wrapper

Azken egunotan, osasun publikoa, eta batez ere, adinekoen eta patologia desberdinak dituzten herritarren osasuna eta egoera pertsonala dira lehentasun eta kezka nagusi Azpeitiko Udalean. Bide horretan, neurri desberdinak hartzen ari da Udala: “Adinekoen eguneroko beharrei erantzutea eta etxean egoteak sor dezakeen bakardade eta ezinegonak kezkatzen gaitu gehien, eta horiek arintzeko neurriak hartzen jarraitzen dugu”, adierazi du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako Batzordeburuak.

Adinekoen artean, menpekotasuna duten eta zerbitzu publikoen erabiltzaileen inguruan hartu zituzten lehen neurriak. Prebentzio neurri gisa, eguneko zentroa eta eguneko unitatea itxita daude pasa den astetik, baina kasuz kasuzko azterketa egin eta etxean asistentzia eskaintzen ari da Udala, prebentzio neurri guztiak hartuta.

70 urtetik gorakoei deika

Larunbatetik, adineko eta patologia desberdinak dituzten herritarrek bi telefono (943 15 71 92 eta 943 54 79 83) eta Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo. helbideak beren beharrei erantzuteko dituzte. Hala, eguneroko beharrei erantzuteko laguntza behar dutenei (erosketak egin, botikararen baten beharra…) udal baliabide eta boluntarioen bidez eskaini zaie laguntza. Horretaz gain, bakardadeak sortzen duen ezinegona duten pertsonek ere asistentzia eta laguntza profesionala jasotzeko aukera izango dute.

Adinekoak hasi dira beren beharren berri ematen eta momentuz, udal baliabideen bidez hasi dira beharrei erantzuten. Hala ere, pauso bat gehiago eman eta 70 urtetik gorako 2.528 herritarrei telefonoz deitzen hasiko dira. Hori udal baliabideek boluntario sarearekin elkarlanean egingo dute. Telefono dei horien bidez herritarrei beren egoeraren eta dituzten beharren inguruan geldetuko zaie: “Herritarrak etxean ondo egotea nahi dugu, bakarrik badaude ere atendituta egotea da gure helburua. Ez dugu inor bakarrik sentitzerik nahi, eta horien guztiekin ahalik eta epe motzenean harremanetan jartzea nahi dugu”, zehaztu du Goenagak.

Dei horiek egindakoan, herritarren egoera zein den hobeto ezagutuko du Udalak, eta behar berriak detektatzen badira horiek erantzuteko neurriak eta baliabideak jarriko ditu.

“Herritarrak eskertu nahi ditut, orokorrean, arduraz eta zentzuz jokatzen ari direlako. Boluntario sarea osatzeko prest diren herritarrak ere eskertu eta zoriondu nahi ditut, erakutsitako prestutasunagatik”, bukatu du.

Kasurik ez Azpeitian

Osasun Sailak Azpeitiko Udalari adierazi dionez, Azpeitian ez dago momentuz Koronabirusaren kasu konfirmaturik. Hala ere horrek ez du esan nahi arriskutik kanpo dagoenik herria. Beraz, Azpeitiko Udalak orain artean erakutsi bezala, arduraz jokatzeko deia egiten die herritarrei.