi da Azpeitian oinarrizko elikagaien banaketa Janari Bankuaren bidez. Azken banaketa martxoan egin zen, baina azken asteotako egoera berezia dela eta, Azpeitiko Udalak banaketa gehigarri bat egitea adostu du Janari Bankuarekin apirilean. Izan ere, konfinamenduaren ondorioz, etxean jaki gehiago kontsumitzen dira eta etxe askotan diru sarrerak murrizteak familien egoera okertzea ekarri du, egoera honetan premia berriei erantzuteko hartutako neurrietako bat da elikagaien banaketa gehigarria egitea.

“Martxoan egin zen azken banaketa, baina ordutik herritarron errealitatea aldatuz doa, eta herritarren bizi kalitatea okertzen ari da, kasu askotan”, adierazi du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. Hala, azken banaketan 246 familiak jaso zituztela oinarrizko elikagaiak zehaztu du. Gaur egun, familia horiez gain beste hainbat familiaren beharrak ere detektatuta dituztela azpimarratu du: “Hiru asteko konfinamenduak familia askoren ekonomian eragin du, eta egoera berriari aurre egiteko herritarrei baliabideak eskaintze horretan adostu dugu banaketa gehigarri bat egitea”, gaineratu du.

Hala, orain artean Janari Bankuko erabiltzaile direnek zein erabiltzaile berriek izango dute deialdi honetan elikagaiak eskuratzeko aukera. Lana erraztu eta modu koordinatuan egiteko, janaria behar dutenek Gizarte Zerbitzuekin jarri beharko dute harremanetan 943 81 71 92 edo 943 54 79 83 telefonoetara deituta. Lan egunetan, 08:00etatik 20:00etara eta jai egunetan, igandean izan ezik, 10:00etatik 13:00etara bitartean izango da arreta zerbitzua. Banaketa apirilaren erdi aldera egingo da, eta telefonoz adieraziko zaie erabiltzaileei nola eta noiz egingo zaion bakoitzari banaketa, prebentzio neurri guztiekin eta modu koordinatu batean egiteko.

 

Zer da Janari Bankua?

Bi hitzetan esateko, janaria bildu eta janari horren beharrean daudenen artean banatzen du Janari Bankuak.

Elikagai horiek eskuratzeko hiru bide erabiltzen ditu Gipuzkoako Elikagai Bankuak: Europar Batasunetik bideratzen duten janaria; supermerkatu edo norbanakoek egiten dituzten dohaintzak eta ‘azken minutua’ deiturikoa. Bildu ostean, sailkatu eta herrietara bideratzen dute janaria, behar larrian daudenei banatzeko.

Guzti hau herritar boluntario sare baten bidez egiten dute. Azpeitian, adibidez zortzi laguneko boluntario sarearen bidez egin ohi da bi hilabeterako banaketa. Eskertzekoa da gehien behar duten herritarrengatik egiten duten lan guztia.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information