wrapper

Oharrak

Munduko Osasun Erakundeak Covid 19a edo Koronabirusa birus bat izatetik pandemia izatera pasatu dela jakinarazi du duela ordu gutxi. Euskal Herrira ere iritsi da gaixotasuna, eta hainbat txokotan kasuak zabaltzen ari dira: “Gaixotasunaren zabaltzea zoritxarrez etengabea da. Gaur gaurkoz, Osakidetzak jakinarazi digunez ez dago kasurik ez Azpeitian eta ezta eskualdean ere. Hala ere, gaixotasuna etorri arte zain izan gabe, arduraz jokatu eta neurriak hartzeari ekin genion astearen hasieran”, adierazi du Nagore Alkorta alkateak. Osakidetzarekin harreman zuzena du Azpeitiko Udalak, egoeraren jarraipena egiteko.

Gaixotasunari aurre egiteko irizpideak ezarri dituzte Osasun Sailak eta Osakidetzak eta horiek modurik “eraginkor eta antolatuenenean” ezartzea da Udalaren helburua. Prebentzioan eragitea dagokio Udalari: “Garrantzitsua da unean uneko egoera ezagutu eta neurri zorrotzak hartzea. Ez da neurriak dudan jartzen hasteko momentua. Herritarrak babesteko neurri ahalik eta eraginkorrenak hartzeko unea da. Hori guztia, nola ez Osakidetzarekin elkarlanean egingo dugu”, gaineratu du.

Batez ere adineko pertsonak eta aurretik gaixotasun edo patologia dutenak babestea da helburu nagusia Alkortarentzat: “Adinekoak eta gaixo kroniko zein hainbat patologia dituzten herritarren zaintzaz arduratzeko momentua dela uste dugu. Horiek dira egoera honen aurrean ahulenak, eta horiek babesteko izango dira neurri zorrotzenak”, azpimarratu du.

Hala, eragile edo entitate ugariri egokituko zaie egun hauetan erabakiak hartzea: “Garrantzitsua da bakoitzak bere aldetik neurriak hartzea baina eraginkorragoa izango da denok batera aritzen bagara”, zehaztu du.

Egoera honen aurrean asko izan dira azken egun hauetan Udalera jo duten entitate eta taldeak. Hori dela eta, Osakidetzarekin koordinatuta, bilera egingo du Udalak bihar bertan; informazioa eskaini, dudak argitu eta jarraibideak azaltzeko.

Bileran, prebentzio neurrien berri emango zaie parte hartzaileei eta eragileek dituzten zalantzak argitzeko tartea ere izango da.

 

Norbera babesteko neurriak
Adituen esanetan, Koronabirus gaixotasunetik babesteko norberak neurri zehatz eta errazak hartu ditzake. Honako lau gomendio erraz hauek egiten dituzte Osakidetzatik:

1. Eskuak sarritan garbitu
2. Eztul egitean estali ahoa eta sudurra ukondoarekin edo erabili eta botatzeko zapi batekin
3. Gainak garbitu
4. Sintomak (sukarra, arnas sintomak) dituzten pertsonek ez dute izan behar adinekoekin edo gaixotasun kronikoak dituztenekin; eta leku publiko eta jendetsuetara ez dute joan behar

 

Herrian hartutako neurriak

Azpeitian, Koronabirusari erantzuteko neurriak hartzen ari da Udala. Hala, udal eraikinetan Koronabirusa ekiditeko jarraitu beharreko neurrien kartelak eta eskuak garbitzeko desinfektatzaileak jartzen ari da eta ahal den ate guztiak irekita daude; herritarrek ukitu beharrik ez izateko.

“Adineko pertsonak dira sektore ahulena gaixotasun honen aurrean, eta adineko pertsonen zerbitzuen inguruan neurri zorrotzak hartu ditugu, arrisku-espazioak murrizteko” azaldu du. Hala, gaurtik itxita izango dira kaleko zein Sanjuandegiko Baigera elkarteak, Urrestilako jubilatuen elkartea eta eguneko unitatea; adineko pertsonei bideratutako ekintza guztiak ere ez dira egingo. Horretaz gain, adineko San Martin egoitzan, eguneko zentroan eta etxez etxeko zerbitzuan protokolo zorrotz eta bereziak ezarrita daude.

Momentuko erabakiak horiek badira ere, Udala arlo desberdinetako eragileekin elkarlanean beste hainbat neurri ere aztertzen ari da; egoerak eskatzen badu indarrean jartzeko.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea Informazio gehiagorako Cookien politika.

Webgune honetako Cookien politika onartzen dut

EU Cookie Directive Plugin Information