wrapper

Oharrak

Alarma egoera ezarri zenetik, zaurgarrienak izan daitezkeen herritarren egoera ezagutzeko 2.000 dei baino gehiago egin dira, eta 200 pertsona ingururi ari da udala zerbitzuak eskaintzen. Lan hori egiteko, udalaren deiari erantzunez 136 boluntariorekin osatutako elkartasun sarearen lana ezinbestekoa izan da.

COVID-19 pandemiak sortutako ezohiko egoerari aurre egiteko, azken bi asteotan, Azpeitiko 2.000 familia baino gehiagori deitu zaie, informazioa eta laguntza eskaintzeko. 70 urtetik gorako pertsonei, menpekotasunen bat dutenei eta atzerrian jaiotako herritarrei deitu zaie, udalaren eta boluntario sarearen artean. Behin deiak eginda, lehenaz gain, behar berriak identifikatu dira, eta 200 herritar ingururi ari da udala mota bateko zein besteko zerbitzuak eskaintzen: etxez etxeko laguntzen jarraipena, erosketak egitea, hondakinak ateratzea edota sostengu psikologikoa ematea.


Boluntario sarearekin batera eginiko deien bidez, batetik, 70 urtetik gorako herritarrei deitu zaie, zer moduz dauden galdetzeko eta zer behar dituzten ezagutzeko. Ondorio bezala, ikusi da Azpeitiko adineko pertsonak babestuta sentitzen direla, eta familien sostengua dutela, oro har. Halere, badira laguntza eskatu duten herritarrak, eta horiei jarraipena egingo zaie berrogeialdiak irauten duen bitartean. Bestalde, atzerrian jaiotako 437 herritarren etxeetara deitu da, boluntario sarean sortutako ideiari esker. Dei horien helburua izan da ezohiko egoeraren eta arauen berri ematea eta informazioa herritar guztiengana iristea.

Nagore Alkortaren Azpeitiko alkatearen arabera, ezohiko egoera honek herritarren beharrak areagotu eta berriak sortu ditu: “Boluntarioen bidez, identifikatu ditugu hainbat behar, psikologikoak, sozialak eta ekonomikoak; horiei erantzun eraginkor bat emateko hainbat neurri hartu ditugu, eta horiek osatzeko lanean jarraitzen dugu”.


Udala aipatutako talde horietako herritar guztiekin harremanetan jartzen saiatu da, baina hainbat arrazoi medio (telefono zenbakia falta, gaizki egotea edo okerrekoa izatea...), ez du guztiekin hitz egiterik lortu. Hori dela eta, pertsona horiei adierazi nahi zaie udal gizarte zerbitzuetako telefonoak zabalik dituztela, eta edozer kezka edo beharrekin, zenbaki hauetara dei dezaketela: 943-15 71 92 eta 943-54 79 83. Horrez gain, egunean 24 orduko zerbitzua dago udaltzaingoaren 943-15 13 13 telefono zenbakian.

Ohiko gizarte zerbitzuak indartu eta berriak sortu
Aurrez aipatutakoez gain, udalak eskaintzen dituen zerbitzuak indartu dira, eta beste zerbitzu batzuk ematen hasi da, ezohiko egoerara egokitzeko. Hori horrela, menpekotasuna duten beste 400 herritar baino gehiagori deitu zaie. Bestalde, eguneko zentroko erabiltzaileei etxean eskaintzen zaie asistentzia; eguneko unitatean ibiltzen diren 25 herritarrei egunero telefonoz deitzen zaie; eta etxez etxeko laguntza 95 herritarri ematen zaie.


Ildo berean, Koronabirusaren prebentziorako beharrezkoak diren materialak lortu eta banatzen ari da udala, herriko hainbat denda eta enpresari esker. Material hori banatu da San Martin egoitzan, anbulatorioan, konbentuetako zaharren egoitzetan, farmazietan eta janari saltoki txikietan.

Elkartasun sarea
Azken bi asteotako egoeraren harira herrian sortutako elkartasun erantzuna nabarmendu nahi izan du Alkortak: “Behar askori udaletik erantzuten ari garen arren, beste hainbati erantzuteko boluntarioen, merkatarien, enpresen... lankidetza beharrezkoa izan da. Eredugarria da Azpeitian antolatu den laguntza sarea”.


Gaur egun, 136 laguneko boluntario sarea dago osatuta, eta oraindik herritarrek izena ematen jarraitzen dute. Alkateak herritar guztien konpromisoa eskertu du konfinamendu arauak erantzukizunez betetzen ari direlako; eta, batik bat, boluntarioen “prestutasuna” nabarmendu du: “Badakit boluntario askok beraien eguneroko lana, zaintza lanak eta abar uztartu dituztela boluntario lanak egiteko. Benetan eskerrak eman nahi dizkiet ahalegin horregatik eta beraien denbora herrikideei eskaintzeagatik”. Horrez gain, udaleko langileen lana ere nabarmendu du, herritar guztiei erantzuteko egiten ari diren ahaleginagatik.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information